}

Zergatik dira esateko hain zailak aho-korapiloak?

2013/02/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zergatik-dira-esateko-hain-zailak-aho-korapiloak
Arg. Elhuyar Fundazioa.

Hitz egitean parte hartzen duten ahoko eta garuneko eremuak aztertzeko ikerketa batean, ikertzaileek ikusi dute zergatik trabatzen garen hain erraz aho-korapiloak esatean. Ikerketa Kaliforniako Unibertsitatean egin dute, eta Nature aldizkarian argitaratu dute.

Berez, azterketa nahiko mugatua izan da, hiru pertsona bakarrik aztertu baitituzte, hirurak epileptikoak. Izan ere, ebakuntza-aurreko ohiko saio baten barruan egin zuten esperimentua. Baina ondorioak esanguratsuak direla eta orokortu daitezkeela esan dute ikertzaileek.

Hain zuzen, ikertzaileek garunaren jarduera neurtu dute, zehaztasun handiz (milimetrotan eta milisegundotan), eta horren bidez ikusi dute zer eremu aktibatzen diren soinu-motaren arabera. Esaterako, konturatu dira garunaren eredua asko aldatzen dela kontsonanteak ala bokalak esan.

Ikertzaileen ustez, horrek azal dezake zergatik trabatzen garen batzuetan eta ez beste batzuetan. Nonbait, ohikoa da bi kontsonante lekuz aldatzea edo trukatzea, antzeko eredua baitute (boat tag esatea tote bag esan beharrean). Aldiz, oso zaila da gauza bera gertatzea bokal baten eta kontsonante baten artean.

Horrez gain, frogatu dute garunak ez dituela mugimenduak fonemen arabera koordinatzen, baizik eta mugitzen diren muskuluen arabera. Hala, hiru kontsonante-kategoria bereizi dituzte: mihiaren puntako soinuak (sa), mihiaren atzealdekoak (ga), eta ezpainetakoak (ma). Bokalak, berriz, bi taldetan banatu dituzte: ezpainak biribiltzea eskatzen dutenak eta besteak (o eta a, hurrenez hurren).

Hori aintzat hartuta, badirudi hor dagoela aho-korapiloen muina: soinu-mota beraren ereduak gainjarri egiten dira garunean, eta, beraz, erraz nahasten dira. Adibidez, s eta sh mihiaren puntako soinutzat jotzen ditu garunak, eta horregatik du soinu horiek nahasteko joera Sally sells seashells bezalako aho-korapiloetan.

Ikertzaileen iritziz, egin duten lana interesgarria da hizketarekin erlazionatutako kontrol motorraren ikerketan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia