}

Zergatik bihurtzen da arrosa egostean?

2002/07/30 Elhuyar Zientzia


Egostean, miserak bere kolore urdinxka galdu eta arrosa-kolorekoa bihurtzen da. Orain, Britainia Handiko ikertzaileek kolore-aldaketa horren gakoa zein den jakin dute. Nonbait, miserak krustazianina izeneko proteina bati zor dio kolore urdinxka. Bide batez, kolore horri esker oso ondo ezkutatzen da itsas hondoko arroken artean eta, beraz, bere etsaientzako ia ikusezin bihurtzen da.


Molekula urdinxka horren zati batek itxura aldatzeko gaitasuna du, berari lotutako beste molekula baten forma emateko. Beste molekula horrek astaxantina izena du eta laranja-kolorekoa da. Krustazianinari lotuta dagoenean, ordea, aldatu egiten zaio argia xurgatzeko duen propietatea, eta urdina bihurtzen da. Egosketan, berriz, krustazianina molekula hautsi egiten da, eta astaxantinak berezko kolore laranja hartzen du.


Ikertzaileen arabera, kolorez aldatzen den molekula hori, antioxidatzaile aparta izateaz gain, koloratzaile interesgarria izan daiteke elikagai-industriarentzat. Bestalde, gaixotasun batzuen aurka ere erabil daitekeela uste dute, esaterako, minbiziaren aurka. Azkenik, sendagaiak emateko ere baliagarria izan omen daiteke, uretan disolbatzen ez diren sendagaiak han disolba daitezkeelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia