}

Zerekin garbitzen zara egunero?

2002/08/18 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Historia bezain industria zabala du goizero eskutan hartzen dugun xaboi-pastillak, baina bere eginbeharra, betidanik, propietate berari zor dio. Oharkabean, edo behintzat pentsatu gabe, erabiltzen den produktu horietako bat da xaboia, baina azalarentzat ere hain oharkabean pasatzen al da?

Garai batean ‘Chimbo’ edo ‘Marseillako xaboia’ besterik ez zen ezagutzen. Gorputza, arropak, ilea, platerak… guztia garbitzeko xaboi bera erabiltzen zen. Gaur egun, egitura, kolore eta usain guztietakoak daude, baina oinarria bera dute; gantz azidoa (animaliena edo begetala) eta substantzia alkalino bat (ez azidoa). Xaboi bat bestetik desberdintzen duten produktu gehigarriak perfumea, antiseptikoak, olioak, etab. dira.

Xaboiaren historia

Xaboiaren erabilera antzinatik dator. Egipton, Grezian eta Erroman xaboia animalien gantzekin, eta usain gozoko landareen errautsekin ekoizten omen zen. Xaboia egiteko teknikek oso poliki eboluzionatu zutela uste da. Lehen aldaketetako bat animalien gantza gantz begetalarekin eta oliba-olioarekin ordezkatzea izan zen.

Gaur egun egitura askotako xaboi-pastillak dauden arren, oinarri bera dute.

XII. mendean, xaboia egitea oso ohikoa zen Espainia eta Italia aldean, oso erraz eskuratzen baitzituzten lehengaiak. Hain zuzen ere, Italiako Savone herria ei da gaur egun ezagutzen dugun xaboiaren jatorria.

Frantzian, mende bat geroago hasi ziren xaboia ekoizten. Lehen fabrika Toulon hirian eraiki zuten eta, lortutako arrakasta ikusirik, xaboiaren industria ikaragarri hedatu zen Marseillan. XVIII eta XIX. mendeetan kimikari frantsesek egindako ekarpenekin, xaboiaren egitura ulertu eta fabrikazioa hobetzeko teknikak etorriko ziren.

Gaur egun industria zabala duen produktua da xaboia (urtean sei milioi tona baino gehiago ekoizten da), baina oinarrian xaboi batetik besterako aldea ez da handia. Egitura malguaren eta gogorraren arteko diferentzia, esaterako, xaboia egiteko erabiltzen den alkalinoa da. Xaboi likidoak, berriz, petrolioaren deribatuetan oinarritzen dira eta xaboi transparenteei glizerina edo alkohola gehitzen zaie. Azkenik, xaboi-hautsa, deshidratatu ondoren errauts bihurtutakoa xaboia besterik ez da.

Betiko funtzioa, betiko egitura

Goizero eskutan hartzen dugun xaboi-pastillak historia zabala du.

Xaboiak bere egitura bereziari zor dio garbitzeko gaitasuna. Uraren eta zikinkeriaren arteko zubia dela esan daiteke. Izan ere, xaboiaren molekulek bi mutur dituzte: bata zikinkeria osatzen duten gantzei lotzen zaie eta bestea urari. Berez, gantzak uretan disolba ezin daitezkeenez, xaboiaren laguntzaz lortzen da zikinkeria kentzea.

Ongi garbitzeko, xaboia igurtzi eta aparra sortu behar da. Baina zer gertatzen da aparrik sortzen ez denean? Itsasoko urarekin, kasu? Horrelakoetan, errua ez da xaboiarena eta alferrik da xaboi piloa botatzea. Izan ere, errua urarena da. Hain zuzen ere, mineral asko duen urarekin xaboiak hauspeakinak sortu eta ez du aparrik sortzen. Ur horri ur ‘gogorra’ deitzen zaio eta kaltzio- eta magnesio-mineralak izaten ditu, batik bat. Alderantziz, etxeko ura oso mineral gutxikoa bada, aparra oso erraz lortuko da.

Xaboiaren garbitzeko eraginkortasuna irizpide batzuen arabera neurtzen da; besteak beste, zelula hilak, zikinkeria, usain txarren eragile diren bakterioak eta gehiegizko sebum-a kentzeko gaitasuna hartzen da kontuan. Kontu eman, xaboiak apar asko sortzeak ez baitu nahitaez ongi garbitzen duela esan nahi.

Zein xaboi aukeratu?

Esan bezala, xaboien oinarrizko egitura bera bada ere, dendetako apaletara begiratu besterik ez dago, hainbeste kolore, egitura eta usain desberdinetako xaboien artean galdu eta xaboia garbitzeko dela ahazteko. Zeren, garbitu, guztiek garbitzen dute.

Hala ere, azken urteetan, xaboia azalarentzat txarra dela dioen ideia zabaltzen ari da. Ideia hori xaboien pH alkalinoan oinarritzen da. Izan ere, xaboien batez besteko pHa 10 ingurukoa dela kalkulatzen da eta azalarena, berriz, azidoagoa da, 5,5 ingurukoa.

pHaren diferentzia horiek ikusirik, normala da xaboiak azala lehortzen duela pentsatzea (nik neuk ez nuke pH 10 duen soluzio batean behatza sartuko) eta ideia horretan oinarriturik, pH baxuko xaboiak iragartzen dira. Alta, urteak eta urteak daramatzagu xaboia erabiltzen, baina oraindik xaboiak badu misteriorik! Hala ere, egia da xaboiak zenbat eta pH altuagoa izan, orduan eta gehiago garbitzeaz gain, azala ere gehiago lehortuko duela.

Xaboiak zenbat eta pH altuagoa izan, orduan eta gehiago garbitzen eta lehortzen du.

Ondorioz, gaur egun, petroliotik eratorritako produktu garbitzaileak saltzen dira eta xaboi naturaletik bereizteko, detergente deitzen zaie. Baina ez pentsa produktu berria garatzeko arrazoia azalari egin diezaiokeen kaltea denik, ezta gutxiago ere! Garapen hori, beste hainbat bezala, gerrak sortutako ondorio zuzena da. Hain zuzen ere, Lehen Mundu Gerran zegoen goseteagatik, ez zegoen xaboiak ekoizteko behar adina gantz eta alemanak xaboia ordezkatuko zuen produktuaren bila hasi ziren. Baita lortu ere! Gerra amaitzearekin, produktua hobetzeari utzi egin zioten, eta Bigarren Mundu Gerra arte itxaron behar izan zen produktua perfekzionatzeko. Erreleboa amerikarrek hartu zuten, detergenteak ur gogorrarekin ere, itsasoko urarekin adibidez, aparra ateratzen baitu. Propietate horri esker, produktu aproposa zen marinako soldaduentzat.

Bestalde, xaboien erabilera anitzarekin lotuta, bada bestelako kezkarik ere. Azken urte hauetan, gaixotasun infekzioso berrien inguruko ikerketak egin dira, eta bakterioak hil beharrean, aurkako efektua gertatzen ari dela nabarmendu da. Hau da, xaboi gehiegi erabiltzeagatik, infekzioak eragiten dituzten gero eta gai gehiago azaltzen ari dira. Horrelakorik gerta ez dadin, egoera arruntean ohiko desinfektatzaileak (xaboia eta eskuila) nahikoak direla eta produktu gogorragoak egoera kritikoetan soilik erabili beharko liratekeela diote adituek.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia