Eider Nuñez Viadero Biofisikaria

“Zerbait zoroa edo oso ausarta ikertu nahiko nuke, baina finantziazioak baldintzatzen du”

2025/09/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zerbait-zoroa-edo-oso-ausarta-ikertu-nahiko-nuke-b
Eider Nuñez Viadero, laborategian. Arg. Biofisika Institutua

Eider Nuñez Viaderok argi azaldu du zergatik erabaki zuen biologia ikastea: “DBHn eta batxilergoan biologiako oso irakasle onak izan nituen, eta haiengandik jaso nuen zaletasuna”. Orain ikertzailea da, baina, garai hartan, ez omen zuen horretarako asmorik: “Igual gehiago ikusten nuen nire burua enpresa. Baina, azkenean, hemen nago, eta pozik”.

Horra iristeko, ez dio jarraitu lerro zuzenari; aitzitik, aukerak sortu ahala joan da marrazten bere ibilbidea. Hala, biologiako karreran, mikrobiologia eta biokimika aukeratu zituen hautazkoen artean, baina, karrera amaitutakoan, ekologian sartu zen, eta Eskoziara joateko aukera sortu zitzaion. Han, animalien fisiologiara igaro zen, eta tesia egiteko aukera eman zioten. “Horretarako, masterra egin behar nuen”, zehaztu du.

Baina berriro heldu zion parean azaldu zitzaion aukerari: “Garai hartan, bazeuden beka batzuk hemengo enpresa edo ikerkuntza zentro batetan praktika batzuk egiteko”, kontatu du. “Eta orduan arloz aldatu nintzen guztiz, eta joan nintzen laborategira. Badakizu hiru biologo mota daudela: bataduna, botaduna eta korbataduna. Ba, ni, botaduna izatetik, bataduna izatera igaro nintzen”.

Hain zuzen, epigenetikako laborategi batera joan zen lan egitera. “DNA, PCR eta horrelakoekin aritu nintzen, eta, esan nuen: bai, tesia egin nahi dut, gustatu egiten zait. Orduan, biomedikuntzako masterra egin nuen, eta izan nuen aukera Finlandiara joateko master-amaierako lana egitera. Biofisikan sartu nintzen, eta gustatu zitzaidan pila bat. Oso lankide jatorrak egokitu zitzaizkidan. Laborategi txikia zen, baina oso pozik ibili nintzen. Eta han nengoela, tesia egiteko hainbat eskaintza jaso nituen. Baina denak ziren proiektu jakinetan ikertzeko; oso itxita zeuden”.

Bat-batean, EHUko Biofisika Institutuko Alvaro Villarroel Muñozen mezua jaso zuen, eta hark askatasun osoa eman zion proiektua aukeratzeko. “Epilepsia ikertzen zebilen. Eta justu nire familian badaude epilepsia-kasu batzuk. Gero konturatu nintzen guztiz ezberdina zela; baina, une hartan atentzioa eman zidan”. Horrenbestez, harekin egin zuen tesia, epilepsiaren alderdi molekularra ikertzen. Zehazki, epilepsiaren prozesuan zerikusi zuzena duten potasio-kanal batzuk ikertzen dituzte, haien funtzionamendua eta akatsak sakon ulertzeko, agian etorkizunean tratamendu farmakologikoren bat garatu halako delakoan, haietan eraginda.

Doktoretza-ondorengoa Marseillan (Frantzia) egin zuen. Eta, berriro, aldaketa: “Joan nintzen beste gauza guztiz ezberdin bat egitera, eta orain itzuli naiz Marseillatik. Han ikasi nuenarekin eta hemen egin nuenarekin zerbait komunean bilatzen nabil”, aurreratu du.

Azaldu duenez, abiadura handiko indar atomikoko mikroskopioarekin aritu zen Marseillan. “Orain ipiniko dute Donostian, baina nik ezagutu nuenean, 2018an, lau bakarrik zeuden mundu osoan. Oso ahaltsua da. Izan ere, argazkiak egin beharrean, bideoak ateratzen ditu. Hortaz, prozesua ikus dezakezu. Eta, biologian, bizitzan, oso garrantzitsua da hori, bizitza ez baita estatikoa, dinamikoa baizik. Nik txori baten hegaldiarekin konparatzen dut: argazki batean ikus dezakezu txoria airean, baina ezin duzu jakin nola egiten duen hegan. Horretarako, bideoa behar duzu. Eta berdina gertatzen da zelulekin, proteinekin eta molekulekin”. Horrenbestez, saiatuko da teknika hori aplikatzen Biofisika Institutuan egiten duen ikerketara.

Jakin-mina, dibertsioa eta errealitatea

Horrez gain, Bizilaben ere parte hartzen du. Gazteak ikerketa-proiektuetan eta proiektu teknologikoetan aritzeko ikerketa-zentroen sarea da Bizilabe, eta tailerrek gidari-lanetan aritzen da Nuñez: “Asko gustatzen zait. Izan ere, zientzia superdibertigarria iruditzen zait, baina, batzuetan, laborategian galdu egiten duzu txinparta hori. Gazteekin, berriz, aukera daukazu zientzia modu dibertigarrian bizitzeko, presiorik gabe, eta, gainera, gazteek oso ideia onak izaten dituzte, eta oso aberasgarria da. Ikerketan, presioa halabeharrez hor dago, eta airea hartzeko urtean behin hara joateak eta dibertitzeak burua irekitzen dizu”.

Aurrera begira, baikor ageri da. Ikerketan jarraitu nahiko luke, nahiz eta zenbait alderdiekiko oso kritiko den: “Denborarekin konturatu naiz helburua, ezagutza zabaltzea baino gehiago, argitaratzea dela. Azkenean, gure proiektuak egiteko dirua behar dugu, eta, finantziazioa lortzeko, gure lana ebaluatu behar dute. Eta horretan oinarritzen dira: zenbat argitaratu dugu eta non. Horrek pila bat baldintzatzen du, emaitza azkarrak ematen dituzten ikerketetan aritzera behartuta baitzaude. Baldintzatzen du jakin-mina, zer ikertu… Nik zerbait zoroa edo oso ausarta den zerbait egin nahiko nuke, baina badakit zerbait egingarria izan behar duela. Denok gaude sartuta horretan”, ondorioztatu du.

Eider Nuñez Viadero
Barakaldon jaio zen, 1989an. EHUn Biologia ikasi ostean, Eskozian aritu zen lanean, eta, handik, biomedikuntzako masterra ikasten zegoela Finlandiara joan zen, master amaierako lana egitera. Han zegoela jaso zuen Biofisika Institutuko eskaintza tesia egiteko. Doktoretza-ondorengoa Marseillan egin du, eta duela gutxi itzuli da Biofisika Institutura. Ikertzailea izateaz gain, gazteen gidari-lanetan ere aritzen da, Bizilabe ikerketa-zentroen sareko tailer zientifiko-teknologikoetan.