}

Zer iritzi duzu zientziaz?

2003/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jendeari asko interesatzen zaizkio zientzia-gaiak. Behintzat, hori erantzuten dute gehienek norbaitek galdetuz gero. Baina horrek ez du esan nahi, nonbait, zientziari buruzko edukiak benetan interesatzen zaizkienik, ez behintzat zientzia-gaietan informatuta egoteko adina. Beste ondorio asko atera daitezke Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioak egindako galdeketaren emaitzen harira.

Zientziari buruz gizarteak zer iritzi duen jakitea izan da Fundazio horren asmoa. Eurobarometroak antzeko inkesta bat egin zuen 2001ean, baina orduan Europako Batasuneko estatu guztiak hartu zituzten kontuan, eta gai zientifikoetan jendeak zuen jakintza-maila ere neurtu zuten.

Espainian egindako galdeketan, ordea, zientziari buruzko pertzepzioa besterik ez dute jaso nahi izan. Horretarako, 15 urtetik gorako 3.088 laguni hainbat galdera egin diete. Gainera, autonomia-erkidegoak kontuan hartu dituzte, horien artean alderaketak egin ahal izateko. Beste sailkapen batzuk adin-tartearen, generoaren eta ikasketa-mailaren araberakoak dira, baita Internet erabiltzearen araberakoa ere.

Zientzia interesgarria da, baina...

Espainiako biztanleek zientzia-gaietan duten jakintza-maila apal samarra da. Hala eta guztiz ere, galdetutako gehienek zientzia- eta teknologia-gaiak interesatzen zaizkiela erantzun dute, batez ere, medikuntzarekin eta osasunarekin zerikusia dutenak. Izan ere, 0tik 10era bitarteko eskalan, 7,02 puntu eman dizkiete gai horiei. Ingurumen eta ekologiakoek 6,64 puntu jaso dituzte, eta zientzia eta aurkikuntzakoek 5,72. Gai horiek denak kirolak (5,71) eta bidaiek eta turismoak (5,33) baino puntuazio altuagoa jaso dute. Harrigarria! Baina, egia?

Emakumezkoek gizonezkoek baino hobeto baloratzen dituzte aurrerapen praktikoak.

Jendearen erantzunen eta benetako joeren arteko aldea kontsumoan nabarmentzen da. Izan ere, informazioa jasotzeko gehien erabiltzen duten komunikabidea telebista da, eta gehien ikusten dituzten saioak albistegiak (81,3), filmak (71,1) eta kirolak (44,3) dira. Naturari eta animaliei buruzko dokumentalak atzerago azaltzen dira (39,5), eta are gutxiagok aukeratzen dituzte osasunari (25,1) eta zientzia eta teknologiari (24,2) buruzko saioak. Beraz, galdetutakoan zientzia-gaiak interesgarriak direla erantzuten badute ere, egiaz jendeak nahiago ditu bestelako edukiak telebista ikustean.

Antzekoa gertatzen da irratian eta prentsa idatzian, baina horietan ustezko interesaren eta benetan jasotzen duten informazioaren arteko aldea are handiagoa da. Jendearen % 5,9k besterik ez ditu entzuten zientzia eta teknologiari buruzko saioak, eta % 3,6k bakarrik irakurtzen ditu zientzia-dibulgazioko aldizkariak. Liburuei dagokienez, panoramak zertxobait hobea dirudi, % 8k irakurtzen baititu zientzia-liburuak, baina, hori bai, irakurle horietako batzuk oraindik ikasten ari dira. Gainera, orokorrean, oso gutxik dute liburuak irakurtzeko ohitura: galdetutakoen % 42k aitortzen duenez, ez dute libururik irakurtzen.

Bestalde, Internet erabiltzen dutenen erdiak baino gehiagok uste du euskarri egokia dela zientziari buruzko edukiak topatzeko, eta, gainera, dezenteko sinesgarritasuna ematen diote bertan aurkitutako informazioari. Gainerakoentzat, irratia eta telebista dira zientzia-gaietan informatuta egoteko aukerako komunikabideak.

Aurrerapenaren alde

Fisika, kimika, biologia eta beste hainbat diziplina ekonomia edota gizarte-zientziak baino 'zientifikoagoak' dira askorentzat.

Galdeketan, gaur egungo zenbait asmakari baloratu behar zituzten parte-hartzaileek, hasi hurbilen eta praktikoenetatik (telefonoa edo irratia) eta urrutien eta konplexuetaraino (espazioko teknologia edo ingeniaritza genetikoa). Erantzundakoaren arabera, asmakari onenak osasunarekin eta medikuntzarekin lotutakoak dira, eta baita beren erabilgarritasunagatik eguneroko bizimodua errazten dutenak ere. Gero, garraioarekin lotutako asmakariak datoz, eta horien atzetik komunikazioen eta informazioaren mundua irauli dituztenak.

Aipatzekoa da gizonezkoek, gazteek eta maila sozio-ekonomiko altukoek gainerakoek baino hobeto baloratzen dituztela ordenagailua eta Internet. Gainera, ordenagailuari puntuazio bereziki altua eman diote Murtzian (8,4), Errioxan (8,1) eta Aragoin eta Extremaduran (8). Internet ere batezbestekoaren gainetik puntuatu dute Murtzian (7,9).

Aldiz, emakumezkoek gizonezkoek baino puntu gehiago ematen dizkiete medikuntzarekin eta biologiarekin lotutako asmakariei, hala nola, ingeniaritza genetikoari, organo-transplanteei, antibiotikoei, anestesiari eta pilula antisorgailuari. Adinekoek ere puntuazio altuak ematen dizkiete asmakari horiei. Hala ere, adinaren arabera aldeak antzematen dira: 35-64 urtekoentzat onenak antibiotikoak eta anestesia dira, eta gazteentzat, berriz, pilulak puntuazio altuagoa merezi du. Ingeniaritza genetikoa ere hobeto baloratzen dute gazteek adinekoek baino.

Halaber, emakumezkoek gizonezkoek baino hobeto baloratzen dituzte asmakari praktikoak, eta zenbat eta gehiago jaitsi maila sozio-ekonomikoa, orduan eta puntuazio altuagoa lortzen du telebistak. Bestalde, gazteak dira telefono mugikorra ondoen baloratzen dutenak.

Zientzialariak eta ‘zientifikotasuna’

Zientziako ikasketak gero eta jende gutxiagok aukeratzen dituen garai hauetan, deigarria da gizarteak hain ondo baloratzea zientzialariak. Izan ere, 1etik 5era bitarteko eskalan, jendeak ondoen baloratzen dituen lanbideak sendagilearena (4,56) eta zientzialariarena (4,44) dira. Horien ondotik datoz ingeniariak (4,20) eta irakasleak (4,09), eta beste muturrean daude erlijiosoak (2,74) eta politikariak (2,26).

Zientzia eta teknologia onuragarriak dira, baina kalteak ere eragin ditzaketela uste du jendeak.

Hain zuzen, ondoen baloratutako lanbide horiek dute sinesgarritasun gehien gertaera zientifiko bat azaltzeko garaian. Elkarte ekologistek eta gobernuz kanpoko erakundeek ere dezenteko sinesgarritasuna dute, baina jendearen erdia ez da fidatzen kontsumitzaile-elkarteek eta kazetariek emandako informazioaz. Are gutxiago fidatzen dira, baina, politikariek emandako azalpenez.

Zientziari buruz jendeak zein irudi duen jakiteko, hainbat diziplinaren eta jardueraren ‘zientifikotasuna’ neurtzeko eskatu zitzaien galdeketan parte hartu zutenei. Orokorrean, natur zientziak eta fisika ‘zientifikoagoak’ iruditzen zaizkie jokabidearekin eta gizarte-zientziekin erlazionatutako diziplinak baino; hau da, jendearentzat askoz ‘zientifikoagoak’ dira medikuntza, fisika eta biologia, historia eta ekonomia baino.

Bi ezaugarri kontrajarrien artean aukeratzera behartuta, zientzia eta teknologia interesgarriak, etikoak, solidarioak, eta integratzaileak dira. Zerbait hurbila edo urruna diren erabakitzean, berriz, emaitza ez da hain positiboa, galdetutakoen ia erdiek urrunak direla uste baitute. Gainera, zientzia eta teknologia hotzak dira gehienen ustez, batez ere teknologia. Nabarmentzekoak dira gazteen erantzunak: 18 urte baino gutxiago dituztenentzat, zientzia aspergarria da. Eta, edozein adinetan, beste tokietakoei baino aspergarriagoa iruditzen zaie zientzia EAEko biztanleei.

Zientziaren ekarpenak eta itxaropenak

Horri guztiari eta galdeketako beste alderdi batzuei erreparatuta, badirudi jendeak ez duela gehiegizko itxaropena jartzen zientziak eta teknologiak ekar ditzaketen aurrerapenetan. Nahiz eta zientzia eta teknologiak positibotzat eduki —bizimodua errazten dutelako, gaixotasunak sendatzea ahalbidetzen dutelako...— alderdi txarrak ere aitortzen dizkiete —kalteak ingurumenean, pertsonen kontrola...—.

Nolanahi ere, balantzea zientziaren eta teknologiaren aldekoa da, eta horiei esker lortutako onurak kalteak baino garrantzitsuagoak direla uste dute gehienek, batez ere maila sozio-ekonomiko altua dutenek eta unibertsitateko ikasketak dituztenek. Erkidegoen arabera, oso aldekoak dira Asturiasen; aldiz, Aragoin, Galizian eta EAEn parekatuagoak ikusten dituzte onurak eta kalteak.

Jendearen ustez, zientzialariek ahalegin handiena medikuntzan aurreratzeko egin beharko lukete.

Espainiako maila zientifikoa azken urteotan igo egin dela uste duten arren, Europako Batasuneko gainerako herrialdeen, AEBen, eta Japoniaren oso atzetik dagoela iruditzen zaie elkarrizketatuei. Azkenaldiko aurrerapen hori ez zaie hainbesterainokoa denik iruditzen, batez ere maila sozio-ekonomiko altua dutenei eta EAEko biztanleei, eta, orokorrean, uste dute Espainia bereziki atzeratuta dagoela espazioko ikerketan eta energia nuklearrean.

Elkarrizketatuen herenaren esanean, lehentasuna eman behar zaie zientzia- eta teknologia-ikerketei, eta orain esleitutako aurrekontua apalegia dela iruditzen zaie. Hori izan omen daiteke zientzialariak kanpora joateko arrazoietako bat; atzerrian soldata hobea jasotzen dutela, alegia. Espainian zientzialariaren lanbidea gaizki ordainduta dagoela uste izan arren, gehienen iritziz oso lanbide erakargarria da gazteentzat.

Eta zer eskatzen dio jendeak zientziari eta zientzialariei? Zertan egin beharko litzateke ahalegin handiena? Erantzunetan, jendeak argi utzi du zientziatik espero duena: medikuntzan eta osasunean aurreratzea. Ehuneko 82k esaten du gai horiei eman behar dietela lehentasuna ikertzaileek, eta ondoren, % 42arekin, ingurumeneko gaiak datoz. Espazioko ikerketetan Espainia oso atzeratuta dagoela iruditu arren, 2,8k bakarrik aipatzen du lehentasunezko gaien artean. Beraz, zientziaren aplikazio praktikoak nahi ditu jendeak, eta gutxiago axola zaizkio gizarte-gaiak eta aplikazio zuzenak ez dituztenak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia