Zer gertatu ote zen biziaren sorreran?
2002/02/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Kimikaren ikuspuntutik, biziak esan nahi du molekula batek bere buruaren kopia egiteko ahalmena duela. Gaur egun esango genuke molekula hori ADNa dela, izakiaren ezaugarrien informazio osoa duen hori. Baina bizia sortu zenean, zein izan zen lehen molekula biziduna?
ADNak proteinak behar ditu bere burua kopiatzeko, beraz, pentsa liteke lehen molekula biziduna proteina bat izan zitekeela. Baina proteinek ezin dute ADNak duen informaziorik gabe beste proteina bat osatu, 'ez dakitelako' zein pieza elkartu behar dituzten horretarako. Amaierarik gabeko zirkuluan harrapatuta dirudi arazoak.
Dena dela, kontuan hartu behar da ADNaren eta proteinen arteko urratsak beste molekula batek egiten dituela: ARNak. Molekula hori ADNaren informazioaren kopia da eta 'piezak' elkartzeko gaitasuna du, hau da, ADNaren eta proteinen lana egiteko gauza da. Beraz, zientzialarien ustez, ARNa izan zen lehen molekula biziduna (proteinarik eta ADNrik ez zegoen garaian).
Estatu Batuetako David Lynn biokimikariak zuzentzen duen taldean egindako esperimentu baten ondorioz, biziaren sorrerari buruzko galdera berraztertu beharko da. Esperimentu horretan, ADNaren antza duen molekula batek bere burua kopiatu du proteinen laguntzarik gabe. Gainera, kopiaren 'piezen' arteko lotura kimikariek ondo ezagutzen duten amida taldea da. Talde hori (geometria jakineko atomo-multzo jakin hori) ohiko proteinen piezak lotzen dituenaren antzekoa da.
Lehen biziaren sorrerari buruzko galdera kimikoa erantzuteko aukerarik ez genuen. Orain, beharbada, aukera gehiegi. Edozein modutan ere, eztabaida interesgarria sor daiteke erantzun egokiena aukeratzen saiatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia