Zer egiten dute astrozitoek?
2002/11/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Garuna ez da neurona-multzo ordenatu soila. Jarduera elektrikoa duten zelula horiez gain, odol-hodiek eta glia izeneko euskarriak osatzen dute. Dena dela, glia ez da euskarria bakarrik; beste funtzio asko ere baditu. Adibidez, metabolismoaren ardura du gliak, eta hori oso garrantzitsua da, esate baterako, garunaren jarduera glukosaren kontsumoaren mendekoa delako.

Mota bat baino gehiagoko zelulek osatzen dute glia. Horien artean, astrozitoak daude, neuronen sinapsiei lotuta dauden izar-itxurako zelulak. Zelula horiek zer egiten duten ez zekiten zientzialariek; euskarri hutsak direla uste zuten. Orain, Padovako Unibertsitateko neurologo batzuek oso funtzio garrantzitsua dutela aurkitu dute: astrozitoek odol-jarioa kontrolatzen dute.
Neuronen jarduera elektrikoa handia den zatietan, astrozitoek odol-hodien muskuluak erlaxatzen dituzte, eta, horrela, beharrezko odol-kantitatea behar den tokira bideratzen dute une bakoitzean. Hori frogatzeko, zientzialariek arratoien garun-zatiak kitzikatu dituzte elektrodoen bitartez, eta, ondorioz, zona horretako odol-jarioa handitu egiten dela ikusi dute.
Beraz, astrozitoek zer egiten duten aurkitu dute; baina, neurologoek ez dakite nola egiten duten hori. Seguru asko, zelulek odol-hodien muskuluak uzkurtzen edo erlaxatzen dituzten substantziak isurtzen dituzte. Dena dela, hori oraindik hipotesia besterik ez da, eta ikusi egin beharko da ikerketak baieztatzen duen edo ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia