}

Zementua eta espermatozoideen mugikortasuna garaile VII. Tesi Sarian

2009/06/16 Elhuyar Zientzia

Basque Research webguneak Tesi Saria antolatzen du urtero, euskal unibertsitateetako ikertzaileen lanak gizarteratzeko. Zazpigarren edizioa izan da aurtengoa, eta Juan Jos Gaitero Redondo eta Ekaitz Agirregoitia Marcos izan dira sarituak.
Arg: R. Lopez
Juan Jos Gaitero Redondo eta Ekaitz Agirregoitia Marcos

Zazpigarren urtez, Elhuyar Fundazioko Basque Research webguneak Tesi Saria antolatu du. Edizio honetan, hiru sariak Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek jaso dituzte. Lehenengo saria Juan Jos Gaitero Redondo ikertzaileak jaso du, Doctor, creo que mi casa tiene osteoporosis (Mediku jauna, uste dut nire etxeak osteoporosia duela) lanarengatik. Zementutik abiatuta, material horren degradazio-prozesua eta hezurretako osteoporosia edo hezurren desmineralizazio orokorra alderatzen ditu ikertzaileak modu erakargarri batean. Zementuaren degradazio-prozesua azaltzen du, eta, hori arintzeko, nanopartikulen erabilera proposatzen du. Gaia oso interesgarria izateaz gain, konparaketaren errekurtsoa erabili du ikertzaileak gaia erakargarri egiteko, eta bi puntu horiek nabarmendu ditu, hain zuzen ere, epaimahaiak lan horri lehenengo saria ematerako orduan. Lan horregatik, ordenagailu eramangarri bat eta landetxe batean asteburua igarotzeko aukera jaso ditu Juan Jos Gaiterok, Sistek Informatica y Microsistemas eta Nekatur elkartearen laguntzari esker.

Zementuaren degradazio-prozesua aztertu du Gaiterok
Irudia: J.J. Gaitero

Bigarren saria, eta baita euskarazko aipamen berezia ere, unibertsitate bereko Ekaitz Agirregoitia Marcos ikertzailearentzat izan da, Opioideak eta kannabinoideak: espermatozoideen mugikortasunaren zaindariak izeneko lanarengatik. Ernalketa-prozesuaren eta horrekin zerikusia duen espermatozoideen mugikortasunaren ingurukoa da lana. Jakina denez, ernaltzeko, obulua prest dagoenean iritsi behar dute espermatozoideak hara; ez lehenago, ez geroago. Besteak beste, gorputzak sortzen dituen barne-opioideek eta barne-kannabinoideek kontrolatzen dute espermatozoideen abiadura. Modu horretan, espermatozoideek, obulura hurbiltzeko ibilbidean aurkitzen dituzten opioide- eta kannabinoide-moten eta horien kontzentrazioaren arabera, abiadura areagotu edo moteldu egingo dute. Ondorioz, lan horrek obuluen in vitro ernalketa errazteko bidea ireki lezake. Laburpen honen inguruan, epaimahaiak nabarmendu du txukuna eta argia dela idazkera, eta tesiaren muina ondo azalduta dagoela. Laburpen horregatik bigarren postua eta euskaraz landutako laburpen onenaren saria lortu ditu Ekaitz Agirregoitiak. Ondorioz, argazki-kamera digital bat, landetxe batean asteburu bat pasatzeko aukera eta MP4 irakurgailu bat irabazi ditu.

Aurten, 62 lan aurkeztu dira guztira sariketara, eta, lehenengo aldiz, edozein ikasketa-alorretako tesiak onartu dira. Euskal Herriko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko nahiz Deustuko Unibertsitateko lanak jaso dira. Epaimahaiak, lan irabazleak aukeratzeko, ikerketaren muina era erakargarrian eta dibulgatiboan eta terminologia egokia erabiliz azaltzeko gaitasunari eman dio garrantzia. Sariketara aurkeztu diren lan guztiak Basque Research webguneko Tesi Saria atalean daude ikusgai.

Tesi Sariari buruz

Elhuyar Fundazioak Basque Research webgunearen bidez antolatzen du sariketa hau, eta helburua da doktore-tesien laburpenak modu erakargarri eta ulergarrian gizarteratzea, hau da, unibertsitatean egiten den ikerketaren dibulgazioa egitea. Hori dela eta, epaimahaiak ez ditu tesiak epaitzen, baizik eta haiek era erakargarrian eta ulergarrian gizarteratzeko ahalegina.

Lan-kopuru handia eta askotariko gaiak aurkeztu dira sariketara, eta poztekoa da hori. Hala ere, epaimahaiaren esanean, dibulgazio-ahaleginari dagokionez, badira hobetu beharreko zenbait puntu. Izan ere, zenbait kasutan, ia ez da azaltzen tesian zer egin den; eta, askotan, sarrera eta testuinguru luzeegiak egin dituzte. Bestetik, idazkera akademikora jotzen dute maiz ikertzaileek, azalpenik gabeko terminologia eta laburdura ugari erabiliz. Horrek irakurketa zaildu egiten du. Azkenik, epaimahaiak azaldu du laburpen batzuk deskriptiboegiak izan direla. Alegia, egindako eginkizunen zerrenda soila kontatu dute ikertzaileek, eta informazio hori emateko modua pixka bat gehiago landu behar da epaileen ustez.

Aurten, epaimahaiak bi lan baztertu ditu, ikertzaileei buruz hirugarren pertsonan eginda dauden aipamenek zalantzan jartzen dutelako laburpen horren egilea benetan ikertzailea bera den.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia