}

Zelula buru-hiltzaileak

2000/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Baliagarriak ez diren, oker funtzionatzen duten edo kaltegarri diren zelulak suntsitu egiten ditu gorputzak eta, horretarako, bere buruaz beste egiteko agindua bidaltzen die: proteina bat edo batzuk zelularen nukleoraino iristen dira eta zelulak bere burua suntsitzen du apoptosis deritzon prozesuan. Ikertzaileek aspaldidanik ezagutzen dute zelula-kopurua eta horien arteko loturak arautzen dituen mekanismo hori, ehunak egoki zizelatzeko baliagarria dena, besteak beste.

Haatik, apoptosiaren okerreko funtzionamendua zenbait minbizi-mota, gaixotasun autoimmune eta endekapenezko gaixotasunen eragile izan daiteke. Mekanismo biologiko hori ezagutzea oso lagungarri izan liteke, bai gaixotasun horiek hobeto ulertzeko eta sendatzeko, eta bai enbolia, bihotzeko, Alzheimer eta antzeko gaitzei aurre egiteko.

Ikertzaileek Caenorhabditis elegans espezieko zizareak erabili dituzte apoptosia aztertzeko, eta lau proteina identifikatu dituzte prozesuaren arduradun; EGL-1, CED-9, CED-4 eta CED-3 deritzen proteinak. Aldi berean, proteina horien arteko elkarrekintza eta menpekotasunak ere aztertu dituzte. Aurkikuntza garrantzitsua da, baina asko dago oraindik egiteke; zizareetatik giza gorputzerako trantsizioa, esaterako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia