}

Zelula amen tratamenduak, iruzur berria

2010/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sendaezinak edo sendatzen zailak diren gaixotasunentzat, zelula ametan oinarritutako tratamenduak eskaintzen dituzte hainbat ospitalek, mundu osoan zehar. Tratamendu horietako askoren eraginkortasuna eta segurtasuna ez daude frogatuta. Halakoak agerian jartzen, salatzen eta duten arriskuez ohartarazten dihardute, bai nazioarteko erakundeek, bai hemengo sendagileek. Izan ere, iruzur hutsa dira.
Zelula amen tratamenduak, iruzur berria
2010/02/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

2006ko apirilean, zelula amek parkinsonaren tratamenduan izan dezaketen garrantziari buruzko hitzaldi bat eman zuen Gurutz Linazasoro neurologoak, Bartzelonan. Besteak beste, zelula ama enbrionarioek tumoreak sortzeko arrisku handia zutela aipatu zuen. Hain zuzen, zelula ama enbrionarioak oso ahaltsuak dira, eta garuneko edozein zelula-mota lor daiteke haietatik abiatuta, baina, aldi berean, kontrolatzen zailak dira; beraz, tumoreak garatzeko arriskua oso handia zen (ordutik hona, ikertzaileek arriskua gutxitzea lortu dute, neurri batean bada ere).

Hitzaldia amaitu zuenean, gizonezko bat hurbildu zitzaion. Berrogeita hamar urte inguru zituen, parkinsona zuen, eta kezkatuta zegoen. Oso. Izan ere, Linazasorori aitortu zionez, Kievetik etorri berria zen. Zelula ama enbrionarioen tratamendu bat jasotzera joan zen hara, eta, hitzaldia entzunda, beldur zen txertatu zizkioten zelulek kalte egingo ote zioten.

Gizonezkoari zelula amak nola txertatu zizkioten galdetu zion Linazasorok. Zain barneko bi injekzio eta larruazalaren azpiko beste batzuk jarri omen zizkioten. Hura entzunda, gizonezkoa lasaitzen ahalegindu zen Linazasoro, eta azaldu zion odol-hodietan sartutako zelulek ezin dutela hesi hematoentzefalikoa zeharkatu. Hau da, ezinezkoa zen zelula haiek (zelula amak izan edo ez) garunera iristea; hortaz, tumorea sortzeko arriskua baztertu zuen Linazasorok.

Horrez gain, jarraipena egitea proposatu zion gizonezkoari. Izan ere, Gurutz Linazasoro Gipuzkoako Poliklinikaren Parkinsona Ikertzeko Zentroko zuzendaria da, eta zelula amen ikerketan eta medikuntza birsortzailean espezializatutako Inbiomed Fundazioaren lehendakaria.

Hala, neurona dopaminergikoak nola zeuden jakiteko proba batzuk egitea onartu zuen gizonezkoak. Linazasorok azaltzen duenez, "DatSCAN izena dute proba horiek, eta, horien bidez, dopamina ekoizten duten neuronen bidea nola dagoen ikus daiteke; hain juxtu, hori da parkinsonaren ondorioz kaltetzen den bidea". Beraz, tratamendua eraginkorra izango balitz, lehen baino neurona dopaminergiko gehiago egongo lirateke, eta bide dopaminergikoa hobetu egingo litzateke.

Tamalez, baina, Linazasorok espero zuen bezala, "pertsona horren garuneko bide dopaminergikoa ez da hobetu". Aitzitik, egindako jarraipenari esker, denbora igaro eta parkinsonak aurrera egin ahala, bide horrek okerrera egin duela frogatu du.

Gurutz Linazasoro Gipuzkoako Poliklinikaren Parkinsona Ikertzeko Zentroko zuzendaria da, eta Inbiomed Fundazioaren lehendakaria. Hain zuzen, zelula amen aplikazio terapeutikoak ikertzen ari dira fundazio horretan, hiru lerro nagusitan: minbizia (bularreko minbiziaren zelula ama karakterizatzeko asmoz), kardiobaskularra (infartuak), eta neurologikoa (parkinsona). Orain, zelulak birprogramatzeko lerro bat jartzeko asmoa dute.

Hori ikusita, Linazasorok eskutitz bat bidali zuen Science zientzia-aldizkarira. Editoreak, baina, gaizki ulertu zuen, eta gaixoa Kievera Linazasorok bidali zuela pentsatu zuen. "Denetik esan zidan", dio Linazasorok, "baina berehala argitu nion gizonezkoa bere kabuz joan zela tratamendua jasotzera, Interneten ikusitako iragarki batek bultzatuta".

Are gehiago: urte erdi geroago, gaixoa berriro joan zen Kievera. "Eta berriro jaso zuen tratamendua, 18.000 euro ordainduta". Bitartean, Kieveko medikuarekin, Alexander Smikodub doktorearekin, harremanetan jarri zen Linazasoro, injektatzen zituen zelulen lagin bat bidal ziezaion. Arratoietan probatu nahi zituen, parkinsona ikertzeko arratoi-eredu oso ona baitute laborategian. Smikodubek, baina, uko egin zion eskaerari.

Linazasorok egin zizkion galderei ere ez zien garbi erantzun: nolako zelulak ziren zehazki, zer ikerketa egin zituen, non argitaratu zituen ikerketen emaitzak... Smikodubek emandako azalpen eskasek agerian uzten zuten ustezko zelula amekin emandako tratamendua iruzur bat zela.

Zientzia-komunitatearen salaketa

Zientzia-aldizkari garrantzitsuenetan azken urteetan argitaratutako zenbait artikuluk erakusten dute Bartzelonako gizonezko hura ez dela iruzurra jasandako bakarra, eta badirela Smikoduben antzeko iruzurti gehiago.

EmCell klinikaren webgunearen sarrera-orria. Ezkerreko zutabean, sendatzen omen dituzten gaitzen zerrenda ageri da; eskuinekoan, klinikaren lehendakaria, Smikodub. Arg.: EmCell.
Adibidez, 2006ko uztailean, hau da, bartzelonarrak Linazasorori aholkua eskatu eta hilabete gutxira, Science aldizkariak izenburu esanguratsua duen artikulu bat argitaratu zuen: "Selling the stem cell dream"; zelula amen ametsa saltzen, alegia.

Artikuluan, zelula ametan oinarritutako tratamenduak eskaintzen dituzten klinika batzuk aipatzen ditu Martin Enserink artikulugileak, eta baita haien berezitasunak ere: batzuek zilbor-hesteko zelula amak txertatzen dituzte, beste batzuek zelula enbrionarioak, edo pazientetik hartutako zeluletatik abiatuta lortutako zelula amak. Eta, haiekin, sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen dituzte: esklerosi anizkoitza, parkinsona, Huntingtonen gaitza...

Zientzia-komunitateak susmagarritzat jotzen ditu klinika horien jarduerak, ez baitute frogatu, onartuta dauden bideetatik behintzat, tratamenduak eraginkorrak eta seguruak direnik. Eta klinika susmagarrien artean EmCell aipatzen du Enserinkek; haren lehendakaria Alexander Smikodub da.

Beste komunikabide batzuen arreta ere piztu du Smikodubek; esaterako, BBCk dokumental bat eta artikulu batzuk egin zituen hari buruz. Haietako batean ("Stem cell is my only chance", Nire aukera bakarra zelula amak dira), Smikoduben aipu hau azaltzen da: "Jainkoaren nahiaren betearazle sentitzen naiz sarri" .

EmCell eta Smikodub ez ezik, beste klinika eta mediku asko salatzen dituzte artikuluetan. Mundu osoan daude barreiatuta (Estatu Batuak, Txina, Thailandia, Alemania...), eta tratamendu bila atzerrira joaten diren gaixoak izendatzeko esapidea ere sortu dute: stem cell tourist, zelula amen turista.

Argazkian, adipozitoak. Hain zuzen, gantz-ehunetik zelula ama helduak erauzten dira. Arg.: Inbiomed.

Arauak eta bermeak, beharrezkoak

Iruzurrak galarazi nahian, ISSCR Zelula Amen Ikerketarako Nazioarteko Elkarteak gida bat argitaratu zuen iaz. Elkarte horren helburu nagusia da zelula amen ikerketei buruzko informazioa trukatzea, eta gidarena, berriz, pazienteak zelula amekin tratatzeko ikertzaileek aintzat hartu beharreko alderdiak biltzea: zientifikoak, klinikoak, erregulatzaileak, etikoak eta sozialak.

Azken finean, zelula amen ikerketak laborategitik klinikara nola eraman beharko liratekeen zehazten du gidak: nola prozesatu eta karakterizatu zelulak; pertsonetan probatzen hasterako, zer emaitza jaso froga aurreklinikoetan; nola frogatu eraginkortasuna; nola egin toxikotasun-probak; zer informazio eman pazienteei zelula amekin tratamendu bat jaso baino lehen; nola neurtu tratamenduen eraginak, eta nolako jarraipena egin; zer datu jakinarazi zientzia-batzordeetan...

Zenbait klinikatan gaixotasun sendaezinak eta endekapenezkoak zelula amekin sendatzen dituztela agintzen badute ere, gaur egun gaitz gutxi batzuetan baino ez dira eraginkorrak zelula ametan oinarritutako tratamenduak, bereziki leuzemietan eta linfometan. Horietan, protokolo zehatzak daude, eta frogatuta dago eragina. Gainerako guztia esperimentu-fasean dago oraindik: parkinsona, esklerosi anizkoitza, alboko esklerosi amiotrofikoa, miokardio-infartua... Arg.: Inbiomed.
Gida egiteko lanetan, 13 herrialdetako eta zelula amen ikerketekin eta tratamenduekin erlazionatuta dauden arlo guztietako adituek eta ikertzaileek parte hartu dute. FDA Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioaren aholkularien laguntza jaso dute, eta Europako Batasuneko Zientzia Fundazioak finantzatu du proiektua.

Berez, gidak gomendioak ematen ditu, eta arauak eta legeak egiteko oinarri izatea proposatzen du ISSCR elkarteak. Izan ere, nazioartean arauak ez daude bateratuta, eta horrek arazo larriak sortzen ditu.

Hala ere, bada zorrotzegi arautzea kalterako izan daitekeela uste duenik ere, ikerketak nolabait galgatuko direlakoan. Arrisku hori saihesteko, Suediako eta Estatu Batuetako bi ikertzailek zelula ametan oinarritutako terapiak garatzeko prozesu alternatiboak proposatzen dituzte, Science n iazko ekainean argitaratutako artikulu batean

"Medical Innovation Versus Stem Cell Tourism", Berrikuntza medikuntzan versus zelula amen turismoa

Edozein modutara, denak ados daude tratamendu iruzurtiak galarazi behar direla. Eta neurriak hartu, hartzen dira. Adibidez, iazko uztailean, lau pertsona atxilotu zituzten Budapesteko ospitale batean, zelula amekin baimendu gabeko tratamenduak eskaintzeagatik. Horren aurretik, Estatu Batuetan Biomark klinika zigortu zuten, iruzur egiteagatik, eta Irlandan, Herbehereetan eta Belizen ere itxi dituzte zelula amekin tratamenduak ematen zituzten zentroak, ez zituztelako arauak betetzen.

Tratamenduak ez, baina albo-ondorioak benetakoak dira

Beti ez da erraza izaten, ordea, iruzurgileak geldiaraztea, eta, bitartean, kalte handia egiten dute. Linazasorok azaltzen duenez, askotan ez da jakiten pazienteek albo-ondoriorik jasan duten edo ez, baina tarteka azaltzen dira kasu larriak. Hala, gogoan du Israelgo haur bat: "tumore bat, teratoma bat, garatu zuen garunean; izan ere, zelula amak ezartzen zizkioten garunean zuzenean". Orain ere ari dira antzekoa egiten zenbait klinikatan; zehazki, zelula amak jartzen dituzte orno-kanalaren barruan.

Zelula amen ikerketak laborategitik klinikara nola eraman beharko liratekeen zehaztu du ISSCR Elkarteak. Arg.: Inbiomed.
Linazasororen esanean, horrek izugarri handitzen du plazebo-efektua. "Imajina ezazu gaixo zaudela, eta klinika batera zoazela, zelula ametan oinarritutako tratamendu bat hartzera. Zelula amak... eta, gainera, zer, eta garunean bertan ezartzen dizkizute zelula miragarri horiek. Garunean! Ez da harritzekoa sendatzeko esperantza izugarria izatea".

Gainera, badago berezitasun bat: plazebo-efektua dopamina areagotzearekin lotuta dago. Eta juxtu horixe falta da parkinsonean, dopamina. "Horregatik, sarritan, tratamendua jaso ondoren, plazebo-efektuaren ondorioz, arindu egiten dira parkinsonaren sintomak, hala nola eskuen dardara", azaltzen du Linazasorok. Alabaina, arintze hori iragankorra da.

Horrek guztiak zelula amekin egiten diren ikerketa guztiekiko errezeloa sorrarazten du. Linazasororen iritziz, horren aurrean lan handia egiten dute sendagileek, eta baita gaixoen elkarteek ere. Azkenik, komunikabideen garrantzia nabarmentzen du: "Ikertzaileen eta pazienteen artean, kate bat dago, eta katebegi guztiek jokatu behar dute arduraz".

ISSCR Zelula Amen Ikerketarako Nazioarteko Elkartearen gida: www.isscr.org/clinical_trans/pdfs/ISSCRGLClinicalTrans.pdf .

"Gaixoen etsipenarekin jokatzen dute"
Parkinsona bezalako gaixotasun sendaezin eta endekapenezkoen gaixoen elkarteek gertutik ezagutzen dute zelula amekin eginiko iruzurrezko tratamenduen eragina. Carmen Olazabal Aspargi Gipuzkoako Parkinson Elkartearen lehendakaria da, eta, haren arabera, ulertzekoa da gaixoek tratamendu horiek eskaintzen dituzten kliniketara jotzea. Nahiz eta elkartean halakoak aintzat ez hartzeko aholkatu, "gaixoen etsipenarekin jokatzen dute", azaltzen du Olazabalek: "Gaixo asko edozer ordaintzeko prest daude sendatzearren".
Zelula amek itxaropen handia piztu dute, eta gaixo askok galdetzen dute haietan oinarritutako tratamenduei buruz. Aspargin neurologoarengana bideratzen dituzte, eta hitzaldiak eskaintzen dituzte, informazio zuzena izan dezaten. Izan ere, Internet bidez informazio oker asko jasotzen dute. Aspargikoak galderei erantzuten saiatzen dira, eta tratamendu bila dabiltzanak "errespetu osoz" hartzen badituzte ere, inoiz ez diete gomendatzen frogatuta ez dagoen tratamendurik.
Dena dela, zelula amekin egiten diren iruzurrak adibide bat baino ez dira, beste era askotako tratamendu faltsuak ere eskaintzen baitituzte. Asko oso garestiak dira, eta batzuk arriskutsuak ere bai. Olazabalek gogoan du duela urte batzuk elkarteko gaixo batek Interneten saltzen zuten kasko bat erosi zuela, 600 euroan. Elektrizitate-sarera konektatuta, deskargak ematen zizkion pazienteari.
Orain, Valentzian akupuntura bidez parkinsona sendatzen omen duen gizonezko batengana joaten omen dira batzuk. "Gauza horien eragina plazebo-efektuak irauten duen bitartean sumatzen dute, baina plazebo-efektua iragankorra da", dio Carmen Olazabalek. Bitartean, elkartean gaixoei laguntzen jarraitzen dute, gaitzaren bilakaera moteltzeko asmoarekin. Horretarako, zenbait terapia ematen dituzte; besteak beste, fisioterapia-, logopedia- eta psikologia-zerbitzua gaixoentzat eta haien senideentzat. Gaixoen bizi-kalitatea hobetzea eta erabat mendeko izateko unea ahalik eta gehien atzeratzea da helburua.
Bestalde, erakundeek ere eskaintzen diete laguntza eta aholkua zalantzak dituzten gaixoei. Esaterako, ISSCR Zelula Amen Ikerketarako Nazioarteko Elkarteak pazienteen eskuliburua argitaratu zuen iaz, argibide erraz eta baliagarriekin. Elkartearen webgunean eskuratu daiteke.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
261
2010
2
020
Medikuntza; Etika
Artikulua
30

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia