}

Zelula amekin egindako ikerketen aurrerapenak

2003/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zelula amekin egindako ikerketen emaitzak etsigarriak dira askotan: itxaropen handia piztu ondoren, usteak ustel izaten dira maiz. Beste batzuetan, ordea, bide berriak irekitzen dituzte; esaterako, garuneko zelula amak sistema immunearentzat ‘ikusezinak’ direla frogatu duen ikerketak.

Hori frogatzeko, Harvard Unibertsitateko ikertzaileek saguen garunetik erauzitako zelula amak txertatu dituzte beste sagu batzuen erretinan, eta ez diete errefusa saihesteko botikarik eman. Normalean, gorputz batean beste baten zelulak txertatzen edo sartzen direnean, sistema immuneak arrotz gisa hartu eta deuseztatu egiten ditu.

Hain zuzen, horixe da transplanteen arazo nagusia. Alabaina, garuneko zelula amak txertatutako sagu horiek ez dute inolako arazorik izan; alderantziz, ongi garatu dira. Beraz, ikerketak ikusmen-arazo batzuk konpontzeko bidea ireki du.

Beste ikerketa batean, berriz, igelen arrautzetan dagoen substantzia batek giza zelulak birprogramatzen laguntzen duela ikusi dute. Giza zelula helduetatik zelula amak lortzeko, Cambridge Unibertsitateko ikertzaileek gizakien eta saguen odoleko globulu zurien nukleoak txertatu dituzte Xenopus igelen arrautzetan.

Bi egun geroago, zelula amen ezaugarri den molekula bat, Oct4 RNA, detektatu dute arrautza horietan. Hortaz, nukleo helduak zelula amen antza hartzen hasi direla ondorioztatu dute ikertzaileek. Hala ere, birprogramazioa ulertzeko eta prozesu horretan sortzen diren arazoak konpontzeko pauso bat besterik ez dela jakinarazi dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia