Zelula amek zelula-mota desberdinak sortzeko mekanismoaren gako batzuk argitu dituzte

Zelula amek zelula-mota desberdinak sortzeko mekanismoaren gako batzuk argitu dituzte


Zelula ametatik zelula espezializatuetarako urratsa nola gertatzen den azaltzeko froga argi bat aurkeztu du Michigango Unibertsitateko ikertzaile-talde batek lehen aldiz. Izan ere, zelula guztiek informazio genetiko bera dute, zigotoa sortzean obuluak eta espermatozoideak zutena. Zelula bakar horren bikoizketetatik sortzen dira gainerako guztiak, zelula amak bikoiztu ahala pixkanaka diferentziatuz eta espezializatuz joaten baitira.

Ikerketan, hain zuzen, diferentziazio hori zeri jarraituz gertatzen den argitzen saiatu dira ikertzaileak, hau da, nola zelula ama batetik bi lerro zelular desberdin ateratzen diren. Ikerketan, zehazki, fruta-euliaren (Drosophila) barrabiletako zelula amak izan zituzten aztergai. Izan ere, zelula ama horiek, bikoiztean, beste zelula ama bat eta espermatozoide iristera iritsiko den zelula bat (gonioblastoa) ematen dituzte.

Bada, ikertzaileek kromosoma guztien kopiak markatu zituzten, eta, hala, jatorrizko zelulatik  ondorengo zeluletara nola mugitzen diren aztertu ahal izan zuten. Ikusi zutenez, X eta Y kromosomak, eta ez besterik, desberdin mugitu ziren zelula-mota bakoitzera. Ikertzaileek uste dute horren arabera izango dela zelula-mota bat edo bestea. “Oraindik ez dakigu zergatik mugitzen diren X eta Y kromosomen kopiak zorizkoa ez den modu batean. Agian, informazio epigenetiko espezifikoa transmititzen dute zelula-mota bakoitzera”, adierazi du Yukiko Yamashita taldeko ikertzaileak.

Hurrengo urrats gisa, ikusi nahi dute fruta-eulian behatutako banaketa berezitu hori ugaztunetan ere gertatzen den.

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Genetika