}

Zelula ama epitelialak txertatuta, saguetan ilea birsortzea lortu dute

2014/02/05 Zubia Gallastegi, Bego - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zelula-ama-epitelialak-txertatuta-sagueetan-ilea-b
Aurrerapen handia izan arren, burusoilek berriro ilea izango duten eguna urruti dago oraindik. Arg. Elhuyar

Pensilvaniako Unibertsitateko Perelman Medikuntza Fakultateko ikertzaile batzuek zelula ama helduak zelula ama epitelialakbihurtzeko sistema garatu dute.

Burusoilduta dauden pertsonei inoiz berriro ere ilea izateko aukera zabaldu die Nature Communications argitalpenean ezagutzera emandako lanak, besteak beste, saguek ile berria sortzea lortu baitute ikertzaileek. Ikerketa egin duten zientzialarien ustez, burusoildutako pertsonetan ilea birsortzeko aukera zabalduko du ikerketak etorkizunean.

Zelula amen hazkuntza-faktoreak kontrolatuz, Xiaowei Xuk zuzentzen duen lantaldeak frogatu du zelula ama totipotentzialak programatu egin daitezkeela zelula ama epitelialak kantitate handian sortzeko.

Lortutako zelula ama epitelialak saguen dermiseko folikulu-zelula induktiboekin nahastu, eta inmunogutxitutako saguen azalean txertatu dituzte. Ikertzaileek frogatu ahal izan dute txertatutako zelulak gai direla giza epidermis funtzionala sortzeko. Ez hori bakarrik, giza ile-folikuluen egitura antzekoa duten folikuluak ere sortu dituzte.

Ile folikuluen funtsezko osagaiak sortzeko gai diren zelula ama epitelialak sortzen diren lehen aldia izan da. Kantitate neurgarrietan sortzen diren lehen aldia da”, adierazi du Xu ikertzaileak.

Aurrerapen handia izan arren, burusoilek berriro ilea izango duten eguna urruti dago oraindik, zelula totipotentzialetatik sortutako zelula ama epitelialak ezin baitira gizakietan erabili. Xuk azaldu duenez, ile folikuluek, zelula epitelialez gain, dermis-papila izeneko zelula amak dituzte, eta “pertsonek ilea galtzen dutenean bi zelula motak galtzen dituzte. Guk arazo garrantzitsu bati eman diogu irtenbidea, ile folikuluaren osagai epitelialarekin zerikusia duenari. Dermis-papilak sortzeko modua aurkitu beharko dugu orain. Baina, oraingoz, inork ez du lortzerik izan”, argitu du Xu doktoreak.

Xiaowei Xuk zuzentzen duen lantaldeak dermiseko fibroblastoekin ekin zion ikertzeari. Ikerketaren lehen fasean, fibroblastoei hainbat gene gehituta, horiek zelula ama totipotentzial induzitu (iPSC) bilakatzea lortu zuten, eta, ondoren, zelula ama totipotentzialak zelula ama epitelialak bilakatu dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia