}

Zelten kanibalismoaren aztarnak aurkitu dituzte

2001/02/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bristolgo Unibertsitateko arkeologoek Britainiar Uharteetan zelten garaiko kanibalismo-aztarnak aurkitu dituzte. Ordura arte, kanibalismoa izan zeneko azkeneko aztarnak orain dela 10.000 urtekoak ziren.

Mark Horton arkeologoak Alvestongo leizean egindako azterketetan hezur ugari aurkitu ditu, batzuk hamar metro lurperatuak. Karbono erradioaktiboaren bitartez orain dela 2.000 urte ingurukoak direla ikusi dute, Burdin Aroaren amaierakoak edo erromatarrak hara iritsi zirenekoak.

Hezurtegiaren % 5 indusi dutenean, gutxienez zazpi gizakiren hondakinak aurkitu dituzte. Gutxienez horietako bat eraila izan zen, burezurraren atzealdea ebaki eta barrualdea txikitu baitzioten. Beste baten hezurra desitxuratuta zegoen eta hirugarren batek Paget-en gaitza izeneko hezurretako gaixotasunaren zantzuak zituen.

Dena dela, aurkikuntza interesgarriena gizaki heldu baten femurra izan da, goitik behera erdibituta baitzegoen eta muina atera ziotenaren aztarna garbiak zituen. Hori kanibalismo-froga garbitzat har daiteke, istripuz horrelako zerbait gertatzea ezinezkoa baita. Horretaz gain, hezurtegiaren antolaketa konplexuak han nolabaiteko jarduera errituala izan zela adierazten du.

Mark Hortonen arabera, inguru hori ezkutuko mundua gurtzen zuten leku garrantzitsu bat zen Burdin Aroko amaieran. Ospakizun horietako batzuk erromatarren garaian ere iraun zuten, batez ere Kunomaglo izeneko jainko zakur zeltikoaren omenetan. Hango tenpluetako eskulturetan, ezkutuko mundua zaintzen zuen zakur gisa irudikatzen zuten.

Arkeologoek Burdin Aroan kanibalismoa izan zela susmatzen zuten lehendik ere, hondakin-zuloetan aurkitutako hainbat hezurrengatik, baina hain froga garbia lortu duten lehenengo aldia da. Iturri erromatarrek zelten giza sakrifizioa deskribatzen duten arren, ez dute kanibalismoa aipatzen.

Toki horretan sarraski izugarria izan zela uste dute. Izan ere, alde batetik, hezurtegian pilatutako hezur-meta handia da (50 gizakitik gora egon daitezke) eta, bestetik, karbono erradioaktiboaren bidez, data berdinekoak direla jakin dute. Behar bada, indusketa gehiago eginez gero, xehetasunak ezagutu ahal izango dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia