}

Zeloarekin erradiografiak

2008/11/30 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

X izpiak igortzeko modurik merkeena (edo merkeenetako bat) deskubritu du Kalifornia Unibertsitateko ikertzaile-talde batek: zelo-bilkari batetik zelo-zati bat hartzea. Edozein zelok balio duela esan dute, gainera; hainbat markatako zeloekin probatu, eta ikusi zuten denek igortzen dituztela X izpiak. Ez dadila inor larritu, ordea: ezinbestekoa da ekintza hori hutsean egitea.
Zelo-bilkariak izan daitezke X izpiak igortzeko modurik merkeena.

Tribolumineszentzia esaten diote fenomeno horri; alegia, izpiak igortzeari solido batzuk zanpatzean, igurztean edo beste solido baten kontra marruskatzean. Dena den, ez dira beti X izpiak sortzen. Aspalditik dakigu, adibidez, azukre-koskor bat hozkatzean argia sortzen dela. Hori bai, oso argi apala da, eta, antzemateko, ilunpetan begiratu behar zaio.

Aspaldiko susmo baten atzetik

Zeloak berak ere argia igortzen duela ezaguna egingo zitzaion bati baino gehiagori. Azukrearen kasuan bezalaxe, ilunpean atera behar da bilkaritik argia ikusteko, oso apala baita. X izpiak igortzen dituela ez da hain ezaguna, baina ez da lehenengo aldia zientzialari batzuek hori esaten dutena. 1950eko hamarkadan, Errusiako ikertzaile-talde batek iradoki zuen zeloa desitsastean X izpiak igortzen direla.

Hortik abiatu zen Kaliforniako taldea. Ezinezkoa iruditzen zitzaien horrelakorik gertatzea zelo-paper arruntari, eta ezinezkoa, baita ere, zelo-bilkari batetik zeloa ateratzeko behar den indarra nahikoa izatea X izpiak igortzeko.

X izpiak sortzeko potentziala nahiko handia izatera iristeko, asko bereizi behar dira gainazalak (Argazkia: J. Escobar) .

Hortaz, errusiarrek esandakoak inolako funtsik ote zuen argitzearren, esperimentua errepikatzeari ekin zioten. Huts-ganbera batean, hau da, barruko airea kendu zioten ontzi batean, zelo-bilkari bat jarri zuten, eta bilkariaren muturra beste bilkari batera lotu zuten. Bietako bat biratzen jarri, eta batean desitsatsitakoa bestean itsasten joan ziren.

Hutsean jarri aurretik, erradiazioa neurtzeko tresna batez frogatu zuten zeloak ez zuela X izpirik igortzen. Ondoren, plastikozko estalki bat jarri eta barruko airea atera zuten, eta, orduan bai, ikusi zuten X izpiak igortzen zituela.

Frogatu ahal izan zuten, gainera, igorritako izpi-kantitatea nahikoa zela zientzialarietako baten hatz baten erradiografia egiteko. Zientzialariak zeloa desitsasten ari zen puntuaren gainean jarri zuen hatza. Dentistek erradiografiak egiteko erabili ohi dituzten plakak erabilita, zientzialariaren hatzaren erradiografia bat eskuratu zuten. Ez zen izan zehaztasun handiko erradiografia bat, baina hezurrari antzeman, antzematen zitzaion.

Ezinbestekoa hutsean egitea

Hasieran, zientzialariak berak pixka bat ikaratu ziren, zeloa nonahi eta nornahik erabiltzen duelako, eta horiek guztiak X izpien eraginpean egotea arriskutsua izan litekeelako.

Igorritako izpi-kantitatea nahikoa izan zen hatz baten erradiografia egiteko.
J. Escobar, C. Camara eta S. Putterman

Berehala ohartu ziren, ordea, ezinbestekoa dela zeloa hutsean desitsastea X izpiak igortzea lortzeko. Zientzialariek eurek azaldu zuten horren arrazoia. Igortzen diren X izpiak tximisten antzera sortzen dira: zeloa desitsastean bereizten ari diren bi gainazaletako batek karga bat hartzen du, eta besteak kontrakoa. Antzeko zerbait gertatzen zaie hodeiei tximistak sortu aurretik; hodeien goialdeak eta behealdeak kontrako karga hartzen dute. Une jakin batean, bi kargen arteko potentziala nahikoa handia denean, elektrizitate-deskarga bat gertatzen da, eta orduan ikusten dugu tximistaren argia.

Bada, X izpiak sortzeko potentziala nahiko handia izatera iristeko, asko bereizi behar dira gainazalak. Hutsean bereizten ez badira, aireko partikulak elkarrekintzan jartzen dira bereizten ari diren gainazalekin, eta deskargatu egiten dituzte. Beraz, hutsean ez bada, ez dago X izpirik sortzerik, eta, hortaz, ezta arriskurik ere.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia