}

Zatiketa zelularra erregulatzen duen proteina bat antzutasunarekin lotuta dago

2013/04/24 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

zatiketa-zelularra-erregulatzen-duen-proteina-bat-
Folikulu batzuetan obozito bat baino gehiago dagoela ikusi dute ikertzaileek (geziz adierazita) Arg. EHU

P27 proteina, aurrez zelulen zatiketaren erregulatzaile gisa ezaguna zena, antzutasunari lotuta ere egon liteke. Ondorio horretara iritsi da EHUko, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko eta Memorial Sloan-Kettering zentroko ikertzaile-talde bat, egindako ikerketan. Berriki argitaratu dute ikerketa Human Reproduction aldizkarian.

Carmen de la Hoz EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko ikertzaileak gogoratu duenez, genetikoki eraldatutako saguak izan ziren ikerketaren abiapuntua; proteina hori kodetzen duen genea kendu zieten saguoi, minbizia ikertzeko proiektu batean: “Ezaguna zen proteina horrek zeregin garrantzitsua duela zelulen zatiketaren erregulazioan, eta minbizi-kasuetan aldatuta egon ohi dela. Ohikoa da knock out saguak sortzea, aztergai duzun genea ez dutenak, proteina horren funtzioa aztertzeko, eta ikusteko zer gertatzen den ez dagoenean”. Genearen aurkikuntza eta gene hori gabeko saguak sortzea Andrew Koff doktorearen ikerketa-taldearen lana izan zen, New Yorkeko Memorial Sloan-Kettering zentroan, eta haiekin elkarlanean lortu dituzte oraingo emaitzak.

P27 proteinarik ez zuten sagu emeak aztertzean, ikusi zuten obozito eta folikulu gehiago zituztela, eta, hala ere, antzuak zirela. Bereziki, “ohartu ginen, morfologikoki deigarria delako, eta orain arte inork ez zuelako aipatu inongo artikulutan, obozito anitzeko folikuluak ugariak zirela sagu horietan etapa perinatalean. Folikulu horiek bereziak dira, folikuluek, normalean, obozito bana izaten dutelako”, azaldu du de la Hozek. Ustez paradoxikoa dirudien arren, obozito anitzeko folikuluak izatea eta antzutasuna batera gertatzen dira, kumea jaio eta egun gutxira endekatu egiten direlako folikuluok. “Mekanismo gehiago aztertu behar ditugu, baina oso litekeena da folikulu horiek sortzean eta obozito-kantitatea handiagoa izatean nolabaiteko hautespen negatiboa agertzea, eta haien endekapena eragitea”, gaineratu du Jairo Pérezek, de la Hozen taldean doktore-tesia bukatzen ari den ikertzaileak.

Ikertzaileen ustez, egindako aurkikuntzek bide berri bat ireki dezakete giza antzutasunaren ikerketan. “Gizakietan oraindik ez da ikertu zer zeregin duen proteina horrek, eta haren familiako beste batzuek, ugalkortasun mugatua duten pertsonengan. Izan ere, zenbaitetan ez da ezagutzen zer mekanismo molekular zehatz dagoen ugalkortasun-arazoen atzean”, dio Roberto Matorras lagundutako giza ugalketan adituak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia