}

Zarata, itsas ugaztunen mehatxu ikusezina

2001/04/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Duela 50 bat milioi urte, balea eta izurde modernoen arbasoek lurretik uretarako bidea egin zuten, baina behin ingurune hartatik eboluzionatu bazuten ere, ez zeuden uretan bizitzeko prest. Ur azpian ikusmenak ez du askorako ematen eta usaimena ere ez zuten erabilgarri izateko adina garatua. Biziraupenerako gakoa entzumenean aurkitu eta uretan ikusteko ezintasuna entzumen-sistema egokituz ordezkatu zuten.

Izurdeen arbasoek uretan ikusteko ezintasuna entzumen-sistema egokituz ordezkatu zuten.

Belarriak ur azpiko kondizio fisikoetara egokitu zituzten eta, gaur egun, gizakiarentzat entzungaitz diren soinuak jaso eta sortzeko gai dira. Baleek eta izurdeek soinuak nola eta zertarako erabiltzen dituzten apenas ezagutzen da, baina bildu diren datuek bizitza-zikloan zeregin garrantzitsua bete dezaketela iradokitzen dute. Esaterako,
ama-kumeek elkarren ondoan mantentzeko erabiltzen dituzte, balea helduek bikotea deitzeko edo, migrazio-garaian, arriskua saihestu eta kostaldetik urrun ibiltzeko. Jakina da balea-espezie batzuek orka haragijaleak noiz hurbiltzen ari diren entzuten dutela. Datu zehatzak urriak badira ere, biologoen artean badago itsas ugaztunen lehen zentzumena entzumena delako uste sendoa. Gizakiontzat ikusmena izan daitekeena da entzumena eurentzat.

Behe-soinuek edo maiztasun txikiko soinuek urrutirago bidaia dezakete eta, beraz, ez da harritzekoa balea eta beste itsas ugaztunak 1.000 hertzen azpitik dauden soinuen bidez komunikatzea. Munduko animaliarik handiena den balea urdinak, esaterako, oso-oso baxuak diren infrasoinuak sortzen ditu eta, zeren arruntak, berriz, giza entzumenaren atarian dauden hain soinu konstanteak igortzen ditu, ezen urpekariek itsas zoruaren karraska zela uste izan duten urtetan. Apika, ezagunenak eme bila ari diren xibarta balea arren kantuak dira. Txorien kantuen gisa osatuak daudela dirudite eta, haien bidez arrak bere dohainen berri ematen duela uste da. Dudarik gabe, baleen kantuak dira baxuenak eta aldi berean ikusgarrienak, baina izurdeek, itsas txakurrek, mortsek eta manatiek ere erregistro berean "hitz egiten" dute.

Ozeanoetako zarataren ezaugarri nagusia garraioa da.

Zoritxarrez, ez dira horiek itsasoan entzun daitezkeen soinu bakarrak. Gizakia gizaki denetik itsasorako joera ukaezina izan du eta arrantzarako, lurralde berriak konkistatzeko edo merkantziak garraiatzeko itsasontziek aspaldidanik zeharkatu dituzte itsaso eta ozeanoak alderik alde. Antzina ez ziren ez hainbeste ez hain zaratatsuak, baina industria-iraultzaz geroztik, burrunba industrial batek hartu ditu munduko itsasoak.

Itsas ontzietako gailu eta motorren burrunba dela, petrolio bila jaurtitako aire konprimituzko lehergailuak direla, sonarren maiztasun txikiko seinaleak direla, ez dago bakerik itsasoan. Vladivostok-en hasi eta Panamaraino, nonnahi entzun daiteke giza jardunaren hotsa. Adibidez, Kalifornian eginiko ikerketa baten arabera, 1950 eta 1975 bitartean, giro-zarata 10 dezibel handitu da eskualde hartan.

Eragin kaltegarriak

Ziur esaterik ez dago, baina badirudi giza jardunak itsasoetan eragindako zarata kaltegarria dela bertako animalientzat, batik bat, gizakiak itsas azpian sortzen dituen hotsetako asko animaliek komunikatzeko erabiltzen dituzten maiztasun-banda berekoak direlako.

Petrolio industriak erabiltzen dituen ekipoak bereziki zaratatsuak dira.

Itsas animaliek soinua nola erabiltzen duten ikertzen hasi besterik ez dira egin biologoak eta gizakiaren parte-hartzeak eragin ditzakeen kalteen berri, beraz, ezer gutxi dakite. Hala ere, hainbat gertakarik susmorik txarrenak egia izan daitezkeela iradokitzen dute. Joan den urteko martxoan, adibidez, Bahametan baleak ikertzen ari ziren biologoek portaera bitxiak detektatu zituzten. Egun gutxitan 16 bale lehorreratu ziren eta 8 hil egin ziren 100 kilometro hartzen zituen arku batean. Zerbait arraroa gertatzen ari zela susmatu zuten segituan, urtean oso balea gutxi lehorreratzen baitira han.

Heriotza haien zergatiak argitu nahian, hildako baleen hezurduretako eta ehunetako laginak jaso zituzten, eta ikerketak oraindik amaitu ez badira ere, zarataren hipotesia da indar handien hartu duena. Badirudi, lehorreratutako baleei odola zeriela belarrietatik eta ehunei egindako azterketetan hemorragien aztarnak aurkitu direla. Hemorragia horiek soinu-uhinen presioak eragiten dituenak bezalakoak dira eta, horregatik, zaratak baleak gortu eta nahasi egin zituela uste da. Kausa-efektuzko lotura zuzena frogatzerik ez dago, baina Estatu Batuetako armada urpekoen kontrako sonar batekin probak egiten ari zen eskualde hartan. Kasualitatea ote?

1970az geroztik, hiru bider ikusi ahal izan dira baleen ohiz kanpoko lehorreratzeak ariketa militarrak egiten ziren eremuetatik gertu, baina inoiz ezin izan da bi fenomenoen arteko lotura frogatzen duen ebidentzia fisikorik lortu. Orain, badirudi joan den martxoan Bahametan jasotako laginetatik inoiz baino informazio gehiago jaso ahal izango dela eta, itsasoko zarataren inguruan lege iraultzailerik berehalakoan egingo ez bada ere, zaratak itsas animalietan nola eragiten duen hobeto ikasteko aukera egongo da behintzat.

Eredu kualitatiboa

Datuen urritasuna eta muga bistaz galdu gabe, zarataren inpaktu biologikoaren eredu kualitatibo bat osatu dute biologoek. Arau orokor bezala, edozein soinuren eragina soinuaren jatorria eta animaliaren arteko distantziaren araberakoa izango dela esan daiteke. Oro har, kaltearen izaera eta larritasuna distantziaren araberakoak izango dira.

Logikoa den bezala, kalte larrienak jatorritik hurbil gertatuko dira. Hor inpaktua zuzena eta hedagarria da: kalte fisiologiko larriak eta, txarrenean, baita animaliaren heriotza ere. Gizakioi gertatzen zaigun bezala, soinu oso biziek itsas ugaztunen belarrietako ehun eta hezurtxoak mindu ditzakete eta gorreria edo entzumen-galera eragin. Hartara, entzumena komunikatzeko ezinbestekoa dutela kontuan hartuz, animalien portaera nahitaez aldatuko da. Adibidez, isolatuta geratu eta hil egin daitezke. Beraz, soinuak zuzenean hiltzen ez baditu ere haren albo-ondorioek bai. Iturritik urrutiratu ahala kalteen natura eta larritasuna aldatu egiten da eta entzumen-galera eta epe motzeko edo epe luzeko portaera-aldaketak gerta daitezke orduan.

Itsasoetako zarataren iturri nagusiak

Ozeanoko zarataren jatorri nagusia garraioa da. Orduko 20 miliako abiaduran bidaiatzen duen petrolio-ontzi erraldoi batek, adibidez, 500 hertzen azpiko maiztasun-banda 190 dezibeleko edo gehiagoko zarataz asetzen du eta ferryen tamainako barkuek, berriz, 160-170 dezibeleko soinua egiten dute.

Transatlantikoek, petrolio-ontziek, ontzi izotz-hausleek eta bestelako itsasontziek guztiek batera sortzen duten zarata, ekaitz indartsuren batek edo lurrikararen batek soilik gainditzen du eta, gainera, etengabea da, bai denboran baita intentsitatean ere. Bestelako iturrien artean, petrolio-industriak erabiltzen dituen ekipoak bereziki zaratatsuak dira, batik bat zulaketak egiteko tresneria eta lehergailuak.

Petrolio-konpainia gehienek aire konprimituzko lehergailuak erabiltzen dituzte ozeano-hondoetan petrolioa antzemateko. Lehergailuak ontzi txiki baten atzealdean garraiatzen dira ilaran eta maiztasun finkoarekin egiten dute eztanda. Eztanda hain da indartsua, non uhinak ur azpian ehunka metrora dauden arroketaraino ailegatzen baitira, eta haiek interpretatuz, han behean petrolioa dagoen ala ez jakin daiteke. Petrolioa baldin badago, noski, plataforma ipiniko da, hura eraikitzeak eta lanean izateak eragiten duen zaratarekin. Petrolio-konpainientzat bikaina baina itsas animalientzat izugarria.

Bestalde, azken hamarkadetan beste bi zarata-iturri garrantzitsu sortu ditu gizakiak: sonar aktiboak eta termometro akustikoak. Azkenak, soinuak ur azpian bidaiatzeko behar duen denboraren baitan uraren tenperatura kalkulatzen du eta ikerketa zientifikoetarako oso tresna baliagarria da. Baina maiztasun txikiko soinu-pultsuak erabiltzen ditu eta, beraz, oso posible da itsats ugaztunen bizimoduan eragitea. Sonar aktiboak, batik bat, militarrek erabiltzen dituzte eta horiek ere maiztasun txikiko pultsuez baliatzen dira.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia