Zamaontzietan ere kaxa beltzak
2000/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2002az gero eraikiko diren ontzi guztiek kaxa beltzak izango dituztela erabaki du Nazio Batuetako Nazioarteko Itsas Erakundeak (IMOk).
Kaxa beltzek tresnen emaitzak, zubiko elkarrizketak eta kroskoan izan daitezkeen tentsioak grabatuko dituzte. IMOren ustez kaxa beltzei esker istripuak argitzea eta, aldi berean, gutxitzea lortuko da.
Ontzi zaharrekin zer gertatuko den, ordea, ez dago argi. Eztabaida Erika petrolio-ontziak eragindako marea beltzagatik hasi zen. Estatu Batuetan bezala Europan ere krosko bikoitzeko zamaontziak bakarrik porturatzen uzteaz mintzatu ziren orduan.
Europako AMRIE erakundea, ontzigileak eta portuetako agintariak ordezkatzen dituena, ordea, korrosioa ikustea zaila denez, krosko bikoitzaren kontra agertu zen. AMRIE zamaontzi guztietan, zahar eta berrietan, kaxa beltzak ipin daitezen bultzatzen ari da. Baina hainbatek errezeloak dituzte eta oraingo zamaontzietan kaxa beltzak ipintzea garestia dela ere argudiatzen dute horiek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia