}

Zaharrak berri

2001/02/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain dela gutxi, abelgorriek haragi-pentsua jan duten ala ez ikusteko test baten berri eman dute bi zientzialarik. Test hori abelgorrien zeluletan dagoen nitrogeno-isotopo kopuruan oinarritzen da. Bi isotopo daude aireko nitrogenoan: 14 eta 15. Landareek airean dagoena baino nitrogeno-15 gehiago dute, eta abereek are gehiago. Beraz, abere-proteinaz elikatutako abereek nitrogeno-15 gehiago dute landare-proteina besterik hartu ez dutenek baino. Behar bada, aipagarriena test hori abereak bizirik daudela ere egin daitekeela da.

Atapuercako ikerketen zuzendaria den Juan Luis Arsuagak azaldu duenez, arkeologian eta paleontologian aspalditik erabiltzen da teknika hori. Fosilen adina neurtzeko isotopo erradioaktiboak erabiltzen diren arren, kate trofikoak ikertzeko, hau da, zeinek zein jan zuen jakiteko, isotopo egonkorrak erabiltzen dituzte. Adibidez, Afrikan bizi ziren australopitekoen elikadura ikertzeko, karbonoaren isotopo egonkorren arteko proportzioan oinarritu ziren.

Atapuercako aztarnategiko Hezurren Leizean, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuko James Bischoff orain dela 300.000 urteko hartzen karbono- eta nitrogeno-isotopoak ikertzen dihardu. Hartz horiek harpeko hartz erraldoien arbasoak direla uste dute. Hala ere, ikerketen arabera harpeko hartzak oso haragi gutxi jaten bazuten ere, Hezurren Leizekoak askoz haragijaleagoak zirela jakin ahal izan dute.

Arsuagaren esanean, oso garrantzitsua da batzuen ustean alferrikakoak diren ikerketa-teknikek gaur eguneko arazoak konpontzen lagun dezaketela ikustea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia