Zabor-DNA, zaborretara
2007/06/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Alabaina, galdera, ez da zuzen-zuzena. Hobeto esanda, galdera horretako portzentajeak dira okerrak. Eta izugarri, gainera. Izan ere, benetan, gure zeluletako bakoitzaren genomaren % 2 ere ez dagokie geneei; ehuneko bi ere ez. Hortaz, galdera zuzena hau litzateke: zer da giza genoma ia guztia, geneak ez baldin badira?
Galdera horrekin batera, beste hauek ere sor litezke: giza genomaren hain zati txikia izanda, zergatik dute horrenbesteko garrantzia geneek? Eta, giza genomaren hain zati txikia izanda, dagokien baino protagonismo handiagoa eman diegu geneei? Geneek garrantzi handia dute, zalantzarik ez dago. Geneak proteinak egiteko informazioa duten DNA-zatiak dira, eta proteinak gure zeluletako oinarrizko langileak dira; haiek gabe jai dugu. Geneak ezagutzea, beraz, garrantzitsua da. Eman diegun protagonismoari buruz, berriz, zalantza gehiago egin liteke. Baliabide ugari bideratu dugu ikerketa genetikoetara, eta interes mediatiko eta sozial handia piztu da ikerketa horien inguruan. Ondorioz, asko hitz egin da geneez, azkeneko urteetan batez ere. Dagokien baino gehiago izan ote den… bada, zenbat dagokie?
Edonola ere, esango nuke genoma geneekin berdinduta eta giza genoma ia guztia bazterrean utzita, zegokion baino, edo ahal zen baino ikuspuntu murritzagotik heldu diogula, oro har, gaiari. Nahiz eta harritzekoa ere ez den, bazterrean utzitako horri emandako izenari erreparatuz gero; izan ere, giza genomaren % 98 horri zabor-DNA deitu izan diogu.
Zabor-DNA izena Susumo Ohno genetistak sortu zuen, 1972an, "So much "Junk" DNA in our Genome" izenburuko artikuluan (Zenbat "Zabor" DNA gure Genoman). Ohnok kromosomak ikertu zituen, eta ikusi zuen bizidunen historian zehar material genetikoaren bikoizketak gertatu izan direla. Bikoizketa horiek gene berrientzako abiapuntu gisa interpretatu zituen Ohnok, eboluzioaren mekanismotzat. Haren esanean, bikoiztutako zati horietan, mutazioz, funtzio berriak izan zitzaketen proteinak kodetuko zituzten geneak sor zitezkeen, baina, hori gertatzeko probabilitatea oso txikia izaki, gene berri bakoitzeko, ezer kodetzen ez zuen kopia erredundante piloa gelditzen zen DNAn. Errepikatutako sekuentzia haiek guztiak, beraz, eboluzioaren soberakinak ziren, desagertutako geneen arrastoak, "huts egindako esperimentuak". Horregatik, kopia haiei junk DNA deitu zien, zabor-DNA, eta izenak izana eman zien.
Dagoeneko, ordea, izana eta izena, biak, galtzeko bidean da zabor-DNA. Beti eragin du zalantza genomaren gehiengoa baliorik, egitekorik gabeko sekuentziak izateak, eta, jaramon gehiago egin zaion neurrian, funtzio posibleak eta garrantzitsuak topatuz joan dira ikertzaileak. Sekuentzia horietatik abiatuta proteinarik sortzen ez den arren, RNA bai, sortzen dela ikusi dute; uste dute litekeena dela genomaren erregulazioan parte hartzea, gizakia eta tximinoa bereizten dituen ezaugarrietan rol garrantzitsua egotzi zaio... Azken batean, zabor-DNAren kontzeptua zaborretara botatzeko modukoa dela dirudi; baina ez hura bakarrik. Inoiz sinetsi bagenuen giza geneak deskodetuta giza genomaren proiektua amaitu zela, bota uste hori ere zaborretara; zer esanik ez genomaren funtzionamendua ulertu izanaren ilusioa.
Berrian-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia