Zabal eta mardula den zuhaitza: gaztainondoa
1997/11/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaztainondoa
Familia honen barruan zuhaitzak azaltzen dira gehienbat, eta Ipar Hemisferioko eskualde epeletan garrantzi handiena duten baso-zuhaitzak osatzen ditu. Bere baitan 8 genero aipatzen dira; gure ingurunean oso ezagunak diren Fagus, Castanea eta Quercus generoak, hain zuzen ere. Bestalde, Castanea generoaren barruan, 12 espezie aipatzen dira, gure artean aztergai dugun Castanea sativa eta jatorriz Korea, Txina eta Japoniakoa den Castanea crenata daudelarik.
Zuhaitz mardula, altueran 30 m-rainokoa, adaburu zabal eta biribildua duena. Azala hauskara, leuna gazteetan eta adinarekin nabarmen zartatua. Hostoak nahiko handiak izaten dira, luzanga-lantzeolatuak eta lodi zerratuak.
Gerbak hosto-galtzarbetan jaiotzen dira, eta luzeak, finak eta horiskak izaten dira. Lore emeak oinaldean gutxi izaten ditu. Lore arrak berriz, askoz ere ugariagoak ditu eta gerbaren zatirik handiena osatzen dute. Udaberriaren erdialdean loratzen da. Fruituak, gaztainak, karlo biribildu eta gogortua (arantza luze pubeszentez hornituak) izaten ditu. Gaztainak udazkenean heltzen dira.
Espezie hau dirudienez, ekialdeko Mediterraneokoa da jatorriz, baina penintsulan oso antzinatik dagoela diote. Euskal Herrian, gaztainadiak asko hedatu ziren, Atlantikoko isurialdean batez ere. Baina mende honen hasieratik, pixkanaka-pixkanaka atzerapen handia jasan behar izan du, tintak eta tankroak sortutako eraginaren ondorioz. Gaur egun, gaztainadi izugarri horien aztarna batzuk besterik ez daude, arbola bakan batzuk eta ipurditik jaiotako pujak, han-hemenka azaltzen direlarik. Bestalde, klima heze eta epeletako zoru azidoetan ondo hazten dela esan behar da.
Gaztainak oso elikagai onak dira, nahiz eta liserigaitzak izan. Euskal Herrian janari tradizionaletako bat izan da. Bestalde, bere egur gogorra zurgintzan eta ebanisterian estimatua da. Sendabelar modura erabili izan da eta bere azala astringentea dela diote.
Familia: fagazeoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia