}

Xenonaren konposatu naturalak

2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Xenona naturan oso urri dagoen gas geldoa da eta ez du beste elementuekin erreakzionatzen. Orain arte lortu diren xenonaren konposatu guztiak laborategian sintetizaturikoak dira, naturan ez dauden azido indartsuekin erreakzionarazita. Helsinkiko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek, naturan aurkitzea posible izango litzatekeen xenon-aren konposatu baten bila, xenon gasa urarekin erreakzionarazi du.

Oso tenperatura baxuetan zegoen xenon-kristalez osaturiko filma laser bidez irradiatutako ur-molekulekin kontaktuan jarritakoan, xenon-filmaren barrunbeetan konposatu berria sortu zela ikusi zuten: ur-molekularen oxigeno- eta hidrogeno-atomoen arteko loturetako batek xenon-atomo bat zuen atxikita.

Konposatua -233 ºC-tan deskonposatzen da eta, nahiz eta lurgaineko lekurik hotzenak ere askoz beroagoak diren, -73 ºC ingurukoak, poloetako izotz geruza lodien hondoetan dagoen presio ikaragarria dela medio, halako konposatuak naturan aurki litezkeenaren itxaropena dute Finlandiako ikertzaile horiek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia