}

X:Biharko sistema eragilea gaur

2000/11/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izenak ez du enigmatikoa izan nahi. Apple-k garatutako sistema eragilearen hamargarren bertsioa besterik ez du adierazten. Baina hamargarren honek benetako berrikuntzak eskaintzen ditu, batez ere itxura eta lan egiteko erari dagokionez. Laster gure artean ikusiko dugun Mac OS X berri hau ez da sistema eragile arrunta, ingurune grafikoa bere azken mugaraino eraman baitute.

Steve Jobs-ek Mac OS X aurkeztu zuenean honakoa esan zuen: "Mac OS X-ek erabiltzaileak bere erraztasunagatik eta profesionalak bere ahalmenagatik liluratuko ditu". Eta azken finean hori da sistema eragile honen oinarria: erraztasuna eta ahalmena.

Itxura berritzailea

Mac OS X Macintosh-eko sistema eragilearen inplementazio guztiz berria da, interfazea ere aldatu egin dute eta "Aqua" izeneko interfaze berria sortu dute. Apple-k sortu duen interfazeko teknologia honek, 80ko hamarkadaren hasieran Apple-en lehen sistema eragilean suposatu zuen bezala, aurrerapauso nabarmena suposatzen du interfaze kontuetan. "Dock" izeneko aplikazioa gehitu diote; hau dokumentu, bideo, aplikazio, web gune, etab. antolatzeko sistema berria da, guztiz bisuala. Gainera, Finder-aren itxura ere berritu dute, eta, ondorioz, fitxategiak gorde, aurkitu eta antolatzeko era ere guztiz aldatu da. Honez gain, botoi, scroll eta leiho berrituak eskaintzen ditu Aquak, itxura guztiz berritzailearekin.

Hau guztia posible izan da, Mac OS X-ek eskaintzen duen sistema grafiko berriari esker. Honek 2D, 3D eta multimediarentzat oinarri berriak hartu ditu: 2D grafikoak Quartz sistema erabiliz lantzen dituzte (PDF estandarrean oinarritutakoa), 3D grafikoak OpenGL teknologian oinarrituta eta multimedia, aldiz, QuickTime estandarrean.

Bihotza Unix-en antzera

Sistema eragilearen bihotzak Darwin du izena, eta hau da Apple-k garatu duen sistema eragilearen kernela. Darwin Linux-en antzekoa da; beraz, open source moduko sistema eragilearen aldeko apustua egin du Apple-k.

Gainera, orain arte Macintosh-erako garatutako sistema eragileetatik egonkorrena hau dela esan daiteke, memoria babesteko sistema bereziak baititu: aplikazio bakoitzari bere memoria zatia esleiten dio, aplikazio batek huts egiten badu gainerakoen gain eraginik izan ez dezan. Gainera, sare eta Internet-erako bereziki prestatua dago.

Baina zer gertatzen da aplikazioekin? Lehendik dauden aplikazioek lan egingo al dute sistema eragile berrian? Hori ere aurrez ikusi omen dute, eta horretarako hiru sistema bereizten ditu Apple-k: "Classic", "Carbon" eta "Cocoa". "Classic" izeneko sistemak 8. bertsiotik aurrerakoekin lan egiten duten aplikazioak erabiltzen ditu. "Carbon" sistemak erabiltzen dituen aplikazioek aldaketa txikiak jasan dituztenak dira, sistema berrira egokitu dira maila xumean. Eta "Cocoa" sistemak sistema eragile berrira guztiz egokitutako aplikazioak erabiltzen ditu, honen eraginkortasunaz guztiz baliatuz.

Aplikazioak hiru maila horietan bereizteak sistema eragile berrirako migrazioa pixkanaka egitea ahalbidetzen du. Kontuan izan behar da sistema eragile hau G3tik aurrerako makinetan bakarrik ibili ahal izango dela eta 64 MB-eko memoria izan beharko dutela gutxienez. Ez da erabiltzaile guztiei zabaldutako sistema eragilea beraz, baina epe laburrera bera izango da nagusi Macintosh-en munduan inolako zalantzarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia