}

Xanpurik gabe ezin bizi

2004/10/24 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Xanpuen aukera geroz eta zabalagoa da; ile kizkurra edo lisoa izan, luzea edo motza, argia edo iluna, koipetsua edo lehorra, tindatua edo naturala, bada zure ileari egokitzen zaion xanpu bat.

Urtero milaka milioi euro gastatzen dira ilea txukuntzeko produktuetan. Lehen, etxean eskura zeuden gaiak erabiltzen ziren, beharraren arabera: ohiko xaboia ilea garbitzeko, ozpina leundu eta dirdira emateko, asun-ura buruko hazkura arintzeko eta abar.

Gaur egun, ordea, merkatuan aukera zabala dago. Zernahi beharretarako produktu bereziak aurki daitezke: ile urdina estaltzeko tindagaiak aukeran, bolumena emateko bitsak, orrazkera mantentzeko lakak, errazago lisatzeko kremak... Dendako apalean halako aukera ikusita, zailena produktu egokiena topatzea da. Esaerak ere hala dio: aukeraren maukera, azkenean okerra.

Gainera, bitxia da, baina gizakiak ez daukana nahi izateko joera saihestezina du. Ilekizkurrak ile lisoa nahi du, ilehoriak dirdira gorrizta, motza duenak luzatzea amets, eta luzea duenak ile moztu berriaren itxura osasuntsua. Eta nahas-mahas horretan, ilerako kosmetikoen etxeek geroz eta produktu berri gehiago ateratzen dituzte merkatura.

Xanpua, beharrezko gaia

Ohiturak egiten omen du beharra, eta, gaur egun, ilea garbitzeko xanpua beharrezko gaia da eguneroko garbiketarako. Ohituraren arabera, ile-egokitzailea, gogortzailea eta gainerako produktuak ere beharrezkotzat jo daitezke, baina oinarrizkoena, ileari dagokionez, xanpua da.

Geroz eta gehiago, ile-mota bakoitzari egokitzen zaizkion produktuak bilatzen dituzte ilearen kosmetikaren arloko enpresek.

Garai batean, ohiko xaboia erabiltzen zen ilea garbitzeko. Baina xaboiak arazo bat baino gehiago zituen; besteak beste, dirdira kentzen zion ileari, izan ere, xaboiak ilea estaltzen du, eta berezko dirdira galtzen du. Hori ikusirik, ilea garbitzeko bereziki egindako xaboiaren beharra zegoen.

Xaboi berezi hori xanpua zen. Xanpuaren oinarrizko funtzioa ilearen berezko koipea kentzea da, koipe horretan itsasten baita hautsa eta zikin-itxura ematen dioten gainerako gaiak. Behar hori ez da gaur egungoa, noski, eta badira mende batzuk gaur egungo xanpura iristeko lehenengo pausoak eman zirela. Egiptoarrek, esaterako, limoi-ura erabiltzen zuten urarekin diluitua, eta, ileak usain gozoa har zezan, belar usaintsuak ere gehitzen zizkioten prestakinari.

Xanpu hitza hinduen hizkuntzatik dator. XIX. mendearen bigarren erdian, Ingalaterrako ile-apaindegi finenetan ilea garbitzeaz bat buruan ematen zuten masajea zen xanpua, eta ez ilea garbitzeko erabiltzen zen produktua bera. Produktu haren oinarrizko formula bera zen ile-apaindegi guztietan (ura, xaboia eta sosa), baina lehengai horien neurria eta gehitzen zizkieten gainerako osagaiak isilpean gordetzen zituzten.

Baina benetako iraultza detergenteek ekarri zuten xanpuen mundura. Horregatik, gaur egungo xanpuen aitzindaria 1890ean Alemanian ekoitzi zutela esaten da, xaboiaren ordez detergentea zeukan lehenengo xanpua orduan egin baitzuten lehen aldiz. Baina askotan estatubatuarrei aitortzen zaie meritu hori, xanpua kantitate handitan ekoizten eta erabiltzen lehenak izan zirelako.

Formula magikoa

Xanpuaren zeregin nagusia ilea garbi eta osasuntsu mantentzea da.

Denborarekin, xanpuen formula egokituz joan da, buruko azalaren pHaren, ile-motaren, eta, nola ez, bezeroen beharren eta eskaeren arabera. Ilearen kosmetikan diru asko inbertitzen da; azken finean, ikerketaren bidez, egoera bakoitzerako ahalik eta xanpu egokiena bilatzen da.

Xanpuak, garbigarri gisa, osagai tentsioaktiboak ditu —surfaktante ere esaten zaie—. Osagai horien molekuletan bi alde bereizten dira: badute alde bat urari lotzeko gai dena (alde hidrofiliko esaten zaiona), eta badute beste alde bat koipeari lotzeko gai dena (alde lipofilikoa). Ezaugarri horiei esker, ilean igurtzitakoan koipea erauzi eta urberritutakoan koipe hori berarekin eramaten du xanpuak, eta ilea garbi uzten du.

Baina osagai tentsioaktiboek pH alkalinoa izaten dute (7 baino altuagoa), eta ilearena eta buruko larruazalarena apur bat azidoa da (5,5-6 ingurukoa). Hori dela eta, osagai azido bat ere izaten du xanpuak, fruta edo landareren batetik erauzitakoa askotan.

Baina xanpu guztiak ez dira berdinak, noski. Eta eroslearen ikuspegitik xanpu bat gainerakoetatik bereizten duten funtsezko osagaiak esentziak eta koipe esentzialak dira. Erosleak gustuko duen usaineko xanpua aukeratzen du, eta usain bereizgarri horren erantzuleak esentzia eta koipe horiek dira. Baina, horretaz gain, ilearentzako mantenugaiak dira. Betiko esentziak kamamilatik, menda-belarretik edo izpilikutik ateratakoak dira, baina gaur egun ia edozein usainetako xanpuak daude.

Ilea zaintzen ez bada, lehortu egiten da eta puntak errazago hausten dira.

Xanpuaren lana ileko koipea kentzea dela jakinik, harrigarria gertatzen da xanpuak berak koipeak dauzkala jakitea. Baina xanpuetako koipe bakarrak ez dira koipe esentzialak; ilearen berezko hezetasuna mantentzeko, animalietatik eta landareetatik ateratako koipeak ere erabiltzen dira, hala nola lanolina eta lezitina.

Osagai horiez guztiez gain, xanpuari bukaerako itxura ematen dioten konposatuak ere izaten dira: lodiera jakin bat ematen diotenak. Eta ezin ahaztu formula osatzen duten ezkutuko osagaiak, ekoizle bakoitzak ezkutuan gordetzen dituenak. Hori ez da harritzekoa, izan ere, ileko kosmetikoen ekoizleek diru asko xahutzen dute ikerketan, eta xanpuak prozesu luze eta garestien emaitzak dira.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia