Wisenut, Google-ren arerio zorrotza
2001/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Asko gara Google (www.google.com) Interneteko bilatzaile onena dela esan ohi dugunak. Azken hilabeteetan, gainera, hobekuntza nabariak izan ditu bilatzaile horrek: irudiak bilatzeko aukera, berri-taldeetan bilaketak egiteko aukera, edo bere informazio zuhaitzean nabigatzeko aukera ere, besteak beste.
Orain, ordea, arerio zorrotza agertu zaio: Wisenut bilatzailea (www.wisenut.com) Google ren antzekoa bada ere, baditu hainbat berezitasun: zalantzarik gabe nabarmenena zera da: aurkitutako web orrien pantaila-argazkiak emaitzarekin batera jasotzeko aukera. “Sneak-a-peek” izeneko aukeraz baliatuz, emaitza dugun orrian bertan zabalduko zaigun leihoan jarraitu ahal izango dugu aurkitutako web gunearen informazioa.

Horretaz gain, informazioa indexatzeko duen erak ere badu berezitasunik: Google-k web orrien garrantzia zehazterakoan, orri horretara dauden lotura-kopurua hartzen du kontuan. Horrela, kanpotik lotura asko dituen web gune batek postu ona lortuko du Google-ren emaitzetan. Wisenut-en indexatzaileak, berriz, testuinguruaren garrantziaren arabera klasifikatzen omen ditu web orriak, edukiak aztertu eta horien garrantzia kontuan hartuta.
Dena den, Google-k badaki euskaraz (http://www.google.com/intl/eu/), eta Wisenut-ek oraindik ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia