WiMAX: iraultzaren iraultza
2006/12/01 Asurmendi Sainz, Jabier - Informatika-ingeniaria eta Bitarlan-en sortzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria
WiMAX ( Worldwide Interoperability for Microwave Access ) datu-transmisiorako hari gabeko protokolo bat da, eta irrati-uhinen bitartez banda zabaleko Internetera konektatzeko aukera ematen du, WiFi delakoa baino askoz indartsuago, gainera.
Izan ere, WiMAXek 70 megabit segundoko abiadura eskaintzen du, eta antena bakar baten bitartez gai da 50 kilometroko itzulingurua betetzeko; WiFik, berriz, 300 metro besterik ez ditu hartzen. Hau da, WiFik etxeetan eskaintzen du haririk gabeko banda zabaleko Internet, eta WiMAXek hiri osoan. Horrenbestez, teknologia hau ohiko ADSLaren ordezko gisa aurkezten da. Zergatik? Banda-zabalera egokia eskaintzen duelako, simetrikoa
--alegia, abiadura bera duena igoeran eta jaitsieran--, eta hariaren muga fisikorik gabe, gainera. Hala bada, aukera ezin hobea da landa-inguruneko herrietarako, edo hari bidezko banda zabaleko Internet iritsi ez den guneetarako. WiMAX teknologiaren bidez, gainera, konexio egonkorrak egin daitezke puntu batetik beste puntu batera, edo puntu batetik puntu batera baino gehiagotara, (antena batek hainbat erabiltzaileri ematen dio zerbitzua), datuen konfidentzialtasuna bermatuta.
WiMAX Forum
WiMAXen inguruko estandarrak eta parametroak definitzeaz WiMAX Forum enpresa-partzuergoa arduratzen da. Halaber, inplementatutako garapenak aztertzen eta probatzen ditu. Partzuergo hori hirurogeita zazpi enpresak osatu zuten hasiera batean, eta, egun, ehun partaide baino gehiago ditu. Ez edozein, gainera. WiMAX Forum partzuergoan enpresa teknologiko oso garrantzitsuek hartzen dute parte, besteak beste: Nokia, Siemens, Motorola, Samsung, Intel, Fujitsu Microelectronics, Alvarion, Texas Instruments, Deutsche Telekom, France Telecom, Telecom Italia edo Euskaltel.
WiMAXi IEEE 802.6 eta Europako Estandarizazio Erakundearen HyperMan estandar-familia dagozkio. Hasierako 802.16-2004 estandarra 10-66 GHz-eko maiztasun-bandan kokatzen zen eta LOS dorreak ezinbestekoak ziren seinalea transmititzeko. LOS dorreen desabantaila da elkar ikusi behar dutela.
2003ko martxoan onartu zen bertsio berriak, aldiz, 802.16a-k, banda estuago eta baxuago bat erabiltzen du, 2-11 GHz-ekoa. Bertsio hori errazago erregulatzen da eta, horrez gainera, ez du LOS dorreen beharrik. Nahikoa da oinarri-estazioak hedatzea. Oinarri-estazio horiek --igorle-hartzaile antenek osatzen dituzte-- gai dira 200 estazio hartzaileri zerbitzua emateko, eta estazio hartzaile bakoitzak eraikin oso bati eman diezaioke estaldura.
WiMAX teknologiak 2005aren amaieran jaso zuen azken bultzada. 2005eko abenduaren 7an, IEEEk WiMAX mugikorrerako estandarra onetsi zuen: 802.16e. Estandar horrek aukera ematen du hari gabeko komunikazio-sistema hau mugitzen diren terminalekin erabiltzeko. Alegia, estandar horri esker, posible da finkoaren eta mugikorraren arteko azpiegitura mistoak garatzea, eta ezaugarri hori sistemak aurretik zituenak baino erakargarriagoa da ikuspegi ekonomikotik. Ondorioz, 802.16e estandarra onartu eta gero, lehenago WiMAXen dirua inbertitzera ausartu ez ziren enpresa asko inbertitzeko prest agertu dira.
Finkoa eta mugikorra
Hala bada, erabilera-eremu bi bereiz daitezke WiMAX sistemetan: finkoa, 802.16a estandarra, eta mugikorra, 802.16e estandarra. Eremu finkoan, eraikin hartzailean satelite bidezko telebistarako jartzen den antenaren antzekoa jartzen da. Leku estrategikoetan jarri ohi da, teilatuan edo mastan, baina eraikinaren barnean jartzea ere posible da, seinalea kanpoan jarrita bezain sendoa izan ez arren.
Eremu mugikorrak eramangarritasuna ekartzen du merkatu mugikorrarentzat. Eremu horrek Maiztasun Zatiketa Ortogonalaren bidezko Sarbide Anizkoitza (OFDMA) erabiltzen du. OFDMA irrati-uhinen bitartez datu digitalen kantitate handiak igortzen laguntzen duen erabiltzaile anitzeko modulazio teknikoa da. OFDMAk irrati-seinalea hainbat azpiseinaletan zatitzen du, eta guztiak batera igortzen ditu hartzailerantz maiztasun ezberdinetan. Hain zuzen ere, hurrengo urteetan lehenengo WiMAX terminalak agertzea espero dute: PDAk, telefonoak edo eskuko ordenagailuak. Beraz, etorkizun ez oso urrunean, telefonia mugikorrerako aukera garrantzitsu bihur daiteke WiMAX teknologia.
Nola dabil WiMAX?
Eragin praktikoen aldetik, WiMAX eta WiFi berdintsu dabiltza, baina WiMAX azkarrago eta askoz distantzia handiagoetan ibiltzen da, eta erabiltzaile gehiagorentzat balio du.
Edozein WiMAX sistemak bi osagai ditu. Alde batetik, WiMAX dorreak daude; dorre horietako bakoitza 8.000 kilometro karratura arteko estaldura emateko gauza da, igorritako seinale motaren arabera. Beste alde batetik, hartzaileak daude; sarerako sarbidea izateko gure PCan, eskuko ordenagailuan, PDAn eta abarretan konektatzen ditugun txartelak.
Gainera, seinalea emateko bi modu daude. Antenaren eta hartzailearen artean oztopoak daudenean, behe-maiztasunak erabiltzen dira datuak igortzeko (2-11 GHz). Horrela, objektuek eraginiko interferentziak saihesten dira. Horrek banda-zabalera baliagarria murrizten du, jakina. Halaber, zerbitzu hori eskaintzen duten antenek 65 kilometro karratuko estaldura ematen dute, sakelako telefonoen kasuan bezala, gutxi gorabehera.
Oztoporik ez badago eta zuzeneneko ikusizko harremana badago, goi-maiztasunak erabili ohi dira, 66 GHz ingurukoak. Ondorioz, banda-zabalera izugarri handia lor daiteke. Banda-zabalera handiagoa emateaz gainera, zerbitzu hau eskaintzen duten antenak gai dira 8.000 kilometro karratuko estaldura emateko. Alabaina, oro har, erabiltzaile arruntek lehenengo zerbitzu-mota erabiltzen dute. Haatik, egungo WiFiarekin ezberdintasun handiak nabarituko dira. Izan ere, abiadura 70 Mb segundokoa izango da eta seinalea 50 kilometrotan izango da baliogarria.
Abantailak
Hainbat alditan aipatu denez, abantaila nagusietariko bat da ADSLa edo haria heltzen ez zen lekuetan banda zabala edukitzeko aukera izango dela.
WiMAX, telefonia mugikorraren sareak ez bezala, erregulatu gabeko uhin-espektroan mugitzen da, 11 GHz baino gutxiagoko maiztasunetan alegia. Beraz, teorian, ez litzateke lege-betekizun gehiegi egon behar edonon ezartzeko. Eta zerbitzua eskaintzeko egin beharreko inbertsioa edozein enpresa txiki eta ertainek egiteko modukoa da.
WiMAX irrati-seinaleen bidez ibiltzen da, WiFi bezala, baina WiFiren seinalea degradatzen hasten da 20 pertsona batera konektatuta daudenean. WiMAXek, ordea, ehunka erabiltzaile onartzen ditu kanal bakoitzeko, eta banda-zabalera handiarekin. Beraz, egokia da kalitatezko zerbitzu anitz batera eskaintzeko, esaterako, bideoa, datuak eta ahotsa.
Hori guztia ikusita, esan daiteke WiMAX oso aukera onuragarria dela enpresentzat, bai banda zabaleko Internet izateko aukera eskaintzen dielako beste aukerarik ez dagoen lekuetako enpresei, bai hirietan beste aukera bat delako egungo ADSLak edo hariak hornitzen duen baino banda zabalera handiagoa edukitzeko. Horretaz gainera, enpresa osoarentzako erabateko konektibitate-irtenbidea izan daiteke: solairu oso bat edo eraikin oso bat sare berean konektatua edukitzeko aukera ematen du.
Erakunde publikoen komunikazio-beharrak asetzeko ere oso egokia da. Adibidez, hiri bateko administrazio-bulegoak elkarrekin konekta daitezke. Udalerriko biztanleei ere Interneterako edo udal-sarerako sarbidea eman dakiekeela sistema honen bidez.
Bestalde, komunikabideetan, batez ere telebistetan eta irratietan, edukiak digitalizatzeko joera dago gaur egun, adibidez, gero interneten jartzeko. Testuinguru horretan, WiMAX eduki horiek kaleratzeko aukera ona, erraza eta merkea da, eta batez ere telebista lokalentzat oso baliagarria izan liteke. Gainera, etorkizunean, dispositibo eramangarrietan ere estaldura izango da. Ondorioz, egungo sistemak banda-zabalera handiko eta sare berdineko sistemetara migratu ahal izango dira.