Vostok lakura iritsi dira ikertzaile errusiarrak

- Zina Deretsky/NSF


Antartikako izotz azpian 14 milioi urte daramatzan Vostok lakura iritsi dira ikertzaile errusiarrak. Antartikako Espedizio Errusiarreko buru Vladimir Lukinek gaur egindako adierazpenen arabera, otsailaren 5ean iritsi ziren lakuaren gainazalera, guztira 3.769 m izotz zulatuta.

Zientzialariek interes handia dute 14 milioi urtez isolatuta egon den laku honetan bizidunik edo haien arrastorik dagoen ikertzeko.1989an hasi ziren Vostok lakuaren gaineko izotza zulatzen, klima-aldaketaren zantzuak aurkitu nahian. Baina, uretara iristeko 130 metro gelditzen zirenean, zulatzeari utzi zioten, ura ez kutsatzearren. Bidean mikroorganismoak ere aurkitu zituzten, baina ez zegoen argi mikroorganismo haiek izotzetan zeuden edo zulatzeko erabilitako tresnetan, eta eztabaida piztu zen. Errusiarrek 2005ean ekin zioten berriro zulaketari, ura kanpoko mikroorganismoekin ez kutsatzeko neurriak hartuta.

Orain, lakura iritsi diren arren, ikerketekin jarraitzeko hurrengo urtera arte itxaron beharko dute. Dagoeneko taldeko bi kide bakarrik gelditzen dira estazioan, eta haiek ere laster utzi beharko dute, han egon daitezkeen garaia bukatu baita. 2012-2013ko uda antartikoan robot bat bidaltzeko asmoa dute errusiarrek, ur-laginak eta hondoko sedimentu-laginak hartzeko.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Geologia