}

Venezia, kanalen hiria itotzear

2004/02/22 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Venezia hiri erromantikoa da, ezbairik gabe. Mundu osoan dira ezagunak hango kanalak, zubiak eta gondolak. Baina hain dotore egiten duten ezaugarri horiek berek eraman dezakete hondamendira ere. Izan ere, adituen arabera, ehun urte barru ur azpian egongo da. Hori eragozterik izango ote dute?
San Marko plaza urtean ehun bat aldiz estaltzen du urak.

San Marko plaza Venezia hiriaren erdigunean dago. Mende-hasieran urtean hamar aldiz geratzen zen urpean. Gaur egun, aldiz, ehun bat aldiz. Halakoetan, turistek galtzak jaso eta elkarri argazkiak ateratzen jarraitzen dute. Baina uholde horiek ez dira bitxikeria hutsa, Veneziaren etorkizun ilunaren iragarle ere badira.

Mose proiektua

Adituen ustez, zerbait egiten ez bada, urte batzuk barru Venezia urak estaliko du. Hori ikusirik, badirudi veneziarrek ez daukatela geldi egoteko asmorik. Izan ere, uraren sarrera oztopatzeko, dike erraldoiak eraikitzeko Mose proiektua onartu zuten joan den urtean. Proiektu erraldoia da, zalantzarik gabe, hamar urteren buruan itsasoaren hiru sarbideak ixteko euste-horma mugikorrak egingo baitituzte. Proiektua gauzatzeko 400.000 euro beharko omen dira.

Mose proiektuaren ideia ez da berria, 1980an aurkeztu zen lehenengo aldiz. Eztabaida orduan hasi zen, baina ez da oraindik bukatu. Talde ekologistak guztiz aurka agertu dira; proiektu hori gauzatuz gero, aintzirako ekosistemaren oreka aldaraziko dela argudiatzen dute.

Inauterietan maskara eta jantzi dotorez janzten da hiria.

Naturaren babesaren ikuspegitik, horrelako irtenbideekin arazo ugari sor daitezke. Sedimentu naturala eta hezegunea galtzea, lurra degradatzea, industriatik sortzen dituen poluitzaileak badian pilatzea eta, oro har, urak kalitatea galtzea dira eraikuntza-proiektu horren aurrean ekologistek dituzten kezka nagusiak.

Veneziako lurretan aspaldi hautsi zen oreka, ordea. Izan ere, Venezia izatez urmael bat da, lautadatik Adriatikora doazen ibaiek milaka urtean pilatutako sedimentuekin osatu zena. Urmaela ez da itsasoa, haraino 50 kilometro lur eta harea daude. Hiru sarbide baino ez ditu itsasoak: Lido, Malamocco eta Chioggia. Hiru toki horietatik sartzen da ur gazia eta horietatik irteten ur gazikara.

V. mendean, gizatalde batek lurrak lehortzeari ekin zion; kanalak egiten hasi ziren, aintzirak estaltzen, ibaiak desbideratzen… belaunaldiz belaunaldi hiria eraiki zuten arte. Jakina, mendeetako borroka horretan une batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa izan dute. Esate baterako, 1501. urtea urte seinalatua da, Sile, Piere eta Brenta ibaiak desbideratzea erabaki baitzuten. Hiru ibai haiek ziren urmaelera iristen ziren ibai nagusiak. Bi mende behar izan zituzten lana burutzeko. Obra haiei esker, itsasontziak urmaelera sartu eta porturaino iristen ziren. Kolpea hartuta ere, urmaela gai izan zen orekari eusteko.

Veneziaren bereizgarrietako bat kanalak dira.

Baina benetako kolpea XX. mendean iritsi zen, 50eko hamarkadan. Petrolio-ontziak Margherako industria-porturaino iristeko, petrolioaren kanala eraiki zen, 15 metroko sakonerako kanal zuzen-zuzena. Inguru guztia industria kimiko eta petrokimikoz bete zen. Lantegiek gero eta ur gehiago hartzen zuten urmaeletik, erabili, zikindu eta berriro urmaelera botatzeko. Oreka hautsi egin zen. Urmaela —berez ur gezaz, gaziz eta gazikaraz osatutako ekosistema— zingira bihurtu da ertzetan eta itsaso erdialdean. Petrolio-ontziek, merkantzia-ontziek eta turistentzako itsasontzi handiek olatu handiak eragiten dituzte.

Ondorioz, mareen joan-etorriarekin sortzen ziren hondar-, lohi- eta alga-bankuak suntsitu egin dira, eta higadura areagotu. Higadurak urmaelaren hondoa jaten du, eta baita eraikinetako zimenduak ere. Ondorioa garbia da: 1990ean, Venezia mende-hasieran baino 23 zentimetro beherago zegoen.

Etorkizun iluna

Mose proiektuan eraikitzekotan diren euste-hormek aldizkako uholdeei eusteko balioko dute, baina, zenbaiten ustean, ez dira nahikoa izango itsasoaren ur-maila etengabe igotzea sahiesteko. Halabeharrez, beste neurri batzuk ere hartu beharko direla dirudi.

Munduko hiri erromantikoenetako bat ur azpian geratzeko arriskuan dago.

Bide horretatik, Paduako unibertsitateko ikertzaile batzuek, Giuseppe Gambolati buru dutelarik, beste proposamen bat kaleratu dute Venezia salbatzeko: hiria zentimetro batzuk igotzea.

Ideia bera ez da berria, lehenago ere, 70eko hamarkadan, proposatu zen. Gambolatiren esanean, ordutik teknologia asko aurreratu da, eta dagoeneko posible da Venezia azpian fluidoak ponpatzea hiria altxatzeko. Teknika horrek Mose proiektuaren bizitza luzatzen lagunduko luke, hamar urtean hiriak 30 zentimetro egingo bailuke gora.

Dena dela, oraindik azterketa geologiko eta geofisiko zehatzak egin behar dira; eta horien arabera erabakiko da proiektua bideragarria den ala ez. Azken finean, veneziarrek mendeak eta mendeak daramatzate naturari aurre egiten, eta baliteke egun batean etsi behar izatea. Hala eta guztiz ere, oraingoz ez daude amore emateko prest, eta arbasoek utzitako ondare kulturala kosta ahala kosta babesteko prest daude antza.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia