Uztaila paradisuan
1996/09/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Uztailaren 1a. Goizeko zortziak eta Baionako René Cassin Lizeorako bidean goaz. Eguna euritsu esnatu da, baina eguerdirako eguzkia ikusterik izango dugula entzun dugu irratian. Autopistan ez dugu jende askorik aurkitu, baina hiriburura sartu orduko ikusi ditugu aurtengo egoitza berrira eramango gaituzten kartelak. Gaur goizean hasiko dira XXIV. edizioko Udako Ikastaroak. Programari begiratu eta Manex Goihenetxek sarrera-hitzaldia emango duela irakurri dugu.
Zalantzarik gabe, beste garai bat izango du gogoan Goihenetxek, bera izan baitzen UEUk izan zuen lehen Lehendakaria; gurdiari tiratzea egokitu zitzaion 1973. urtearen bueltan; Euskal Herriak inoiz unibertsitaterik izango zuela pentsatze hutsa ia delitutzat hartzen zen garaian. Ez dakigu bere gaurko hitzaldian horren aipamenik egingo duen, baina Baionako Kultur Asteak finkatzeari eta etorkizunerako prestatzeari buruzko hausnarketetan Gohienetxe buru izan zela entzun dugu behin baino gehiagotan; orduantxe hasi zen Udako Euskal Unibertsitatearen hazia ereiten, Katalunian egiten zen Universitat d’Estiu hura gogoan zutela. Azalduko al dizkigu gaurko hitzaldian Gohienetxek kontu horiek?
Goizeko bederatzietarako dena prest dago. Ikasleei harrera egitea baino ez da falta eta ate ondoan jarri gara, etorriko ote diren edo begira, urduri. Eta hasi dira etortzen. Une honetan ez dakigu zein izango den astea amaitzerako lortuko den kopurua eta “errekorra” hurrun samar ikusten da oraindik. Baina beteko da: XXIV. edizioan inoiz baino ikasle gehiago bertaratuko da Baionara; 150 inguru. Jendea erakartzeko moduko egitaraua antolatu da aurten. Jakina denez, bi egoitza ditu UEUk udan zehar eta bietan mugaz bi aldeetako ikasleentzat interesgarriak diren ikasgaiak eskaintzen dira; ez da banaketarik egiten, ez da banaketa hori gerta dadin bilatzen.
Natur Zientzietako egitaraua aztertzea besterik ez dago UEU-ren oinarri ideologiko horretaz ohartzeko. Izan ere, hezkuntza-sistemaren erreformak sortuko dituen behar berrietara egokituz, “ Euskal Herriko Paisajearen Bilakaera ” izenburuko ikastaroa antolatu zen aurten Baionan, bereziki Derrigorrezko Bigarrren Hezkuntzan (DBH) lan egingo duten profesionaleei begira; material didaktiko berria euskaraz sortzea eta talde-lanean kezka berriei irtenbidea ematea izan dira ikastaro honen lorpenik garrantzitsuenak. Astebeterako, ez dago gaizki...
Eguerdiko 12ak Renè Cassin Lizeoan. Bazkaltzeko ordua da Iparraldean. Aurten egoitza berria estreinatu du UEUk, erosoagoa, egokiagoa, jantokia, taberna, ikasgelak eta logelak integratu dituena. Lagunarteko giroa sortzeko ere lagungarria gertatu da. Antolatzaileak pozik daude; bazkaltzeko orduan mahai guztiak beteta ikustea ez baita urtero gertatzen. Jendeak erantzun dio UEUren deiari eta ikastaroak arrakastaz burutu dira.
Larunbatean, uztailaren 6an, Mikel Laboaren kantaldiak amaiera emango die Baionako Udako Ikastaroei. Ez dakit lehen esan dugun, baina antolatzaileak pozik daude.
Iruñeko termometroa
Uztailaren 15a da, Pobre de Mi eguna Iruñeko sanferminetan. Jaiaren amaiera adierazten duen eguna da festazaleentzat, baina Udako Ikastaroak antolatzen dihardutenentzat egun handia da: bihar irekiko ditu bere ateak Larraonako Ikastetxeak eta, beraz, prestakuntza-lanek luze joko dute gaur. Hala espero genuen eta horrelaxe gertatu zen. Iruñean guztira 800 ikas-ordu baino gehiago emango dira aurten, 30 bat sailek antolatuak. Ez da nolanahiko marka.
Goizeko 8ak Larraonan, astelehena, hilaren 15a. Abiatu da XXIV. edizioko ekitaldirik jendetsuena, Iruñeko Ikastaroak. Eguerdiko 12etan Joxe Azurmendik eskainiko du sarrera-hitzaldia — Karlos Santamariaren pentsamendu pertsonalista aukeratu du abiapuntutzat — eta ondoren, 15 egunko ihardunari ekingo zaio. Ikasleak hasi dira etortzen, poltsa eta motxila astunak bizkar gainean dituztelarik. Bero egiten du Iruñean eta hau hasiera baino ez da izan.
Larraonatik 200 bat kilometrora, Leioako Kanpusean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHUko) Gobernu Batzordeak bilera du gaur iluntzean. Aztergaien artean, homologazio bidean jarriko diren ikastaroen zerrenda dute; onartu edo atzera botako dutena. Udako Euskal Unibertsitateak 25 ikastaro aurkeztu dizkio EHUri, homologa ditzan.
Asteartera arte ez dute erabakiaren berri emango: EHUk homologatu egin ditu 25 ikastaroak. Hainbat hilabetetako lanaren emaitza da erabaki hori eta etorkizunerako oso urrats garrantzitsua dela adierazi zigun Mikel Aizpuruk, UEUKo Zuzendariak: “ EHUko Gobernu Batzordeak guk aurkeztutako ikastaroak bere homologazio-sistemarako ontzat eman ditu eta hori UEUren onarpentzat ulertu behar dugu. UEUren iharduera aintzat hartzen dela eta ikastaroen balio akademikoa onesten dela esan nahi du horrek. ”
Erabaki horren garrantziaz jabe gaitezen, adibide bat jarri zigun Mikel Aipuruk. “ Hautapen librekoak diren ikasgaien sistema dela medio, ikasleek unibertsitateak eskainitako ikasgaietatik edo unibertsitatetik kanpoko ihardueren artean aukera egin dezakete. Hemendik aurrera, EHUko ikasleek oso kontuan izango dituzte UEUk antolatzen dituen ikastaroak; EHUk berak eskaintzen dituen zenbait ikasgairen baliokide izango baitira. Eta jakina denez, fakultateek ez dute ordutegiak ikaslearen beharretara egokitzerik; hortaz, udako egunak aprobetxatuz ikasketak osatzeko aukerak mesede handia egingo die ikasleei”.
Jakina denez, planifikazio berriak hainbat ikasgai-mota aurreikusten ditu; batetik, derrigorrezkoak diren ikasgaiak daude, batik bat karreraren lehen bi urteetan nagusi direnak. Horiez gain, hautazko ikasgaiak daude, lizentziatura bakoitzaren barruan multzo berezi bat; eta azkenik, hautapen libreko kredituak daude, ikasleak era ezberdinetan lor ditzakeenak: lizentziaturako ikasgaien artean, beste lizentziatura batzuetan, nahiz unibertsitatetik kanpoko ihardueretan. Azken multzo horretan izatea lortu du UEUk aurtengo ikastaroetarako. Udako Ikastaroak hasi berriak ziren artean, berririk garrantzitsuena iritsi zenean. Gero, homologazioarekin atzera eta aurrera ibili ginen hamabost egun horietan. Ez dakit lehen esan dugun, baina antolatzaileak pozik zeuden.
Eskaintza biribiltzen
Aurtengo ikastaroetan disziplinarteko saio asko burutu ditu UEUk, bai Iruñean eta bai Baionan. Historia eta Pedagogia, Ekonomia eta Zuzenbidea, Musika eta Antzerkilaritza, Musika eta Bertsolaritza... Ikasgaiak finkatzeko izan ere, interesa jo da irizpide nagusitzat eta disziplina desberdinen arteko koordinazioa zaila bada ere, emaitza oso ona izan dela esan digute. Aurtengo maila akademikoa bestalde, nahikoa altua izan bide da. Hori adierazten du inoiz baino doktore gehiagok parte hartu izanak, horrek ikastaroen balio zientifikoa bermatzen duelako. Ikastaroetan urtean zehar “detektatu” diren kezkak isladatu nahi izan dira eta horren ondorioz, egitaraua erabat “gaurkotua” geratu da.
Aurten hiru ikastaro berri antolatu dira Iruñean: Arkitektura, Administrazioaren Hizkera —IVAPen laguntzaz aurrera atera dena— eta Web orriak ; hiruretan emaitza bikaina eman dute ikasleek eta irakasleek, eta arrakastatsu suertatu direnez, datorren urtean ere ikastaro berririk izango da: nekazaritzaren ingurukoa. Horrez gain, Fisikako ikastaroa astebetez soilik egitea motz samar geratu dela eta, datorren urtean bi astera luzatzea proposatu dute, oraingoz erabakirik ez badago ere.
Eta bukaeran, topa!
Ohartuko zinetenez, arrakasta hitza behin baino gehiagotan aipatu dugu jadanik; antolatzaileek arrakasta hitza erabili baitzuten hitzetik hortzera azken eguneko balorazioa egitean. Landu eta findu beharreko gauza asko dago oraindik, baina oro har, aurtengo ihardunaldia bikain joan dela esan daiteke. Hona hemen aurtengo izarra: partaidetza; inoiz baino partaide gehiago izan baita aurten Iruñeko Larraonan, ia 800 guztira. Horri beraz, Baionako kopurua gehitu behar zaio eta ondorioz, zenbaki historikotik gero eta hurbilago jarri da UEU: ia 1.000 partaide izan dira XXIV. Udako Ikastaroetan. Zorionak!
Partaideei dagokienez, unibertsitate-mailako ikasleak nagusi izan dira aurten ere (%34,5) eta multzo nagusi horren ondoren, unibertsitateko irakasleak datoz, %15,8 hain justu. Gipuzkoatik (%39) eta Bizkaitik (%35,4) Iruñera joandako partaideak nagusi izan badira ere, Nafarroatik eta Arabatik joandakoen kopuruak gora egin du aurreko urteekin alderatuta. Emakumezkoak oraindik nagusi (%53), baina aldea gero eta txikiagoa da.
Zenbakiek adierazterik ez duten sentsazioa nagusitu da aurtengo edizioan: gauzak ongi egiten ari dira, hartutako bidea zuzena da, baina lan asko dago oraindik egiteke. Bidean aurrera egin beharra dago euskara eta unibertsitatea benetan uztartu nahi badira, eta zalantzarik gabe, datorren urtea oso garrantzitsua izango da. Urte guztiak dira garrantzitsuak eta desberdinak, baina hurrengoak ukitu berezia emango dio Udako Euskal Unibertsitateari. Datorren urtean, izan ere, 25 urte beteko dira UEUko lehen talde hura elkartu eta bidea urratzen hasi zenetik, lehen urratsak eman zituela. Azken ihardunaldiek utzi duten zapore gozoa dastatzeko ia betarik gabe, lanari ekiteko ordua da jadanik. Ez dakit lehen esan dugun, baina antolatzaileak egindakoaz pozik daude.
IRUÑEKO DATU ESTATISTIKOAK | IRUÑEKO DATU ESTATISTIKOAK |
SEXUA | % 53 % 47 |
ADINA | % 12,2 % 24,7 % 19,3 % 16,6 % 10,4 % 5,2 |
HERRIALDEKA | % 9,1 % 35,4 % 38,9 % 1 % 12,6 % 1 |
LANBIDEA | % 2,3 % 34,5 % 6 % 6 % 15,8 % 4,4 % 8,3 % 5,5 |
IKASKETAK | % 3,9 % 30,6 % 7,7 % 18,8 % 5 |
ZENBAT ALDIZ UEUko Ikastaroetan? | % 45,9 %13,4 % 7,4 % 14,1 |
PARTAIDE-MOTA | % 30,4 % 63,3 % 3,7 % 2,6 |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia