Ustekabeak Artizarreko hego-poloko zurrunbiloan
2013/03/24 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako tamaina duen zurrunbilo bat dago Artizarreko hego-poloko atmosferan. EHUko Planeta Zientzien Taldeko astronomoek ikertu dute, eta emaitzak Nature Geoscience aldizkari ospetsuaren sareko bertsioan argitaratu dute. Atmosferan bi hodei-geruza nagusi daude, 20 kilometroko gune batek banaturik. EHUko astronomoek gertutik jarraitu diote zurrunbiloaren mugimenduari bi geruzetan, eta mugimendu hori alderraia dela egiaztatu dute.
“Bagenekien iraupen luzeko zurrunbilo bat dela; bagenekin, halaber, itxuraz aldatzen dela egunero. Baina uste genuen zurrunbiloaren erdiguneek bi altueretan hodi bakarra osatzen zutela, eta ez da hala. Erdigune bakoitza bere aldetik doa, eta, hala ere, zurrunbilo atmosferikoko egitura osoa ez da desegiten”, azaldu du Itziar Garatek, EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaile nagusi eta kideak.
Iraupen luzeko zurrunbiloak ohiko fenomenoa dira errotazio azkarreko planetetako atmosferetan, hala nola Jupiterrenean eta Saturnorenean. Artizarra errotazio motelekoa da, eta, hala ere, zurrunbilo iraunkorrak ditu bi poloetako atmosferan. Are gehiago, atmosferaren errotazio-abiadura planetarena baino askoz handiagoa da. “Aspalditik dakigu Artizarreko atmosfera planeta bera baino 60 aldiz azkarrago biratzen dela, baina ez dakigu zergatik. Aldea izugarria da; horregatik deitzen zaio super-errotazioa. Eta ez dakigu nola hasi zen eta nola mantentzen den”.
EHUko taldeak hego-poloko zurrunbiloaren bilakaerari jarraitu dio ESAko Venus Express espazio-ontziak daraman VIRTIS-M infragorri-kamerari esker. Ontzia 2006tik dago Artizarraren inguruko orbitan. “Zundaren orbita oso eliptikoa da: asko hurbiltzen da ipar-polora, eta hego-poloa, aldiz, urrutiagotik behatzen du, eta, ondorioz, ikuspegi orokorragoa ematen du. Hori behar genuen gure ikerketarako, zurrunbiloaren ikuspegi orokorrago bat eta abiadura txikiagoan, erabili dugun tresnak behar genituen irudiak har zitzan” azaldu du Garatek. Zundak 169 orbitatan jasotako datuak analizatu dituzte, eta 25 orbita adierazgarrienen datuak zehaztasun handiz aztertu dituzte.
Garatek azaldu duenez, ez da lan erraza: “kamera honek ez ditu egiten kamera normalek egiten dituzten bezalako argazkiak, baizik eta argia uhin-luzera ezberdinen arabera banatzen du. Horren bitartez aldi berean ikus daitezke planetaren atmosferaren geruza bertikalak. Gainera, konparatu ditugu ordubeteko aldearekin hartutako irudiak, eta horri esker hodeien abiadurari jarraitu ahal izan diogu” dio Garatek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia