Usaina eta egitura lotu nahian
2008/05/18 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Zientzialari askok usainen bi ezaugarri horien arteko lotura aurkitu nahi dute, eta saiatzen dira, baina oraindik ez dute lortu kontrako iritzirik sortzen ez duen eredurik garatzea. Azkeneko saiakera Israelgo Wiezmann Zientzia Institutuko neurozientzialari batzuek egin dute. Esan dutenez, eredu bat garatzen ari dira usaindun molekulen egitura kimikoa ezagututa sorrarazten duten gozamen-sentsazioa aurresateko.
Haien ikerketan, 1.656 usaindun molekula hartu, eta bakoitzaren egitura fisikoaren 1.514 ezaugarri deskribatu zituzten (besteak beste, molekulen atomo-kopurua, talde funtzionalen kopurua, pisu molekularra eta zenbat lotura-mota zituzten). Molekula bakoitzaren 1.514 balioak zenbaki bakarrera ekarri zituzten teknika estatistiko bat erabilita, eta, ondoren, balio horiek lerro batean ordenatuta eman zituzten.
Lortu zuten ordena aztertzean ohartu ziren, nonbait, mutur batetik abiatuta, lerroan aurrera joan ahala molekulen usainak gero eta atseginagoak zirela (edo desatseginagoak, nondik hasten ziren); alegia, egituran oinarritutako sailkapena eginez, usainek sorrarazten duten gozamen-sentsazioaren arabera ordenatu zituztela.
Oro har, esan dute molekula usaindunen trinkotasuna dela sorrarazten duten gozamenarekin lotura duena: zenbat eta astunagoak eta trinkoagoak izan, orduan eta usain hobea dute, eta, zenbat eta arinagoak eta lasaiagoak izan, orduan eta txarragoa.
Kontrako iritzirik? Bai, noski
Esan dugun bezala, oraindik ez du inork aurkitu kontrako iritzirik sortzen ez duen modurik edo eredurik molekulen usaina aurresateko. Eta aipatutako ikerketak ere jaso zituen bereak. Batetik, batek baino gehiagok uste du ez dagoela esaterik molekulek sorrarazten duten sentsazioa atsegina den edo ez, ez baitago munduko pertsona guzti-guztiei atsegina iruditzen zaien usainik. Kulturaz edo izandako bizipenez ikasten omen dugu sentsazio bat edo beste izaten.
Bestetik, hamaika adibide jarri dituzte frogatzeko molekulen trinkotasunak ez duela, nahitaez, haren usainarekin lotuta egon beharrik. Limoneno molekularen kasuan, adibidez, argi ikusten da. Molekula horren bi 'bertsio' daude; berdin-berdinak dira konposizio eta trinkotasun aldetik, baina, espazioan orientatzean, batak bestearen ispilu-itxura du, gure eskuak bata bestearen ispilu diren bezala. Bada, limonenoaren bertsio batek laranja-usaina du eta besteak limoi-usaina. Hain zuzen, molekula horiek erabiltzen dituzte limoizko eta laranjazko freskagarriak egiteko.
Gainera, batzuetan molekula usaindunaren kontzentrazioak mugatzen du usain bat atsegina edo desatsegina izatea. Adibidez, indolak, kontzentrazio handietan, ustel-usaina du, eta, kontzentrazio txiki-txikietan, berriz, lore-usaina. Izan ere, lurrin askotan osagai garrantzitsu bat da.
Kontrako iritzi horien aurrean, Israelgo taldeak esan du lan handia egin behar dutela beren eredua hobetzeko. Hala ere, ez dute amore eman haien ikerketaren oinarri den ideian. Haien ustez, usain bakoitzak sentiarazten digun gozamen-sentsazioa ez da subjektiboa. Diotenez, usaindun molekulek duten propietate jakin batek sorrarazten digu, eta gu propietate horri antzematen espezializatu gara. Eta haiek ustezko propietate hori bilatu nahi dute.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia