}

Usaimen bikoitza

2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako Stamford-eko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek egindako ikerketaren arabera sudur-hobi bakoitzak desberdin usaintzen du. Aspaldian ezagun zen sudur-hobi baten aire-fluxua bestearena baino handiago dela uneoro eta hobiek ordu batzuetako txandatan lan egiten duela.

Ezaugarri horren eragilea sudur-paretan daukagun hantura bat omen da. Ikertzaileek aire-fluxuaren aldaketak usaimenean eraginik zuen jakin nahi zuten eta, horretarako, bi substantziaren nahasteak usainarazi zizkieten zenbait boluntariori: sudur-hobi batetik lehenik eta bestetik ondoren. Nahastearen osagaietako batek oso azkar zeharkatzen ditu sudur-paretak eta segituan heltzen da usaimen-hartzaileetara. Besteak berriz, denbora gehiago behar izaten du.

Fluxuaren arabera nahastearen osagaietako bat bestea baino gehiago barreiatzen zela ikusi zuten ikertzaileek eta, ondorioz, sudur-hobi batetik eta bestetik jasotako usaina desberdina zela. Sudur-hobi bakoitzak, gure begiek eta belarriek egiten duten modura, ingurunearen "irudi" desberdina igortzen dio garunari eta, horrek, usainak zehatzago beriezteko gaitasuna handiagotu egiten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia