
Uda 'triste' hau igaro eta gero, udazkenari eta neguari begira jarri da jendea giro eguzkitsuaren zain. Hamaika iragarpen entzuten dira, baina meteorologoek behin eta berriz esaten dute ezin dela egin luzerako iragarpenik, ez era fidagarrian behinik behin. Baina horrek ez du esan nahi iragarpen horiek egiteko ereduen bila ez dabiltzanik. Eta eredu horietako bat arrakasta izateko bidean omen da.
Estatu Batuetako klimatologo batzuen eredua da, sCast deitu diote, eta urrian Siberian botatzen duen elurra hartzen du oinarritzat neguan Ipar hemisferioan egingo duen eguraldia iragartzeko. Eredua egokia den jakiteko, aurreko urteetako datuak erabilita (1972raino egin dute atzera) probatu dute. Eta iragarpen zuzenak egin omen ditu.
Gakoa Siberiako urriko elurteetan omen dago, horren araberakoa baita Ipar hemisferioko negua sCast-en egileen arabera. Esate baterako, normalean baino elur gehiago botatzen badu, urtarrilean Lurraren estratosfera ohi baino epelago izaten omen da, eta horrek giro epelagoa ekartzen du latitude altuetara; latitude ertainetara, ordea, ohi baino giro hotzagoa ekartzen omen du.
Argazkia: USGS EROS Datu Zentroa.
Rementeria Argote, Nagore
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.