}

Urpeko sentsorea

2000/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Delaware Unibertsitateko eta Analytical Instrumets Systems enpresako ikertzaileek itsas hondoetako sumendi-tximinietatik jariatzen diren substantzia kimikoak hauteman eta identifika ditzakeen analizatzaile elektrokimikoa egin dute.

Sumendi horiek itsas azaletik 1,5 km-ra daude eta hainbat mikroorganismoren habitat dira. Gizakiarentzat oso toxikoak diren gasak hango mikroorganismoentzat bizi-iturri dira eta, horregatik, interes handia sortarazten dute ikertzaileengan. Aipatutako analizatzailea Alvin itsaspekoan garraiatuko da sumendietaraino, hango sufredun gasen konposizioa identifika dezan. Analizatzailea itsaspekoaren beso giltzatuetako batean kokatuta dago eta besoa mugituz, sumendiko puntu egokienean koka daiteke.

Horri esker, aldi berean substantzia kimiko bat baino gehiago identifika dezake. Sistema 2.500 m-ko sakoneran, 200 atm-ko presioan eta 0 eta 100 ºC-ko tenperatura tartean erabili da eta ongi funtzionatu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia