}

Urpeko arriskuak

1995/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

The Lancet aldizkari ingelesak kaleratu berri duen ikerketaren arabera, urpekarien nerbio sisteman ohizkoa den baino asaldura patologiko gehiago antzeman da.

Istripuaz landa, urpekariek uste baino arrisku gehiagori egin behar diote aurre murgilaldi bakoitzean. Besteak beste, iharduerak berak sorrarazten dituen osasun-arazoak bereziki larriak dira urpekaritza maite eta sarritan aritzen direnentzat. The Lancet aldizkari ingelesak kaleratu berri duen ikerketaren arabera, urpekarien nerbio-sisteman ohizkoa den baino asaldura patologiko gehiago antzeman da.

Tomografia konputarizatua erabiliz bestalde, urpekarien zerebroan ohi baino zauri gehiago dagoela baieztatu dute. Aldizkariak kaleratu duen txostena Akisgraneko Unibertsitatean burutu da eta bertako ikerlarien iritziz, zer ikertu asko geratzen da oraindik. Hurrengo hilabeteetan urpekarien gorputzean murgilaldi bakoitzak epe luzean eragin ditzakeen kalteak aztertuko dituzte. Ikerlarien esanetan, bizkar hezurreko lesioak saihestu ahal izateko lagungarri gertatuko da lan hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia