Urmael endorreikoak Euskal Herrian
2001/01/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gainerako hezeguneetan gertatzen den moduan, Euskal Herrian ez dugu tamaina handiko urmael endorreikorik aurkituko. Tamaina eta sakontasun txikikoak, ordea, nahiko ugariak dira Euskal Herriko hegoaldean, batez ere Nafarroako Erriberan eta neurri txikiagoan Errioxa Arabarrean. Dena dela, Euskal Herrian horrelako hezegune asko egon arren, gutxi dira egun arte inongo eraldaketarik gabe mantendu direnak, gehienek inguruko nekazaritzaren presio altua eta elkortasun handia direla eta, ezaugarri naturalak nabarmen aldatu dituzten gizakiak eragindako eraldaketak ezagutu baitituzte. Eraldaketa horien artean bi mota nagusi bereiz daizteke: urmaeletan zuzenean eragindakoak eta urmaelen inguruko lurretan eragindakoak. Lehenengoen artean, dike, ubide eta kanalen eraikuntza; nekazaritza-lurrak gehiegi hedatzearen ondoriozko ertzen suntsiketa; eta nekazaritzarako lur berriak lortzearren, kubeta endorreikoak lehortzea dira aipagarrienak. Zeharkako eraginen artean, berriz, ongarri eta materia organikoaren erabileraren emendioak eragindako eutrofizazio-prozesuak eta laborantza-lurretan erabiltzen diren produktu kimikoen ondoriozko poluzioa aipatuko genituzke.
Hori guztia kontuan hartuz, Euskal Herriko urmael endorreikoen egoera nahiko kezkagarria dela esan daiteke. Alde batetik, historian zehar gizakiaren eraginez horrelako zenbat hezegune desagertu diren jakitea ezinezkoa bada ere, garai batean tamaina txikiko kubetetan agertuko ziren urmael endorreiko ugari laborantza-lurrak lortzeko drainatutakoak izan zirela susma daiteke. Urrutira joan gabe, orain dela gutxi bi urmael endorreiko helburu horrekin lehortu ziren, Nafarroako Erriberako Ablitas herritik hurbil zegoen Valpertuna urmaela eta Errioxa Arabarreko Biasteriko lurretan zegoen El Musco urmaela, hain zuzen ere.
Urmael endorreiko gehienak, ordea, ureztaketarako urmael edo urtegi bihurtu dituzte presa txikien bidez. Aldaketa horrek urmaelen sakontasuna handitzea eta udan lehortzea desagertzea eragiten dituenez, urmaelen ezaugarri naturalak nabarmen aldatu ditu. Hala ere, azken aldaketa hori aurrekoa baino arinagoa da, denboraren poderioz, handitutako urmael horiek naturalizazio-prozesu interesgarriak izan baitituzte, eta Euskal Herriko hezegune garrantzitsuenetarikoak bilakatu dira. Gaur egun, egoera horretan aurkitzen diren urmael endorreikoen adibiderik esanguratsuenak Pitillasko urmaela eta Las Cañas urtegia dira. Biak Nafarroako ingurune babestuen barruan, Erreserba Naturalak dira eta munduko hezegune garrantzitsuenak biltzen dituen Ramsar hitzarmenaren zerrendan daude. Baina ez dira bakarrak, lehen urmael endorreikoak ziren azalera txikiagoko urmael eta urtegi ugari baitago Nafarroako hegoaldean. Aipagarrienak hurrengo hauek dira: Tuteratik hurbil dauden El Pulguer Erreserba Naturala, Figaroleko lurretan dagoen Bi Erreinuen urmaela, Cascante ondoko Lor urmaela, Alesbes herritik hurbil dagoen Badina Escudero urmaela edo Bardeetan dagoen Cortinas urtegia.
Guztiaren ondorioz, Euskal Herrian oso gutxi dira eraldaketarik gabe iraun duten urmael endorreikoak eta guztiek Nekazaritzaren presio handia jasaten dute, laborantza-lurrak azken muturreraino eraman baitira horien inguruan. Euskal Herriko hegoaldean eta, batez ere, Nafarroako Bardeetan sakabanatuta dauden kubeta endorreiko txikiez gain, ondoko hauek dira gaur egun arte jatorrizko ezaugarri naturalak mantendu dituzten urmael endorreikoak: Errioxa Arabarrean, Biasteritik hurbil dauden Carralogroño eta Carravalseca urmaelak, eta Nabaridasko lurretan dagoen izen bereko urmaela; Nafarroan, Tafallako El Juncal urmaela, Tuterako lurretako Agua Salada urmaela eta Aibartik hurbil dagoen La Mueda urmaela. Hauetatik, Carralogroño eta Carravalseca Euskal Autonomia Erkidegoko Biotopo babes-figuraren bidez babestuta daude eta Ramsar Hitzarmenaren zerrendan agertzen dira. Nafarroako Gobernuak El Juncal eta Agua Salada Ingurune Naturalak izendatu ditu. Beste biak, zoritxarrez, oraindik ez dute inongo babesik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia