}

Uribe Kosta: altxor geologikoa

1997/07/01 Nuñez-Betelu, Koldo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Getxo eta Armintza arteko kostalde bizkaitarrak aberastasun geologiko eta paleontologiko handiak gordetzen ditu bere arroketan. Ondasun honek eskualde honi garrantzia handia ematen dio bai ikerketarako, bai irakaskuntzarako, eta bai Lur-Zientzien dibulgaziorako ere. Euskal kostaldearen zati honetan batzen diren elementu geologiko eta paleontologikoek Uribe Kosta ofizialki bere osotasunean babestu beharreko eskualde berezia bihurtzen dute, eskualdeak duen balore zientifikoa oso handia baita. Bertako historiaren azken 200 bat milioi urte luze ezagut daiteke eskualdeko arroketan. Hain denbora zabalean zehar eskualde honek aldaketa franko ikusi du, gehienak ur-azpian gertatutakoak.
K.Nuñez-Betelu

Higadura azkarrak azaldutako arrokak zein estratuak zuzenean behatu, ikertu eta ikusteko aukera paregabea dago inguru hauetako itsaslabarretan. Baina horren ondo agertzen diren arroketan ezezik, egitura geologikoen aniztasunean eta aberastasun paleontologikoan ere datza eskualde honen garrantzia. Duela milioi urte banaka batzuk arte ia Euskal Herri osoa estaltzen zuen itsasoaren hondoan, batzuetan geldiro eta besteetan azkar, gertatutako jalkitze-prozesu hainbaten bidez sortu ziren Uribe Kostako arroka gehienak. Arroka sedimentario hauekin tartekatu ziren diapirismoak azaleraraziriko arroka ebaporitikoak, igeltsuak esaterako, eta itsas hondoko bulkanismoak sorturiko laba ikusgarriak. Gorliz zein eskualdeko beste tokietako dunak dira sedimentazio kontinentalaren adibide ederrak. Baina higadura milioika urtetako sedimentazio-prozesuen ekoizpenak desegiten ari bada ere, egungo jalkitze-prozesu aktiboak ere aztertu eta beha ditzakegu Plentziako itsas muturraren estuarioan eta eskualdeko hondartzetan.

Esan bezala, itsaslabarrak eta hondartzak elementu geologiko eta paleontologikoak behatzeko lekurik hoberenak dira, arroka hauen aberastasunaz hurrengo belaunaldiek ere goza dezaten beraiekiko errespeturik handiena zor zaiela ahaztu barik. Uribe Kostaren interes geopaleontologikoa, batetik, eskualdea osatzen duten arroketan datza eta bestetik, aktibitate tektonikoaren adibideetan dago, iharduera honek geruzak modelatu eta tolestu egin baititu. Azkenik, arroka hauek gordetzen dituzten fosiletan eta elementu geokimikoetan ere oinarritzen da beren interes handia. Honi guztiari gehitu behar zaizkio oraintsuko aktibitate geologikoaren elementuak, dunak eta “altxatutako hondartzak” adibidez, zein gaur egungoak hala nola, hondartzak, Plentziako itsasadarra eta Gatelutxoaren karstifikazio-eremuak.

Beraz, Uribe Kosta Lur-zientzien ondoko lau arlotan da aberatsa eta ikusgarria: sedimentologian, paleontologian, tektonikan eta geomorfologian. Atal hauek banan-banan hartuta garrantzitsuak dira; garrantzitsuagoa da, halaber, guztiak eskualde bakar batean elkartzea.

Uribe Kostako arroken sorrera

K.Nuñez-Betelu

Sedimentologiak eta egitura sedimentarioek zeresan handia dute Euskal Herriko txoko honetako arroken sorrerari buruz. Bizkaiko kostaldeko arrokarik zaharrenak Triasikoko ebaporitak dira. Arroka hauen artean igeltsuak eta buztin gorriak daude eta duela 200 bat milioi urte metatu ziren inguru kontinental idor batean. Ebaporitok, Atxabiribil eta Meñakozen azaleratzen dira. Ondoren itsasoak estali zuen Euskal Herri gehiena eta itsas sedimentazioak hartu zuen erreleboa.

Gaur egun Uribe Kostan ikusten ditugun arroka gehienak itsasoaren hondoan milaka urtetan zehar jalkituriko ale, bikor eta hondarren pilaketa, trinkadura eta zementazioaren ondorioa dira. Ez dira, bestalde, izaki eraikitzaileek sorturiko arroka sedimentarioak falta. Hortaz, eskualde honetan kararrizko arrezife ederrak ere badaude. Arrezife hauek orain dela 100 milioi urte baino gehiago ingurua estaltzen zuen itsas beroaren lekukoak ditugu, Euskal Herri tropikal baten lekukoak hain zuzen. Bibalbio errudistek, kalitz edo katilu-estalkidun itxurako “txirlek” alegia, eraiki zituzten arrezife hauetako gehienak.

Errudistak kolonia handitan bizi ziren eta egun Australian edo Bahametan ikus ditzakegun antzeko arrezifeak eratzen zituzten. Uribe Kostako arrezifeen adibide ederrak Gorlizko Gaztelutxoaren inguruan ikus ditzakegu. Gainera, paraje hauetan arrezifeak ezezik, inguru deltaiko batean sortutako arroka zertxobait gazteagoetan dinosauruen oinatz fosilak ere aurkitu dira. Iparraldetik zetorren ibai handi baten deltaren basa bigunetan utzi zituzten beren ibileren aztarnak dinosauruek, gerora denbora eta prozesu geologikoek arroka bihurtu zituztenak. Gaur egun, oso kontu handiz ikus ditzakegu Villano lurmuturraren ondoko toki arriskutsuan dauden oinatz petrifikatu hauek.

Galea lurmuturra aberatsa da adibide sedimentologiko eta tektonikoetan. Batetik, megaturbidita ikusgarriak eta hauen barneko tole sinsedimentarioak arriskurik gabe beha ditzakegu bertako “hondartza petrifikatutik”. Bestetik, Galean azaleratzen da Bizkaiko Sinklinorioa, hots, probintzia osoa zeharkatzen duen egitura tektoniko nagusietako bat.
K.Nuñez-Betelu

Arrezifeak ikusgarriak badira ere, geruzaz geruzako estratifikazioa, hots, liburu erraldoi baten antza duen egituraketa da azaleramenduetan ematen den elementu geologikorik arruntena Uribe Kostan. Liburu honen orrialde bakoitzak eskualdeko historia geologikoaren milaka urte gordetzen du bere barnean. Geruza hauetako asko, lodiak ez badira ere, oso kararri trinkoz eraturik daude; beren jatorria 800 eta 2.000 metroko sakoneran zegoen itsas hondoan arras astiro emandako oso partikula finen euriaren jalkieran datza.

Milaka urte hartzen du hemipelagita izeneko arroka hauek sortzeak. Baina hemipelagitekin tartekaturik badaude ere, ordu edo egun soil batzuetan eratzen diren turbidita izeneko metakinak. Turbidita hauek, hemipelagitak ez bezala, uhertasun-korronteek daramatzaten harri, hondar, basa zein tamaina desberdineko bikorren metaketaz sortzen dira. Turbiditak, nolabait esateko, itsas azpiko lubizien produktuak dira. Lubizi hauek ezponda kontinentalean behera jaisten dira eta ezpondaren oinean zein itsas hondoan metatzen dira.

Oso prozesu azkarra eta energia handikoa denez, lehenengoz bikor handiak jalkitzen dira eta gradualki bikor finagoak metatzen dira gainean, horrela Bouma sekuentzia eratuz. Esaterako, Galea lurmuturraren inguruko hainbat turbiditetan erraz beha daitezke Bouma sekuentziaren adibide zoragarriak. Galea lurmuturrean, halaber, badira zenbait metroko lodierako geruza kaotikoak ere, megaturbiditak alegia. Hauek itsas azpiko lubizi handiz sortzen dira eta maiz oraindik guztiz gogortu gabeko geruza-multzoak garraiatzen dituzte beren baitan. Geruza-multzo hauen gehiena zatitzen da ezpondan beherako higiduran. Apurtzen ez diren geruza-multzoak bortizki tolesten dira. Megaturbiditetan tamaina desberdin askoko bikorrak beha ditzakegu; handienak, olistolitoak alegia, dekametrikoak dira eta txikienak buztin finenak.

Galea lurmuturra aberatsa da adibide sedimentologiko eta tektonikoetan. Batetik, megaturbidita ikusgarriak eta hauen barneko tole sinsedimentarioak arriskurik gabe beha ditzakegu bertako “hondartza petrifikatutik”. Bestetik, Galean azaleratzen da Bizkaiko Sinklinorioa, hots, probintzia osoa zeharkatzen duen egitura tektoniko nagusietako bat.
K.Nuñez-Betelu

Hemipelagiten jalkiera ematen zuten milaka urteko lasaitasun-garaiak tartekatzen ziren episodio turbiditikoen artean. Galea lurmuturreko megaturbidita hauek duela 50 bat milioi urte eratu ziren eta Pirinioen sorrerarekin lotu daitezke; garai hartan arroan desegonkortasun handia gertatu zen eta lurrikaren eraginez itsas plataformaren ertzak ezpondan behera erori ziren. Megaturbidita hauek arras ikusgarriak dira, areago higadurak beren freskotasun osoan azaleratzen ditu eta!

Orain arte arroka sedimentarioei buruz hitz egin dugu. Milioika urtetan, arroka hauek itsas hondoan sortu ziren bikorrez bikorreko metaketaren bidez zein izaki eraikitzaileen lanaren bidez. Baina arroka hauez gain, arroka bolkanikoak ere baditugu Uribe Kostan. Bola- eta kuxin-erako laba beltzak Meñakozeko lurmuturrean, Sopelako Sopelmar urbanizazioaren gibelean alegia, eta Armintzan azaleratzen dira. Duela 100 milioi urte inguru, eskualde honetako itsaspeko aktibitate bolkanikoa isladatzen dute arroka hauek.

Biostratigrafia: dinosauru, amonite, foraminifero eta K/T mugaldea

Galea lurmuturra aberatsa da adibide sedimentologiko eta tektonikoetan. Batetik, megaturbidita ikusgarriak eta hauen barneko tole sinsedimentarioak arriskurik gabe beha ditzakegu bertako “hondartza petrifikatutik”. Bestetik, Galean azaleratzen da Bizkaiko Sinklinorioa, hots, probintzia osoa zeharkatzen duen egitura tektoniko nagusietako bat.
K.Nuñez-Betelu

Eskualde honetako sedimentologia eta petrologia ikusgarriak badira ere, estratigrafiak gordetzen dituenak are erakargarriago dira ikertzaileontzat. Uribe Kostan gordetzen diren fosiletan oinarrituz, estratigrafiak nazioarteko izaera lortzen du. Zientzia honek, geruzen arteko harremanak, beren adinak eta kokapena ikertzen ditu. Bertan egindako lan estratigrafiko, mikro zein makropaleontologiko eta geokimikoei esker, Sopela udalerriko Arrietara eta Atxabiribileko hondartzek nazioartean sona handia lortu dute.

Hondartza hauetako labarretan Kretazeo eta Tertziario garai geologikoen arteko mugaren zenbait ebaki daude. Sopelako ebakiez gain, Euskal Herrian beste hogei bat tokitan ere agertzen da Kretazeo/Tertziario muga hala nola, Zumaian, Donostiako Kontxan, Hendaian, Bidarten, Urko Mendian, Gaskuen eta Eguarasen. Sopelakoa eta Bidartekoa hoberenak ditugu Euskal Herri mailan. Ebakiok mundu-mailakoak dira eta horregatik urtero hainbat ikertzaile bertara hurbiltzen da datu eta lagin bila. Mugako arrokak, itxuraz, ez dira bereziki deigarriak adituak ez direnentzat, baina beren eduki mikropaleontologiko eta geokimikoak duela 65 milioi urte gure planetan gertakizun geologiko sakona jazo zela adierazten dute. Lur-zientzilari asko mugalde hau mundu osoko ebaki askotan ari da ikertzen gertakizun hau argitzeko. Garai hartan izaki itsastar eta lehortar asko hil zen eta espezie asko betirako desagertu zen.

Orduan suntsitutako izakien artean zeuden oso ezagunak diren dinosauruak, txipiroien ahaideak diren amoniteak eta metro bateko luzera zuten muskuiluen antzeko inozeramidoak ere. Uribe Kosta garai hartan itsaso sakonean murgildurik zegoenez, bertan ez zen dinosaururik bizi, bai aldiz amoniteak eta inozeramidoak. Hauen fosilak Uribe Kostako Kretazeoko arroketan aurki ditzakegu, Atxabiribil inguruan adibidez, baina ez Tertziarioko arroketan, ordurako erabat suntsituta baitzeuden.

Galea lurmuturra aberatsa da adibide sedimentologiko eta tektonikoetan. Batetik, megaturbidita ikusgarriak eta hauen barneko tole sinsedimentarioak arriskurik gabe beha ditzakegu bertako “hondartza petrifikatutik”. Bestetik, Galean azaleratzen da Bizkaiko Sinklinorioa, hots, probintzia osoa zeharkatzen duen egitura tektoniko nagusietako bat.
K.Nuñez-Betelu

Amoniteen eta inozeramidoen fosilak arruntak dira, baina ugariago dira oraindik bertako arroketan mikrofosilak; milaka maskor aurkitzen dira arroka gramo batean. Mikrofosilen artean hainbat talde daude, esaterako, foraminiferoak, dinoflagelatuak, nannofosil karetsuak eta diatomeoak. Ugariak diren eta azkar eraldatzen diren mikrofosil-espezieak ditugu eta inguruaren aldaketen aurrean oso sentikor diren espezie asko eta asko dago. Mikrofosil anitzek ozeanoetako planktona osotzen dute eta, ondorioz, katea trofikoaren oinarrian daude. Mikroizakion artean oso ezagunak dira foraminiferoak. Hauek, zelulabakarrekoak izanik, milimetro erdia baino txikiago diren maskor karetsuak dituzte, marraskilo txiki itxurakoak, alegia, eta hiltzean beren maskorrak pilatzen dira geroago arroka bihurtuko diren itsas hondaleko metakinetan.

Uribe Kostako arrokak mikrofosil hauetan aberatsak direnez, dagoeneko hainbat doktoradutza-tesiren (X. Orue-Etxebarriaren eta E. Apellanizen tesiak, adibidez) zein Euskal Herriko Unibertsitateko eta nazioarteko zientzilari askoren ikerketa-lanen helburua izan dira eskualdeko labarrak. Bertako foraminifero nahiz beste fosilen hondakinek Lurrean orain dela 65 milioi urte gertatu zena ulertzeko argibidea eman diezaigukete. Esaterako, garai hartan bizi ziren foraminiferoen % 50 baino gehiago suntsitu egin zen, agian, hainbatek proposatu duen bezala, 10 kilometroko bolido batek Lurrarekin talka egin ondoren Yucatan aldean.

Bestalde, Italiako Apeninoetan dagoen ebaki batean aurkitu zen lehenbiziz iridio-kontzentrazio altua K/T mugan bertan agertzen den buztin-geruza batean. Geruza honek Apeninoetan zentimetro bat edo biko lodiera duen bitartean, Euskal Herriko ebaki batzuetan 8 cm-koa izatera iristen da. Iridioa platinoaren taldeko elementu bat da eta lurrazalean oso kontzentrazio baxuetan agertzen da, ez aldiz, meteorito-mota batzuetan zein kometetan. Sopelako ebakietako K/T mugako buztin-geruzan iridioaren oso kontzentrazio altua ematen da, bai eta bolidoaren inpaktuarekin lotzen diren beste aztarna geokimiko ere hala nola, espinela nikeliferoak eta kedarra. Azken hori bolidoaren talkak piztuko lituzkeen mundu-mailako suteekin lotzen da.

Itsas azpitik lehorrera: tektonika eta geomorfologiaren lanak

Arin eratutako arroka bolkanikoak (ilunak) eta milaka urtetan sortutako arroka sedimentarioak (argiak) ikus daitezke Sopelako kostan. (K.Nuñez-Betelu)

Uribe Kosta osoan tektonikaren eragina handia da oso. Mugimendu tektonikoek altxatu dute kostaldea eta, geroago, itsasoaren erosioak labarrak zizelatu ditu bertako arrokak eta egiturak agerian utziz. Esan bezala, eragile tektoniko hauek estratuak altxatu, okertu, tolestu eta zatitu egin dituzte hainbat adibide tektoniko ikusgarri emanez. itsaslabarretan toles ederrak, sinklinalak zein antiklinalak ikus ditzakegu bai eta failak ere, handiak nahiz txikiak. Esaterako, Barrikako itsaslabarren ingurua oso aberatsa da egitura-mota hauetan eta elementu estrukturalak behatu ahal izateko bertara erraz irits daiteke. Baina bertan zuzenean behatzen ditugun tolesak anitzak badira ere, eskala txikikoak dira eta gehienak metro batzuetakoak. Hala ere, egon badago egitura handiago bat: Galea lurmuturrean azaleratzen da eskala kilometrikoko egitura tektoniko bat, Bizkaiko Sinklinorioa alegia.

Horrela, Algortatik Galea lurmuturretarainoko labarretan garbi ikusten dira estratuak iparrekialderantz okertuta eta, aitzitik, Galeatik Sopelarainoko geruzek iparmendebalderantz begiratzen dute. Estratu hauek elkartzen direnean Galeako lurmuturrean “V” handi bat eratzen dute: Bizkaiko Sinklinorioaren gunea. Egitura hau, Durangaldea zeharkatuz, zuzenean Eibarreraino luzatzen da. Laburtuz, orogenia Alpetarrak itsas azpian eratutako geruza horizontalak okertu, tolestu eta altxatu zituen, eskualde osoa eta Euskal Herriaren gehiena lehorreratuz.

Barrikako itsaslabarrek faila eta tolestura ugari erakusten dituzte.
K.Nuñez-Betelu

Bestalde, toles sinsedimentarioak, hots, geruzak guztiz gogortu baino lehen eratutakoak, Galea zein Armintza inguruko megaturbiditetan beha daitezke. Toles hauek txikiak eta oso ikusgarriak dira, batez ere, Armintzako kaiaren ondoan daudenak.

Tektonismoaren beste ondorio ikusgarri bat diapirismoa da. Arroka gazteagoak zeharkatuz, Triasikoko arroka ebaporitikoen goratzea eta azaleratzea eragin ditu diapirismoak Euskal Herriko toki askotan, hauetako hainbatetan oraindik ustiatzen diren gatzagak eratuz. Fenomeno honi esker, Uribe Kostako arrokarik zaharrenak, Triasikoko igeltsoak eta buztin gorriak alegia, beha ditzakegu Atxabiribil eta Meñakozen.

Argazkian ikus daitekeen bezalako izaki mikroskopikoak, foraminiferoak alegia, Lurrean gertatutako suntsipenen lekuko ezin hobeak ditugu.
K.Nuñez-Betelu

Tektonikaren lanaren ondorioz eskualdea airepeko indar modelatzaileen eskuetara pasa zen iragan geologiko gertu batean. Indar hauek berriki ekoiztutakoa zein egun diharduten prozesuak ikusgarriak dira Uribe Kostan. Horrela, Plentziako itsasadarreko estuarioan dugu hainbat aspektu geologiko betetzen dituen metaketa sedimentarioaren adibide bizia. Estuario honen ondoan, Gorliz inguruan, duela milaka urte bakan batzuk eratutako duna fosilak ikus ditzakegu. Duna hauek egungoa baino oso bestelako klimaren adierazleak dira. Halaber, dunek eta altxatutako hondartza zaharren zonaldeek zedarritzen dute kostaldea itsaslabarren gainetik. Hauek guztiek gugandik denboran oso hurbil dagoen Bizkaiko eskualde honetako altxamendu tektoniko baten eragina erakusten dute.

Bestalde, egun eratzen ari diren arrokak beha ditzakegu ere, esaterako, Galea lurmuturreko inguruan. Bertako harrien, mineral-hondakinen zein gizakiak itsasora botatako beste hainbat gauza eta zaborren pilaketaz eta zementazioz sortutako “hondartza petrifikatuak” beha ditzakegu. “Hondartza petrifikatu” hauek Bilbo Nagusi zein Abra aldeetako iharduera industrialen lekuko mutuak dira.

Eragile geomorfologikoen lanaren beste eremu bat karstifikazioa dugu. Gorlizko Gaztelutxoko karbonatozko arrezife urgondarretan kararrien antzineko eta gaurko karstifikazioaren adibide ederrak beha ditzake interesatu orok. Prozesu honek arrokak disolbatu eta oso azalera nahasia, leizez eta zuloz beterikoa, ematen du.

Duela milaka urte bakan batzuetako klima idorraren lekukoak diren duna fosilak ere azter ditzakegu Gorlizeko kostaldean.
K.Nuñez-Betelu

Laburpen gisa eta azaldutakoan oinarriturik, garbi ikusten da Uribe Kostak hainbat altxor geologiko eta paleontologiko gordetzen dituela. Artikulu honetan aipatutako elementu geologiko eta paleontologiko askoren zein lan honetan tokirik izan ez duten beste hainbaten ezaugarri zientifikoak direla medio, eskualdeak berebiziko garrantzia du. Ezaugarri hauek, banan-banan aztertuta, oso baliotsuak direla garbi ikusten da; horien guztien konbinaketa hain zonalde hestuan gertatzeak balio berezia ematen dio Uribe Kostari.

Dagoeneko zenbait instituziok inguru honen aberastasun naturalaren aspektu batzuk babesteko hainbat figura ofizial sortu dute. Hala ere, ondare geologiko eta paleontologiko honen babes osoan sakonduko luketen neurri gehiago ezartzea beharrezkoa da oraindik. Azken batez, instituzioen lanak eta guztion hezkuntzak bermatuko lukete ikuspuntu zientifiko eta dibulgatzailetik berezia den euskal altxor geologiko eta paleontologiko honen kontserbazioa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia