}

Uriagerekak jaso du Ikerkuntzako Euskadi Saria

2001/06/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Atzo 2001eko Ikerkuntzako Euskadi Saria jaso zuen Juan Uriagereka hizkuntzalariak, hizkuntzaren sorreran parte hartzen duten funtsezko oinarrien inguruan egindako ikerketengatik.

41 urteko hizkuntzalariak curriculum vitae zabala du. Deustuko Unibertsitatean Filologia anglo-germanikoan lizentziatu eta Estatu Batuetako Connecticut-eko Unibertsitatean doktoretza egin ondoren, orain Maryland Unibertsitateko irakasle titularra da. Bere ikerketak direla eta, sari ugari jaso ditu, eta mundu osoko hizkuntzalariek aintzat hartzen dituzte bere ekarpenak.

Juan Uriagerekak eta Maryland Unibertsitateko ikerlari-taldeak egindako lanari esker, hizkuntzen eta garunaren arteko erlazioaren hainbat alderdi argitu dira. Haiek diotenez, egitura linguistikoak ez daude ezker-hemisferioan soilik, bada, gainera, denbora-dimentsio bat.

Hizkuntzalariaren esanean, hizkuntza guztiek barne-egitura bera dute eta fonetikoki hizkuntzen artean alde nabariak badaude ere, semantikoki ia ez dago ezberdintasunik. Gainera, fonetika aztertuz gero, badira ezaugarri unibertsal batzuk, esate baterako, hizkuntza guztiek gutxienez hiru bokal dituzte: a, e eta u (adibidez, arabierak hiru horiek besterik ez ditu; nederlanderak, aldiz, hogei baino gehiago ditu). Semantikari dagokionez, hizkuntza guztiek ia gauza denentzat dituzte hitzak.

Saria emateko Lehendakaritzan egin zen ekitaldian, Uriagerekak desagertzen ari diren hizkuntzen garrantziari buruz hitz egin zuen. Nonbait, gaur egun hitz egiten diren mila hizkuntzetatik, batek besterik ez du iraungo. Euskararen egoeraz gain, ijitoen hizkuntzarena aipatu zuen. Haren ustean, babestu beharreko hizkuntza da; izan ere, ehunekotan, Espainian euskaldunak adina ijito daude Euskal Herrian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia