}

Uretatik datorren indarra

2001/12/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzialariak aspalditik ari dira uretatik hidrogenoa erauzteko metodo eraginkor baten bila. Horrela, erregai merkea eta garbia lortuko litzateke. Orain arte egin diren saiakerek arrakastarik izan ez duten arren, duela gutxi Japoniako Zhigang Zou ikertzaileak eta bere taldekideek urrats garrantzitsu baten berri eman dute.

Izatez, ur-molekula banatzea ez da erraza. Elektrizitatea baliatuz egin daiteke, baina ingurumenari dagokionez bide hori ez da batere egokia, normalean elektrizitatea lortzeko prozesuak poluitzaileak baitira. Bestalde, argi ultramorea darabilten fotokatalizatzaileak nahiko eraginkorrak badira ere, eguzki-energia gehiena argi ikusgarrian dago, beraz argi hori erabiltzea askoz hobea litzateke. Tamalez, argi ikusgarrian erabili diren fotokatalizatzaileak oso ezegonkorrak zirenez, ezin izan dute luzaroan iraun.

Orain, ordea, oso iraunkorra den eta erabiltzearen poderioz degradatzen ez den fotokatalizatzailea aurkeztu dute. Argi ikusgarrian funtzionatzen duten fotokatalizatzaile gehienak bezala, metal oxidozkoa da. Oxidoak indioa, tantaloa eta nikela ditu, eta azken horren kantitatearen araberakoa da fotokatalizatzailearen eraginkortasuna. Eguzki argitan uretan sartuz gero, oxigenoa eta hidrogenoa sortzen ditu, eta momentuz eguzki energiaren % 99 xahutzen badu ere, eraginkortasuna areagotzea espero dute. Hala izanez gero, laster merkaturatu eta gas naturala eta beste energia-iturriak ordezkatzeko prest egongo litzateke. Izan ere, energia-iturri garbia, merkea eta askotariko erabilera duena da. Adibidez, elektrizitatea sortzeko erregai-piletan erabilita, poluitzen ez duten ibilgailu elektrikoak ahalbidetuko lirateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia