Uranilo-ioiak erreakzionatzea lortu dute
2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Uranioa, naturan ezagutzen den elementurik astunena eta hondakin nuklearretan luze irauten duen elementu erradioaktiboa, molekula organiko batekin erreakzionarazi dute Edinburgheko Unibertsitatean.
Hain zuzen, uranilo ioiarekin, [UO2]2+, egin dute erreakzioa. Uraniloa uretan oso disolbagarria denez, eta uranioaren eta oxigenoaren arteko lotura oso-oso gogorra denez, molekulak oso erreaktibotasun txikia du, eta, hortaz, oso zaila da uretik ateratzea. Beste konposaturen batekin erreakzionatzea eta disolbagaitz bihurtzea lortuko balute, errazagoa litzateke molekula erradioaktibo hori ingurumenetik ateratzea.
Erreakzioan parte hartu duen molekula organikoak aho-itxura du; uraniloarekin lotzean pixka bat okertzen du berez zuzen-zuzena den molekula. Aldaketa txiki horrek erreakzio-kate bat abiarazten du.
Zientzialariek badakite erreakzio horrekin ez dutela lortuko uranioz poluituta dagoen ura garbitzea, besteak beste, ez delako uretan gertatzen. Baina elementuaren portaera ulertzeko baliagarria izango dela esan dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia