Urakanen sasoia heldu da
2003/07/30 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Urakanak, labur esateko, haize-ekaitz erraldoiak dira. Oro har urakanetan haizeak kiribil forma hartzen du; haize hori, gainera, lurrazalaren gainean mugitzen da. Gehienetan urakanek presio atmosferiko baxuko gunea osatzen dute, eta inguruan baino tenperatura altuagoa izaten dute. Haize-ekaitzak sailkatzeko modu bat baino gehiago badago ere, sarrien haizearen abiaduraren araberakoa hartzen da kontuan. Horrela, depresio tropikalez hitz egiten da haizea 65 kilometro ordutik beherakoa bada, ekaitz tropikalez abiadura 110 kilometro ordura iristen bada, eta urakanez hortik gorakoa denean.
Urakana lurrun-makina arruntekin pareka daiteke, erregaia haize bero eta umela baita. Eguzkiaren printzek itsasoko ura berotzen dutenean, haize hezea berotu, hedatu eta gorantz egiten hasten da, haizez dabilen baloi hegalaria balitz bezala. Gorantz joan den haize heze horren tokia behetik datorren haize heze gehiagok beteko duenez, prozesua berrabiarazi egiten da.
Ez dirudi zaila eta, izan, naturan askotan izaten dira urakana osatzeko moduko egoerak. Hala ere, benetan aurreko lerroetan esaten dena baino gauza gehiago gertatu behar dira.
Tenperatura altua izatea, adibidez, nahitaezkoa da. Adituek 27 gradutan kokatzen dute muga. Tenperatura horretan jotzen da itsasoko ura urakanen prozesua abiarazteko beharrezkoa den abiaduran lurruntzen dela. Lurruntze-prozesu horrek eta ondorengo kondentsazioak, lainoak eratuz, haize indartsuak eta euria sortzeko beharrezkoa energia askatzen dute.
Baina tenperatura altua ez da nahikoa urakanak osatzeko. Hezetasuna ere behar da, eta Tropikoetan tenperatura altua izaten denez hezetasunik ez da falta izaten. Izan ere, urakanak etengabe elikatu beharra dauka, lurruna jaso behar du faltarik gabe. Horregatik itsaso gainean urakanek indar handiagoa izaten dute, elikatu eta elikatu ari direlako; lurrera iristean, aldiz, ahuldu egiten dira.
Tenperatura altuarekin eta hezetasunarekin batera, haizea behar da. Tropikoetako itsaso gainean ohikoa da haize beroa. Horri esker, ur asko lurruntzen da eta erraz asko egin dezake gorantz. Horrela, presio negatiboa sortzen da. Presioak haizea kiribildu forman barrurantz eta gorantz eramaten duenez, lurruntze-prozesua errepika egin daiteke. Atmosferaren goiko geruzatan, berriz, haizeak ahula izan behar du, egitura apurtu ez eta zikloa amaitu ez dadin.
Sistema edo urakana osatzeko, bira baino ez da geratzen. Lurraren errotazioak bira erako mugimendua eragiten dio urakanari, ziben antzera hasten da biraka. Ipar-hemisferioan mugimendu hori erlojuaren orratzen aurkako norabidean egiten da; hego-hemisferioan, berriz, alderantziz.
Hainbat galdera urakanen inguruan
Zenbat neur dezakete?
Urakanek gehienetan 8-10 kilometro arteko altuera izaten dute, eta 100-500 kilometroko zabalera. Argi dagoenez, tamaina oso desberdinekoak izan daitezke.
Urakan txikienek 40 kilometroko diametroa izan dezakete; handienak, ostera, 800era ere ailega daitezke. Urakan handi-handi horiek Ozeano Barean eratzen dira; urakan horien begiek, 80 kilometroko diametroa izan dezakete. Urakanik handienak Ozeano Barean eratzea ez da kasualitatea, lurrera iritsi baino lehen itsasoko uraren gainean beste inon baino kilometro gehiago egin ditzakete eta.
Zenbatero eratzen dira?
Urte arruntetan munduan zehar 60 urakan handi inguru era daitezke. Ozeano barearen Iparmendebaldean, Filipinetan eta Japonian, eratzen dira gehien.
Zenbateko abiada hartzen dute?
Urakanaren barruan sortzen den zurrunbiloaren abiadura handia bada ere, urakanaren joan-etorriarena ez da hainbesterakoa izaten, orduko 20 kilometro ingurura iristen da. Baina, zakar eta bizkor aldatzeko gaitasuna badute.
Non eratzen dira?
Itsasoko uraren tenperaturak 27 gradu zentigradotatik gorakoa izan behar duenez, urakanak urteko sasoirik beroenean eratzen dira. Tropikoetako itsaso gehienetan sortzen dira, Hego-Atlantikoan eta Hego-Barean izan ezik.
Noiz gertatzen dira?
Urakanak, gutxi gorabehera, urtero sasoi beretsuan hasten dira. Atlantikoan, Karibean eta Mexikoko Golkoan ekainarekin batera hasten dira. Uda sasoian ura berotuz joaten da eta, hortaz, urakanen aldia abendua iristearekin batera bukatzen da. Toki horietan sortzen dira urteroko lehen urakanak.
Udak aurrera egin ahala, eguzkia iparrerantzago joaten denez, urakanak Karibearen iparrean eta mendebalean sortzen dira. Horregatik, Karibeko hainbat herrialde zeharkatu ondoren, Puerto Rico, Kuba, Bahamak..., urakanak Estatu Batuetako ekialdeko herrialdetara iristen dira. Lehenak Floridaraino iristen dira, baina uda aurreratua dagoenean, abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran, Estatu Batuetako barruko estatuetara ere sar daitezke. Jakina, hori beti urakanaren indarraren araberakoa izango da. Denboraldi bukaeran, ura berriro hozten hasten denean, Karibean eta Mexikoko Golkoan urakanak eratzen hasten dira.
Ozeano Barean, Humboldt-en itsaslaster hotza dela eta, uraren tenperaturak nekez egiten du 27 gradutik gora. Hor urakanak ez dira hain maiz gertatzen. El Niño famatua salbuespena da. Hala ere, urakanak sortzen dira eta horietako batzuk Txile, Peru edo Ekuadorrera iris badaitezke ere, errazago ailegatzen dira Asia aldera, Japonia, Hong Kong edo Filipinetara.
Urakanen egitura
Urakanak deskribatzerakoan lurrun-makinaz hitz egin da ondoko lerroetan. Fenomeno meteorologiko horien funtzionamenduari dagokion alderatzea da lurrun-makinarena, itxuragatik ez baitute zerikusirik. Ziba ere aipatu da konparaketa egiteko, eta izatekotan, batzuetan urakanek bai izaten dutela antzik.
Urakanen erdian egoten den airea ingurukoa baino askoz beroago egoten da. Lehen aipatu denez, ur-lurrunaren kondentsaziotik jasotzen du energia. Itsasoko urak eragindako lurruna bizkor-bizkor hedatu eta igo egiten da. Atmosferaren goi-geruzetan tenperatura ez denez hain altua izaten, lurruna kondentsatu egiten da. Prozesu horretan, euriz beteteko hodei handiak eratzeaz gain, energia ugari askatzen da. Telebistako eguraldi-iragarpenetan erakusten diren satelite-irudietan ondo baino hobeto antzematen dira fenomeno horiek.
Urakanen behealdeko eremuetan —3.000 metro inguruan— airea urakanaren barrualderantz xurgatzen da. Erdialdeko eremuetan, berriz, haizea urakanaren erdigunearen inguruan biraka eta gorantz aritzen da. Azkenik, goialdean, airea urakanaren kanpoalderantz mugitzen da.
Dudarik gabe, urakanen ezaugarririk ezagunena, entzutez besterik ez bada, urakanaren begia da. Begi hori urakanaren erdialdean egoten den eremu "baketsua" da. Itsasoaren mailatik urakanaren goialderaino iristen da, eta euriz betetako laino trinkoez osatutako horma batek inguratzen du. Begiaren barrualdean, tenperatura eta haizea oso beroak direnez, lurrundutako urak bizkor-bizkor egiten du gora. Horrela inguru lehor-lehorra eratzen da, kondentsatzeko gai ez dena, lainorik gabeko eremua. Hain zuzen ere, horixe izaten da satelite-irudiak ikusita benetan deigarri izaten dena.
Urakana zenbat eta handiagoa, garbiago ikusten zaio begia. Hala ere, begi handia izateak ez du esan nahi urakana handia izango denik, gerta badaiteke ere. Horrek ez du zerikusirik. Begiaren hormetan elkarren kontrako bi indarrek egiten dute topo: erdialderantz mugitzen den haizearen indarrak eta kanporantz tira egiten duen indar zentrifugoak. Haizerik indartsuenak hortxe mugitzen dira, begiaren hormetan.
Hainbat bitxikeria
- Urakan txikiez hitz egiten denean, 150 kilometroko zabalerako urakanez hitz egiten da.
- 1979ko Tip urakanak 1.100 kilometroko erradioa zuen.
- Urakanaren tamainaren (erradioa kilometrotan) eta indarraren (haizearen abiadura) arteko erlazio zuzenik ez dago.
- Urakanek eragindako kalteak haizearen abiaduraren araberakoak izaten dira.
- Itsasoan 18 metrora arteko olatuak eragin ditzakete.
- Astebetetik gora iraun dezakete.
- 1994. urtean John urakanak 31 eguneko bizitza izan zuen.
- Guk urakanaz hitz egiten dugu, baina beste toki batzuetan tifoiez edo zikloiez hitz egiten dute gauza bera esateko.
- Urakanak kontinentera iristen direnean indarra galtzen dute, erregaia —itsasoko ura— hartzeari uzten diotelako.
- Urakanaren begia "baketsua" da, zerua urdin-urdin ere ikus daiteke, baina inguruan du indar gehien urakanak.
- Begiak 8 eta 200 kilometro arteko neurria izan dezake.
- Tip urakanak orain arte inoiz jaso izan den presio atmosferiko baxuena markatu zuen, 870 milibar, eta 165 kilometro orduko haizea eragin zuen.
- Urakanik hilgarriena 1970. urtean Bangladesh erasotu zuena izan zen, 300.000 hildako eragin zituen.
Urakanen izenak
Bitxia da urakanei gizakien izena emateko ohitura hori. Hemen ez hainbeste —izen gehienak kanpokoak baitira—, baina urakanari norberaren izena, senar-emaztearena, edo ezagunen batena jartzen zaionean txantxarako tartea irekitzen da.
Dena den, beti ez da horrela izan. Lehen ez zitzaien izen arruntik jartzen. Lehen marinelen bizitzan erlijioak presentzia eta garrantzia handia zuenez, aurkikuntza ikusgarriren bat edo gertakari ikaragarriren bat gertatzen zenean, eliza katolikoaren Santuen izendegiko izena ematen zitzaion. Urakana ere gertakari harrigarrien artean sartzen zen.
Urakanei izena emateko sistema horrek urte batzuk baino ez zituen iraun. Izan ere, urtetik urtera urakan asko data berean gertatzen ziren. Horrela, Felipe, Bixente, Roke... izeneko urakan bat baino gehiago egon zen. Arazoa konpontzeko, Santuen izendegiari jaramonik ez egitea eta izen arrunta erabiltzea erabaki zuten.
Emakumezkoen izenak erabiltzeko ohitura XIX. Mendearen hasieran ezarri zuen Clement Wragge meteorologo australiarrak. Gerora aldaketak egon badira ere, 1953. urtean Estatu Batuetako Meteorologia Zerbitzua urakanei emakumezkoen ematen hasi zen, ordena alfabetikoan jarrita. 1978. urtean, berriz, gizonezkoen izenak tartekatzea erabaki zuten.
Gaur egun, berriz, Meteorologiaren Mundu Erakundeak emakumezkoen eta gizonezkoen izenak tartekatzen dituzten 6 zerrenda ditu, txandaka eta ordena alfabetikoan erabil daitezen. Zerrenda horietako bakoitza urtero erabiltzen denez, zazpigarrenean errepikatu egiten da, baina kalte handiak eragindako urakanen izenak kendu eta hizki berarekin hasten den beste izen bategatik ordezkatzen dute. Horrela, Andrews, Hugo, Opal, Roxanne... zerrenda horretatik kanpo daude dagoeneko. Aurtengo denboraldia, Ana, Bill, eta Claudette-kin hasi zen. Ondorengo hauek izango dira urakan berrien izenak: Danny, Erika, Fabian, Grace, Henri, Isabel, Juan, Kate, Larry, Mindy, Nicholas, Odette, Peter, Rose, Sam, Teresa, Victor, Wanda.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia