Urak egonkortzen ditu dunak
2004/11/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Nature zientzia-aldizkarian eman dute berria: munduko duna egonkor handienen sekretua zein den jakin dute ikertzaileek. Orain arte, inork ez zekien zergatik Txinako Badain Jaran basamortuko dunak ez diren mugitzen, inguru lehorrean eta haizetsuan dauden arren. Izan ere, argazkikoaren moduko duna arruntak mugitu egiten dira, haizearen eraginez.
Badain Jarango dunen azalaren azpian begiratuta, ordea, ur ugari dagoela ikusi dute ikertzaileek. Nahikoa da 20 cm zulatzea ura aurkitzeko, eta dunaren alboren batean metro bateko zuloa eginez gero, ura iragazten hasten da, nahiz eta dunatik hurbilen dagoen lakua baino 17 m gorago egin zuloa.
Nola liteke hori? Nonbait, ura urrititik dator, basamortuaren hego-ekialdean 500 km-ko distantziara dauden Qilian Mendietako elur urtutik. Arroken zirrikituetatik dunetarainoko bidea egiten du urak. Dunen inguruan 72 aintzira daude, eta dunek berek ur-kantitate handia dute barnean. Ikertzaileen arabera, urtean 500 milioi metro kubiko ur igarotzen dira eremu horretatik.
Hori jakin eta berehala hasi dira Txinako agintari batzuk ur hori ustiatzeko planak egiten. Alabaina, dunetatik ura hartzea arriskutsua izan daitekeela ohartarazi dute ikertzaileek; dunak lehortuz gero, mugitzeko edo suntsitzeko arriskua dago, eta ekosistemak ere kalte larriak izango lituzke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia