Ura, zuhaitzen goiko muga
2004/04/23 Elhuyar Zientzia
Zuhaitzek teorian zenbateko altuera maximoa har dezaketen kalkulatu dute Estatu Batuetako biologo batzuek. Horretarako, ordea, lan praktiko gogorra egin behar izan dute hasieran. Izan ere, Ipar Kaliforniako hainbat sekuoia eskalatu behar izan dituzte datuak biltzeko.
Munduko adarrik altuenetan hostoek ura lortzeko zailtasun handiak dituztela ikusi dute. Hosto horiek etengabeko sikatean bizi omen dira, inguru hartako lurra oso hezea izan arren.
Zientzialarien esanean, ura lortzeko gaitasuna da zuhaitzen hazkuntza mugatzen duen faktore nagusia. Alde batetik grabitatea eta bestetik uraren eta garraio-hodien arteko frikzioa kontuan hartuz kalkulatu dute 122-130 metrotik gora ura ezin daitekeela garraiatu, eta hor jarri dute, beraz, zuhaitzen goiko muga. Hala ere, garaiera hori ez hartzea eragin dezakete klima-aldaketek, suteek edo beste gertaera batzuek. Egun ezagutzen den zuhaitzik altuena 112 metro luze da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia