Ur-tantaren dantza filmatu dute
2002/06/20 Elhuyar Zientzia
Frantziako ikertzaileak gai izan dira tanta batek gainazala jotzean hartzen duen itxura eta egiten duen mugimendua grabatzeko. Milisegundo batzuk baino ez dira, baina ikusgarriak erabat. Filmari esker, tanten dinamika hobeto ulertu ahal izan dute, eta ikasitakoak aerosol hobeak diseinatzeko balioko omen du.
Hainbat tamainatako tantak abiadura desberdinetan isuri dituzte gainazal naturalak imitatzen dituen material baten gainean, eta, errebotatu aurretik, talkaren energia xurgatu eta deformatu egiten direla ikusi dute. Tantak abiadura txikian isuriz gero, lautu egiten dira; azkar, izurtutako piramide baten itxura hartzen dute eta, oraindik azkarrago, luzatu eta mehartu egiten dira, beisboleko bateen itxura hartuz. Isurketa-abiaduraren arabera, beraz, askotariko formak har ditzakete tantek.
Hala ere, tantak gainazalarekin kontaktuan pasatzen duen denbora ez da isurketa-abiaduraren araberakoa, tantaren tamainaren araberakoa baizik. Tanta handiek luzeago mantentzen dute kontaktua eta oszilazio txikiagoak izaten dituzte. 0,1 mm-ko erradioa duten tantek milisegundo bat baino gutxiagoz ukitzen dute gainazala berriz aireratu aurretik. 4 mm-ko tanta lodiek, berriz, segundoaren hamarrena pasatzen dute gainazalean pausatuta.
Ur tanten dantzak Nature aldizkariaren web gunean ikus daitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia