}

Ur-motak

2004/06/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ura funtsezko osagaia da izaki bizidunentzat. Gure gorputzaren funtzio anitzetan parte hartzen du: elikagaien ziklo osoa uretan gertatzen da, organoek xurgatzen dituztenetik, zelulek digeritzen dituzten arte; gorputzeko tenperaturaren erregulazioan parte hartzen du, eta abar. Zelularen pisuaren % 80 ura da.
Hau eskubian alineatzen diren argazkientzako taula da

Barneratzen eta kanporatzen dugun uraren artean oreka mantentzea oso garrantzitsua da, gorputzeko prozesu guztiak modu egokian egin daitezen. Arnasketaren, izerdiaren, gernuaren eta gorotzaren bidez kanporatzen dugu, besteak beste ura; eta, galera horiek berreskuratzeko, gutxi gorabehera egunean bi litro ur hartzea gomendatzen da. Ur hori edarien bitartez (ura, zukuak, infusioak...) eta zenbait janariren bitartez lor daiteke, batez ere fruta eta barazkien bidez.

Jakin badakigu, egunero edaten dugun ur arruntaz gainera, zenbait ur-mota hainbat gaixotasunen sendagarri gisa erabiltzen direla. XVII. mendean hasi ziren ur mineral sendagarria ontziratzeko lehen ekimenak, nahiz eta hurrengo mendera arte ez zituzten merkaturatu. XIX mendean zenbait iturrik garrantzia hartu zuten, haietako urak sendagarritzat jotzen hasi zirelako. Geroztik, hainbat ikerketak baieztatu dituzte ur mineralen abantailak.

Uraren osaera lurraren ezaugarri geologikoekin erlazionatzen da, eta, bereiziki, iturburuan topatzen dituen harkaitzen mineralizazio-mailarekin. Oro har, uretan topatzen ditugun gatz mineralak hauek dira: kaltzioa, magnesioa, sodioa, kloroa eta fluorra. Gatz mineral horietaz gainera, ur batzuek gasa izan dezakete. Hori guztia kontuan hartuz, propietate anitz dituzten hainbat ur-mota merkaturatzen dira.

Kaltzikoak
Gutxienez 150 mg/litro kaltzio dutenak. Osteoporosi-arazoak dituztenentzako lagungarriak izan daitezke.

Magnesikoak
Gutxienez 50 mg/l magnesio dutenak.

Fluoratuak
Gutxienez 1 mg/l fluoruro dutenak. Hortz eta hezurretako arazoak saihesteko erabiltzen dira.

Ur kloratuak
Kloruroa da anioietan nagusi ur-mota hauetan, eta katioi ugarienak sodioa, kaltzioa eta magnesioa izaten dira. Mineralizazio-mailaren arabera, modu ezberdinetara erabiltzen dira; kasu batzuetan edateko, eta besteetan bainuak hartzeko. Erreumatologia-, dermatologia- eta arnasketa-arazoetarako gomendatzen dira.

Hau ezkerrean alineatzen diren argazkientzako taula da

Bikarbonatatuak
Bikarbonatoa da anioietan nagusi, eta, oro har, mineralizazio-maila 1 g/litro da. Ur-mota hau areako entzimen jarioa errazteko gomendatzen da, eta baita urdaileko azidotasuna gutxitzeko ere.

Karbogaseosoak
Karboniko askearen kontzentrazioa
250 mg/litro baino handiagoa denean.
Ur-mota hau edanez, urdaileko urin gastrikoen jarioa eta hesteen mugikortasuna errazten dira. Gomendagarria da idorreria-kasuetan. Ur horietan bainatuz gero, odol-basoak zabaltzea eragiten dute, eta, beraz, arterientzako onuragarriak dira zenbait kasutan.

Mineralizazio txikikoak
Normalean otorduetan erabiltzen ditugunak. Mineralizazio-maila 50-500 mg/l artean dute. Diuretikoa talde honetan sartuko genuke; gomendagarria da giltzurrun-arazoak (harriak, esaterako) dituztenentzat. Mineralizazio txikiko ura egokia da haurren biberoiak prestatzeko, batez ere lehenengo hilabeteetan, giltzurruna guztiz garatu gabe dagoenean.

Burdin urak
Burdina dute, 1 mg/l edo gehiago. Anemia-kasuetan erabiltzen dira.

Horrelako ur-motaren bat erostera goazenean, informazio hau eman behar du etiketak:

    Ur mineral naturala den edo mineral sendagarria.
    Ura jaso den iturburuaren izena, eta iturburu hori zein herri eta probintziatan dagoen.
    Egindako analisien emaitzak, eta analisi horiek noiz egin diren.
  1. Legearen araberako ezaugarri bereziak: zein gaixotasun prebenitu eta tratatzeko erabiltzen den.

Hala ere, ur sendagarriak betiere mediku baten kontrolpean eta kontu handiz erabiltzea komeni da. Erabili aurretik ezinbestekoa da pazientearen gaixotasunak eta gorputz-ezaugarriak zehatz-mehatz ezagutzea. Izan ere, alde batetik onura ekar dezakeenak bestetik kaltea ekar dezake.

  1. Haur-janariak prestatzeko egokia
  2. Haur-janariak prestatzeko ez da egokia
  3. Haur janariak prestatzeko egokia da, eta baita sodio gabeko dieta egin behar
    dutenentzat eta giltzurrun-arazoak dituztenentzat ere.
  4. Haur-janariak prestatzeko ez da egokia, baina bai sodio gabeko dieta egin behar dutenentzat.

Fluorra

Lurrean eta edateko onak diren ia ur guztietan topatzen dugun elementu naturala da fluorra, nahiz eta kantitatea oso aldakorra izan daitekeen ur eta lur batzuetatik besteetara.

Fluorra oso garrantzitsua da gure gorputzarentzat, bereiziki hezurretan eta hortzen esmaltean betetzen duen funtzioagatik; besteak beste, txantxarra saihesten du. Azken 20-25 urteetan gaixotasun hau % 50 gutxitu da, orduan hasi zirelako urari fluorra gehitzen.

Hezur eta hortzetako arazorik ez izateko besteak beste, egunero fluor-kantitate* hauek hartzea komeni da:

Fluor-iturri garrantzitsuenak edateko ura (batez ere fluorduna denean) eta fluorrean aberatsa den lurrean hazten diren fruitu eta barazkiak dira. Itsaskiek ere fluor ugari dute, eta, oro har, ur gaziko arrainek ur gezakoek baino fluor gehiago dute.

Dena dela, fluorra kaltegarria izan daiteke neurriz gain hartuz gero. Horren ondorioz sortzen da fluorosia; hortzetan orban batzuk agertzen dira, eta hasiera batean kaltea estetikoa bakarrik bada ere, denbora luzean behar baino fluor gehiago hartuz gero hortzetan ezkatak sor daitezke, eta arazoa serioagoa bihurtzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia