}

Unibertsoaren iragana, oraina eta geroa!

1997/12/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elhuyar kultur elkartearen 25. urteurrena aitzakia polita izan zen zientzia, teknika eta kultura arloko hainbat lagun miramar jauregian elkartzeko. ekitaldiaren gora-behera guztiak azaltzea ezinezkoa bada ere, nondik norakoa eta protagonista izan zen antony hewish-ekin izandako elkarrizketa zuri azaltzea egokia iruditu zaigu. horrela, bertan gertatutakoaren berri izango duzu.
EKAITZ

Unibertsoaren iragana, oraina eta geroa!

Antony Hewish Nobel saridunari entzuteko parada izan genuen Elhuyar Kultur Elkartearen XXV. urteurreneko ospakizun-ekitaldian. Unibertsoaren eboluzioaren nondik norako nagusien berri eman zuen Hewish-ek, oso era atseginean gainera.
EKAITZ

Gutxitan izaten dugu inguru hauetan Nobel saridunak emandako hitzaldirik entzuteko parada. Joan zen urriaren 31n Elhuyar Kultur Elkarteak aukera hori eskaini zigun bere sorreraren hogeita bosgarren urtemuga iragan dela eta. Bidenabar nik ere nere zorionik beroenak eman nahi dizkiot Elhuyarri.

Urtemugaren ospakizun nagusia, bada, Fisikaren alorrean eginiko lanagatik Nobel Saria jaso zuen A. Hewish-ek emandako hitzaldia izan zen. Zehazki, saria pulsarrak aurkitzeagatik eman zioten. Aurkikuntza hori bereziki garrantzitsua da izarren eboluzioaren inguruko teorien garapenerako, baina A. Hewish-ek irrati-astronomiaren arloan lan egiten du eta bere ikerketak eragin handikoak izan dira Kosmologian. Azken esparru honetako gai bat izan zuen hizpide hitzaldian, hain zuzen ere. “Unibertsoaren iragana, oraina eta geroa” izenburuak argi adierazten duenez, unibertsoaren eboluzioaren nondik norako nagusiak azaldu zizkigun oso era atseginean.

Inaki Irazabalbeitia. Elhuyar Kultur Elkarteko lehendakaria.
EKAITZ

A. Hewish-ek Unibertsoaren hedapenaren fenomenoa aurkeztu zigun lehenengo. Mende honen hirugarren hamarkadan, lan esperimental oso garrantzitsu baten ondorioz, E. Hubble-k agerian jarri zuen galaxiak gugandik urruntzen ari direla. Gainera, bere neurketek zenbat eta galaxiarainoko distantzia handiagoa izan urruntze-abiadura hainbat eta handiagoa dela frogatzen dute. Abiaduraren distantziarekiko menpekotasun horren ondorio zuzena Unibertsoko edozein galaxia-bikoteren arteko distantzia gero eta handiagoa izatea da, hots, Unibertsoa hedatzen ari dela.

Hortaz, etorkizunari begira materia gero eta bolumen handiagoan banatuta egongo denez, Unibertsoaren dentsitatea gero eta txikiagoa izango da. Logikoa da arrazonamendua denboran atzera eramatea ere. Kasu horretan iraganean materia pilatuagoa egon dela eta dentsitatea askoz ere handiagoa izan dela ondorioztatzen dugu. Azken ondorioa honakoa dugu: uneren batean materia dena erabat pilatuta egon zela, eta Big Bang deitzen dugun leherketa handi batek eragin zuela oraindik egun dirauen hedapena.

Mari Karmen Garmendia. Kulturako Sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
EKAITZ

Hedapena eta bere aurka beti izango den grabitatearen indarra nahikoa ditu A. Hewish-ek Unibertsoaren eboluzio orokorraren lehenengo laburpena egiteko. Unibertsoaren dentsitatea dentsitate kritikoa deitzen den balio jakin bat baino handiagoa bada, grabitatearen indarrak hedapena gerarazi egingo du eta Unibertsoa uzkurtzen hasiko da.

Materia berriz ere pilatzen joango da erabat kolapsatu arte. Dentsitatea aipatutako balio kritikoa baino txikiagoa bada, hedapenak betirako segituko du. Gauza bera gertatuko da dentsitatearen balioa balio kritikoa bada, nahiz eta kasu honetan hedapen-abiadura motelagoa izango den.

50.eko hamarkadan ez zegoen artean Big Bang leherketa sinesgarria bihur zezaketen beste aztarnarik. Beraz, gauzak beste era batera planteatzen zituztenak ere baziren. F. Hoyle eta bere unibertso egonkorraren eredua aipatu zituen A. Hewish-ek. Eredu honen aldekoek Unibertsoak beti itxura berdina izan duela eta izango duela uste dute.

Hedapena ere onartzen dute. Beraz, hedapenak sortuko lituzkeen galaxia arteko hutsune handiak betetzeko materia berria sortzen dela proposatzen zuten. Ez da erraza, dena den, prozesua zehaztea, ez da horrelakorik galaxia arteko espazioan inoiz behatu eta.

Pantxoa Etxegoin. Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria.
EKAITZ

Azken eredu hau ia erabat baztertu zen 1963.ean Big Bang-ak sortutako erradiazioa, hondoko edo sakoneko erradiazioa deitzen dena, detektatu zenean. Unibertsoa hedatu ahala bere batezbesteko tenperatura txikiagotuz doa, eta tenperatura horri, 2,7K, dagokio; hain zuzen ere hondoko erradiazioa. Erradiazioa espazio guztian zabalduta dago eta bere ahultasunagatik detektagaitza da.

Teleskopio eta irrati-teleskopioekin egiten diren behaketek ere etengabeko eboluzioan dagoen unibertsoa erakusten digute. Inolaz ere ez unibertso geldikorra. Azken batez, zenbat eta urrunagoko astroei begiratu, hainbat eta iraganerantzago begiratzen ari gara. Andromeda galaxia, gure Esne Bidearen antzerako galaxia bat, 2 milioi argi-urtera dago eta argiak 2 milioi urte behar ditu bertatik guregana iristeko.

Pedro Migel Etxenike. Fisikaria eta EHUko irakaslea.
EKAITZ

Beraz, orain 2 milioi urte zegoen bezala ikusten ari gara. Baina gaur egungo tresnen bereizmena hori baino askoz ere handiagoa da, eta askoz urrunago dauden objektuak ere ikus ditzakegu. Horregatik aurkitu ziren galaxia aktiboak eta kuasarrak. Objektu hauek Big Bang-a gertatu eta duela milioika urte zeuden bezala ikusten ditugu, eta gehienek energia izugarriak behar dituzten prozesu bortitzak erakusten dituzte, Unibertsoak iragandako beste egoera ezberdin baten ezaugarri.

Bukatzeko A. Hewish aurretik ere aipatua zuen materia ilunaren arazora itzuli zen. Galaxien higidurak eta beste arazo dinamiko batzuek Unibertsoan ikustezin den materia asko dagoela pentsarazten dute. Izan ere, ikus dezakeguna denaren % 10 baino ez litzateke izango. Honek garrantzi handia du Unibertsoaren hedapenak beti segituko duen ala uzkurtzen hasiko den erabakitzeko. Hizlariaren ustez materia ilun hori guztia ere ez litzateke nahikoa izango hedapena gerarazteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia