}

Unibertsoa, Planck satelitearen begietatik

2010/07/06 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Europako Espazio Agentziaren (ESA) Planck teleskopioak unibertsoaren orain arteko irudirik osoena eskaini berri digu. Izarren eta galaxien sortze-prozesuen inguruko ebidentzia berriak eskaini ez ezik, kosmosaren sorrerako lehenbiziko faseak aztertu ahal izateko ere balio lezake zeru-sabai osoaren irudiak. “Altxor aparta da hau, astronomoentzat datu berri ugari eskaintzen dituena”, nabarmendu dute ESAko kideek.

Irudiaren erdian ikus daitekeen argi-banda distiratsua Esne Bidea da, eguzki-sistema dagoen galaxia, alegia. Hauts- eta gas-masa batek inguratzen du hura (bertan sortu eta hiltzen dira izarrak). Astronomoei jakin-minik handiena sortzen diena, dena den, orbandun hondoa da. ESAk jakinarazi duenez, hondoko mikrouhin-erradiazioa da hori (CMBR, ingelesezko sigletan). Unibertsoko erradiaziorik zaharrena da, eta duela 13.700 milioi urte unibertsoari sorrera eman zion leherketako arrastoak ditu bere barruan. Unibertsoa hedatzen ari den eta Big Bang teoriaren froga finkoenetariko bat da, alegia.

Planck satelitea 2009ko maiatzean hasi zen unibertsoa behatzen. Ziurrenik, 2012. urte hasiera arte jarraituko du informazioa biltzen.


Argazkia: ESA / LFI AND HFI CONSORTIA.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia