Unai Pascual Garcia de Azilu Ikerbasqueko irakaslea eta BC3ko ikertzailea da, eta, beka horren bidez, nazioarteko diziplinarteko talde bat koordinatuko du, beste hiru ikertzailerekin batera. AFRI–CAN izena du ekimenak, eta Pascualek honela azaldu du helburua: “Helburua da klima-aldaketak Ekialdeko Afrikako ekosistemetan eta mendi-komunitateetan duen eragina aztertzea, etorkizunerako bideak aurkitzeko”.
Haren esanean, klima-aldaketak, hazkunde demografikoak, biodibertsitatearekiko mehatxuek eta nekazaritza-eraldaketek presioa eragiten diete mundu osoko eskualde menditsuei. Era berean, mendiak antzinako kulturen bizitoki izan ohi dira, biodibertsitatearen puntu kritikoak dira eta erregulatzaile ekologiko gisa jokatzen dute. “Baina ez zaie maila globalean behar duten arreta ematen”, ohartarazi du Pascualek.
Iraganetik etorkizunera
Lortutako dirulaguntzari esker, aldaketa globalekiko zaurgarritasun handia duen Afrikako eskualde menditsu zabal bat ikertuko dute. Batetik, mendiko ekosistemek giza ongizateari egiten dizkioten ekarpen nagusiak (hala nola, elikagaiak, energia eta ura) aztertuko dituzte, duela 6.000 urtetik hona. Bestetik, lekuko komunitateek naturarekin duten interakzioak nolakoak diren eta hobetzeko aukerak ikertuko dute, dibertsitate biokulturalari erreparatuz.
«mendiak antzinako kulturen bizitoki izan ohi dira, biodibertsitatearen puntu kritikoak dira eta erregulatzaile ekologiko gisa jokatzen dute.»
Azken xedea da mundu osoko mendietako sistema sozioekologikoei laguntzea: “Proiektu honek aukera ematen digu hobeto ulertzeko nola lor dezaketen erresilienteak izatea mendialdeetako komunitate ahulek, baita haien mendeko ekosistemek ere, ingurumen- eta ekonomia-aldaketak bizkortzen badira. Ekialdeko Afrikako komunitate zientifikoarekin lankidetzan aritzeak munduko eskualde zaurgarrienetako batean ezagutza berriak aplikatzen eta bere gaitasunak sendotzen lagunduko du, ingurumen- eta ekonomia-aldaketa globalek dakartzaten erronka handiei aurre egiteko”, gehitu du Pascualek.
Lankidetzarako dirulaguntza
ERC Synergy Grant dirulaguntzek ikertzaile nabarmenen arteko lankidetza sustatzen dute, eta aukera ematen diete beren esperientzia, ezagutzak eta baliabideak konbinatzeko, aurkikuntza zientifikoaren mugak zabaltzeko. Finantzaketa hori EBren Horizon Europe izeneko ikerketa- eta berrikuntza-programaren parte da.
Hala, Europako Batzordeak 10 milioi euro finantzatu ditu, eta Erresuma Batuko, Hegoafrikako, Alemaniako eta Euskadiko lau aditu hartzen ditu barnean, Keniako, Tanzaniako eta Ugandako bazkideekin osatutako taldeetan. Unai Pascual ekonomialari ekologikoaz gain, Rob Marchantek, Yorkeko Unibertsitateko ekologia tropikaleko katedraduna; Laura Pereirak, Witwatersrandeko Unibertsitateko Aldaketa Globaleko Institutuko jasangarritasunaren eraldaketen eta etorkizunen katedraduna; eta Thomas Hicklerrek, Alemaniako Senckenberg Institutuko biogeografiako katedraduna, parte hartzen dute AFRI-CAN proiektuan
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia








