UMTS eta WiMax aurrez aurre
2004/11/01 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ahotsa, irudia eta interneterako abiadura handiko sarbidea, hori guztia eskaintzen du telefonia mugikorraren hirugarren belaunaldiak. Lehen belaunaldia analogikoa izan zen, ETCS eta TDMS estandarretan oinarritutakoa. Telefonia mugikorraren bigarren belaunaldia da gaur egun gehien hedatuta dagoena; GMSrekin hasi zen eta GPRSk osatu zuen. Hirugarren belaunaldiak telekomunikazioen iraultza ekarriko zuela iragarri zen eta hiru urteko atzerapenarekin eta zalantza asko argitu gabe iristen ari da. Universal Mobile Telecommunications System da estandarraren izena, laburduraz UMTS.
UMTS lizentzien salerosketak milioika euro mugiarazi ditu. Europan, guztira, 200.000 milioi euro inguru xahutu dituzte telefonia-enpresa handiek tokian tokiko lizentziak erosten. Funtsean, UMTS delakoa kalitate handiko haririk gabeko multimedia komunikazioak bideratzeko teknologia-multzo bat da. Telefonia mugikorraren hirugarren belaunaldiko estandar horrekin orain indarrean dauden sistemen arteko bateragarritasun-arazoak konpondu nahi dira. Horrekin batera, GSM sarearen asetze-arazoei aurre egin eta multimedia-telefonia gauzatu ahal izateko datuen transmisio-abiadura areagotu nahi da.
Telefono-konpainiek iragarri dutenez, datuen transmisioak 2 Mbps-ko abiadura har dezake UMTS sisteman, baina hasiera batean 384 Kbps-tik behera ibiliko da, eta benetako abiadura sarearen hedapenaren, erabilera-mailaren eta sarbide-zerbitzarien araberakoa izango da. Hori bai, etxeko ADSLak eskaintzen duena baino hobea izango omen da, alegia 256 Kbps-tik gorakoa, eta bigarren belaunaldiko GPRS sistema baino sei aldiz azkarragoa.
Abiadura hori kalitate oneko Internet-sarbide bat ematako nahikoa da, baita mugikorrari multimedia-ahalmen handia eskaintzeko gai ere: bideokonferentziak, bideoak jaisteko, jokoak eta abar.
Etengabe konektatuta
UMTS sistemaren ezaugarri berezietako bat da sarera etengabe konektatuta dagoela. Beraz, ordainketa ez da konexio-denboraren araberakoa izango, bideratutako datu-kantitatearen araberakoa baizik.
Lurreko sareak, haririk gabekoak eta satelite bidezko loturak erabiltzen ditu, eta mundu osoan funtziona dezan diseinatuta dago. Sare-aldaketak bat-batekoan eta etenik gabe egiten dira. Austria, Suedia, Danimarka, Erresuma Batua eta Italiak indarrean badute dagoeneko UMTS sistema. Alemanian eta Frantzian martxan jarri berri dira. Espainian Telefonica eta Vodafone-k jarri dituzte lehen zerbitzuak eta laster zabalduz joango dira. Dagoeneko 2.000 antena ezarri dituzte, eta hamar urteren buruan 20.000tik gora izango dira.
UMTS sistemak duen arazoetako bat eskuko telefonoen tamaina handia da. Lehen merkaturatzean aurkeztu direnek 100 eta 200 euro inguruko salneurria dute, eta sakelan eramateko handiegiak dira, berotu egiten dira eta bateria erraz agortzen zaie. Baina, bigarren belaunaldiko telefonoekin gertatu den bezala, berehala iritsiko omen dira txikiagoak, arinagoak eta iraupen luzeagokoak.
Gaur egun, munduan 1.000 milioi lagunek darabilte telefonia mugikorra. 2005eko hasieran dagoeneko 5 milioi UMTS sistemarekin ibiliko omen dira eta 2006rako 100 milioi izango direla aurreikusi du Siemens-ek.
Baina mugikorra, sakelakoa edo segapotoa telefono soila baino zerbait gehiago da. Argazki-kamera ere bada, eta testu hutsezko mezuak (SMS) edo multimedia-mezuak (MMS) bidaltzeko eta jasotzeko gai den tresna da. Dagoeneko tonuak, logoak eta pantailari diseinua aldatzeko irudien trukeak diru-iturri garrantzitsu bihurtu dira telefonia-enpresentzat. UMTS sistemarekin multimedia-ahalmen hori izugarri handituko da, eta edukiak sare bidez askoz azkarrago bidali eta jaso ahal izango dira. Argazki eta bideo-irudiak hartu eta munduko edozein bazterretara bat-batean bidaltzeko aukera izango da.
GSM ahotsezko komunikazioetarako pentsatuta zegoen, GPRSk datuen transmisiorako gaitasuna ekarri zuen (nahiko geldo egiten bazuen ere) eta, orain, UMTSk aukera horiek guztiak azkarrago eta aldi berean egiteko modua ekarri du. Streaming sistemaren bidez bideo eta audioak iritsi ahala ikusteko aukera eskaintzen du.
WiMax, haririk gabeko sareen belaunaldi berria
UMTS izan da telekomunikazio-enpresa handien erronka azken urteotan, eta horretan jardun dute buru-belarri. Baina, konturatu orduko, espero ez zuten lehia sortzen hasi zaie. Informatikaren mundutik iristen ari diren teknologia berriek kolokan jar dezakete telefonia-enpresek aurreikusten duten negozio biribila. Telefonia-enpresentzat, piztiaren zenbakia ere 6ko batekin bukatzen da: 802.16 da, eta WiMax du izena.
WiFi-k haririk gabeko sareak ezagutarazi baditu, WiMax izenarekin bataiatu dutenarekin konexio-eremu handiak erabat arrunt bihurtuko direla dirudi. WiMax teknologiak sortuko dituen Hot Spot-ak edo sarerako sarbide-puntuak handiak izango dira. 70 Mbps-ko transferentzia-abiadura izango dute muga. Baina, hori gutxi balitz, Hot Spot batek estali ahal izango duen lurraldearen tamainak ez du zerikusirik izango orain arteko WiFi-en bertsio aurreratuenek mugatzat zituzten 300-400 metroekin. WiMax-en bidez 50 kilometroko erradioan eskaini ahal izango da sarea, hiri handi xamar bat lasai asko estaltzeko adina.
802.16 da datuak haririk gabe transmititzeko protokolo berriaren zenbakia. Segundoko 70 megabiteko banda-zabalera handia da, gaur egungo WiFi teknologiak duena baino zazpi aldiz handiagoa. Baina WiMax-ek ez du WiFi bakarrik baztertuko. Telefonia mugikorraren hirugarren belaunaldiarentzat ere mehatxu handia da. Izan ere, UMTSak baino zerbitzu hobea eskaintzeaz gain, horrelako sare bat ezartzea askoz ere merkeagoa da.
WiMax-en atzean 67 enpresa boteretsu daude, tartean Intel, Nokia, Siemens eta Fujitsu. WiMax-ek WiFi-k ireki zuen bidean sakontzen du. Hau da, arautu gabe dagoen uhin-zabaleran jarduten du, eta, beraz, GSM edo UMTS telefonia mugikorren sistemek ez bezala, lege-baldintza samurragoak ditu. Gainera, instalazioa UMTSarena baino askoz merkeagoa da. WiMax oinarrizko sarbide bat instalatzeak 5.000 eta 25.000 euro inguruko salneurria izan dezake, eta, trukean, gaur egungo ADSL teknologiaren moduko 200 konexio eskain ditzake. Inbertsio txiki bat nahikoa izango da ahotsa eta banda-zabalera hiri oso bati eskaintzeko.
2005eko udazkena izan daiteke WiMax harrigarri hori eskuragarri izan orduko. Hori bai, produktuak saltzerakoan aurkeztu ohi diren datu horiek gehienera esan nahi dute. Hau da, tresna horiek baldintzarik onenetan duten muga erakusten dute. Gero, praktikan, emaitzak askoz murritzagoak izan ohi dira. Adibidez, WiMax sarbide bat hiri erdian jarriz gero, teorian 50 kilometrora iritsiko litzateke haren eragina, baina, praktikan, eraikinez inguratuta, seinalea motelduz doa eta ez da horren urrun iristen.
Bi edo hiru urte barru, ordenagailu eramangarriak eta PDAk WiMax sareetara konektatzeko prestatuta etorriko dira. Telefono mugikorrei ere eman nahi diete sare horietara lotzeko bidea, eta horretarako gai diren telefonoak garatzeko lanetan hasi dira dagoeneko Nokia eta Siemens enpresak.
Baina horiek iritsi bitartean, WiMax-sistemak, funtzionatzeko, antena jasotzaile txiki bat behar du. Merkaturatuko diren lehen sistemek funtziona dezaten, eraikinen kanpoaldean ezarri beharko da antena hori. Azken helburua antena instalatzen ibili beharrik gabe WiMax sarera sartzeko prestatuta egongo diren ordenagailuak plazaratzea da, gaur egungo WiFi txartela ordenagailuari entxufatzea bezain erraza izatea alegia.
Telefono-konpainiak ere erne
Segundoko 70 megabit transmititzeko eta 50 kilometroko erradioa estaltzeko gai den tresna izanik, zertarako kobrezko hariak? Gaur egun telekomunikazio-alorrean konpainien arteko lehia hausten duen ezaugarria da sarea etxebizitza bakoitzera eramateko duten gaitasuna. Espainian Telefonicak duen nagusitasuna horretan oinarritzen da, kobrezko hariak telefonogunetik herritar bakoitzaren sukalderaino sartuta baititu, eta horrek gaindiezineko abantaila eskaintzen dio merkatu-lehian. Horri aurre egin nahian, Euskaltel ahalegin handia egiten ari da bere hariak etxe guztietara eramaten. WiMax sistemak monopolio hori hauts dezake, eta orain arte enpresa erraldoien bazkaleku zena enpresa ertain eta txikientzat ere lehiarako espazio ireki bihur daiteke.
WiMax-en bidez informatikaren munduko moldeak telekomunikazioen joko-zelaian sartuko dira, eta horrek orain arteko joko-moduak aldaraz ditzake. Zenbait adituren ustez, WiMax-en hedapena mugatzeko trabak jarriko dituzte gobernuek tele komunikazio-enpresek bultzatuta. Bestalde, Internet nekazaritza-guneetan barreiatzeko aukera bikaina eskaintzen du WiMax-ek.
Azken batean, gizon-emakumeen artean komunikatzeko, hitz egiteko, idatzitakoak trukatzeko balio dute. Baina sortzen eta garatzen ari diren teknologia, tresna, sistema elektroniko, haridun eta haririk gabeko sare eta abarrekoen aurrean, helburua zein zen ahazteko arriskua izaten da batzuetan. Eta hori hasierako bera da orain ere: komunikazioa. Sonia eta Iñakiren artekoa, Olatz, Jose Juan eta Enrike-ren artekoa, gizon-emakumeon arteko komunikazioa. Hori zen helburua. Gogo hori asetzeko aukera edozein toki eta baldintzatan eskaintzeko azpiegitura jartzen eta gogoa beharrizan bihurtzen lagundu diguten enpresena... dirua irabaztea, noski.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia