Ummm, oraintxe bertan jango nuke...
2005/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arratoien dietan behar-beharrezkoak dituzten aminoazidoak falta badira, aminoazido horiek dituzten janariak bilatzen dituzte arratoiek. Harrigarria, ezta? AEBetako ikertzaile batzuei, behintzat, hala iruditu zitzaien, eta sakonean ikertu dute jokabide hori. Orain, ikusi dute gakoa gene batean dagoela.
Hogei aminoazido elkartuz egiten dira proteinak. Bai gizakietan bai arratoietan, zortzi izan ezik gainerako guztiak ekoizteko gai dira zelulak. Zortzi horiek, berriz, nahitaezkoak dira eta elikagaietatik hartu behar dituzte. Bada, dirudienez, arratoiek badakite zer jan aminoazido horiek faltan ez izateko.
Arratoien jokabidearen aztarnak legamian aurkitu zituzten ikertzaileek. Mantenugairen bat falta duenean, legamiaren gene bat aktibatu egiten dela frogatu zuten. Gero, proba egin zuten ea zer gertatzen zen arratoiei gene hori kentzen bazieten. Eta konturatu ziren arratoi transgenikoek ez zutela nabaritzen nahitaezko aminoazido bat falta zenik, aminoazidoa ez zuen janaria emanez gero. Ondorioz, arratoi horiek osasun-arazo larriak izateko aukera asko zituzten. Aldiz, arratoi arruntak, aminoazidoa falta zuen jakia jateari utzi, eta aminoazido hori emango zien beste janari baten bila abiatu ziren. Nolabait, bazekiten zer jan behar zuten osasuntsu egoteko.
Geneak GCN2 izena du, eta zientzialariek uste dute ikerketa lagungarria izango dela gizakiaren jateko ohiturak ulertzeko.